Goiener

"Gero eta argiago dugu energian burujabetza beharrezkoa dugula"

Anakoz Amenabar 2022ko ira. 9a, 08:00

Goienerreko langile Josu Pedruzo, Klaudia Lopez de Viñaspre eta Susana Cantero. / Mikel Buruaga

Nazioarteko krisiek eta prezioen igoerak baldintzatuta hasi du ikasturte berria Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatibak. Merkatuetatik gero eta independenteago izatea dute jomuga, eta bidean, besteak beste, pobrezia energetikoari aurre egiteko lana izango dute.

Hamar urte bete ditu burujabetza energetikoa eta energia berriztagarrien alde lan egiten duen Goiener kooperatibak. Energia merkaturatzen hasi zen, eta poliki-poliki energia sortzaile ere bada. Ezengonkortasuna nagusi den garaiotan, merkatuaren atzaparretatik ahalik eta gehien aldentzea du helburu, bertako langile Susana Canterok, Klaudia Lopez de Viñasprek eta Josu Pedruzok nabarmendu dutenez. Egitasmoa sendotzeko lanean, Araban beste pauso bat eman nahi dute, eta horretarako, besteak beste, laster izango dute prest bulego berria Gasteiz Etorbidean.

Hamar urte beteta, zein da Goienerren egoera?

Askotan esaten dugu Goienerren urte bat bost urteren parekoa dela, urte bakarrean gauza pila bat egin dugulako. Proiektua hazten joan da, eta gure mezua ere barneratzen ari dela uste dugu. Boluntarioen eskutik sortutako kooperatiba honen hasierako helburua energia sortzaile izatea zen, baina ezinezkoa izan zen araudiak oso zail jartzen zuelako, eta merkaturatzeari ekin zion. 2018an hasi zen sorkuntza proiektuekin, eta orain proiektu ugari ditugu martxan. Araban, esate baterako, Armentia ikastolarekin batera dugu, duela hiru bat urte Argi Hezte proiektuarekin batera hasitakoa, herrialdeka ikastola desberdinetan abian jarritakoa. Energia instalazioaren bitartez, ikastolaren autokontsumora bideratzen da zati bat eta kooperatibara beste bat.

"Herritarrek energiarekiko kontrola berreskuratzea" duzue helburu, webgunean jasota duzuenez. Nola egiten da hori?

Goienerren bezeroak baino, bazkideak ditugula diogu. Hori desberdintasun handia da ohiko merkaturatzaileekiko. Goienerren bazkidea izateak esan nahi du beraiek dutela hitza eta botoa batzarretan, eta hainbat erabaki har ditzaketela; irabazi asmorik gabeko kooperatiba garenez, kooperatibaren jardunarekin lortzen ditugun etekinak berriz honetan inbertitzeko dira, eta bazkideek erabaki dezakete zer proiektutan eta nola bideratu dezakegun. Eta ez bakarrik batzarretan, Goienerren parte hartzeko bide desberdinak daude, hori da kooperatibaren izaera. Parte hartzea da, besteak beste, energiaren gaineko kontrola berreskuratzeko modua.

Merkatuarekiko zenbateko menpekotasuna du kooperatibak?

Gustatuko litzaigukeena baino gehiago gaude merkatuaren menpe. Asmoa da pixkanaka sorkuntza proiektuekin betetzen joatea merkaturatzeak eskatzen digun energia eskaera hori. Orain, inoiz baino gehiago, hori da helburua. Gero eta argiago ikusten dugu energia burujabetza beharrezkoa dugula.

Zeintzuk dira bidean izan dituzuen trabak?

Merkatuak, denok dakigun bezala, trabak jartzen ditu; azken urtean ikusi dugu prezioen gorakadadarekin eta araudi aldaketekin. Horrek oso azkar egokitzera behartu gaitu. Eta, bestetik, halako energia komunitateak martxan jartzeak bere lana du atzetik, ezin da egun batetik bestera egin, baliabideak behar dira.

Aldiz, gero eta komunitate energetiko gehiago dago  azkenaldian. Denak dira baliagarri?

Asko daude, eta eredu askotarikoak. Gure ustez komunitateak izan behar du ardatza energia komunitatean, eta hortik hasi behar da prozesua. Komunitate horretan hausnarketa prozesu bat hasi behar da, elkarlan prozesu bat, eta uste dugu jendea ez dagoela oso ohituta benetan elkarrekin erabakiak hartzera, edo behintzat zailtasunak dituela horretarako. Egia da ez dela gai erraza energiarena, eta hori baliatu dute hainbat enpresa eta eragilek euren produktua saltzeko. Hori, gure ustez, ez da eredua. Askotan instalazio bat jarri dute, eta energia komunitate deitzen diote, bazkideek non eta nola egin erabaki gabe ere. Eta agian ez da behar duten proiektua; askotan, esate baterako, energia fotovoltaikoa entzuten dugu bakarrik, baina beste hainbat aukera daude, biomasa kasu. 

Eusko Jaurlaritzak lagundutako Ekiolari buruz zer iritzi duzue?

Ikusi dugu eredu hau nahiko itxia dela. Ekiolarekin instalazio fotovoltaiko handiak sustatzen dituzte batez ere, eta prozesu bertikal baten bitartez; lehenik, udala eta beste eragile batzuen artean sortzen dute kooperatiba eta gero herritarrei aukera ematen diete bazkide izateko eta proiektuan parte hartzeko. Gure ustez, komunitate energetikoaren mugimenduak beste balio batzuk izan beharko lituzke oinarrian: gardentasuna, parte-hartzailea izatea, jasangarritasuna eta herritarren ahalduntzea. Zein da Goienerren proposamena? Behetik gora doazen prozesuak martxan jartzen laguntzea. Bidelagunak izatea, eta komunitate bakoitzak dituen lehentasunak, ezaugarriak, helburuak aintzat hartzea. Elkarrekin egindako hausnarketa baten ondorioz gehien interesatzen zaien proiektua identifikatzen dutenean izango dute hori abian jartzeko aukera.

Bitartean, zentral nuklearren geldialdia luzatzea edo berriak jartzea aztertzen ari dira Alemania eta Frantzia...

Botereen oligopolio eta lobbyen lan oso handia dago hemen, oso oldarkorra. Ikusten duguna da baliabide publikoak daudela gutxi batzuen eskuetan, eta inoiz baino oldarkorrago daudela; beraien asmoa da, ahal den heinean, euren etekin propioa bilatzea eta baita baliabide berriztagarriak esplotatzea ere. Goienerrek baliabide berriztagarriak ikusten ditu etorkizuna hobetzeko tresna moduan, eta beste batzuek ikusten dute etekin ekonomiko bat ateratzeko aukera bezala. Nuklearra "berde" izendatzea eskandalua da, lotsagarria da hori berdetzat hartzea. Lobbyek botere handia dute, eta horren aurrean guri pedagogia behin eta berriz egitea dagokigu, eta alternatibak planteatzea. Ingurumen arazo bat dugula argi dago, eta haiek proposatzen dituzten irtenbideek arazo honetara ekarri gaituzten sistemara garamatzate.

"Komunitate energetikoek beste proiektu ezberdin asko piztu ditzakete"

Energiaren fakturetara etorrita, nolako aukerak eskaintzen ditu Goienerrek?

Merkatuan gertatu den sekulako prezio igoera horrek eragin digu, noski, oraindik ez baikara gustatuko litzaigukeen bezain independenteak, bide horretan gauden arren, eta une honetan gero eta argiago ikusten dugun arren gure proiektuak daukan garrantzia. Tamalez guri ere tokatu zaigu prezioak igotzea. Baliabide guztiak jartzen ari gara, batetik, prezioa jaitsi ahal denean prezioak jaitsi ahal izateko, eta, bestetik, jaitsi ezin direnean jendeari zergatia azaltzeko, eta etorkizunerako ditugun planak kontatzeko. Izan ere, oraingoak eragin handia dauka, baina gure proiektua epe ertain-luzekoa da, eta etorkizunean merkatutik independenteagoak baldin bagara, horrek noski ekarriko du ere prezio bidezkoagoak ezarri ahal izatea. Momentuz baliabide mugatuak ditugu, baina, noski, gure kezka nagusia da; azken batean, energia denontzako ezinbestekoa den zerbait da, eta eskuragarri egon behar da. 

Azkenaldian agintari eta eragile desberdinetatik heltzen diren mezu ezkorrek bultzatuta, herritarren artean kezka areagotu dela nabari duzue?

Bai, nabaritu dugu. Jendea kezkatuta dago albisteekin, eta Goiener ez da errealitate horretatik libratu. Nabari dugu informazio behar handia dagoela, heltzen zaien informazioa ez dela askotan osoa edo kalitatezkoa, eta uste dut erreferente gisa ikusten gaituztela horretan. Saiatzen gara informazioa ahalik eta modu argienean eta gardenenean helarazten, orain horren beharra delako. Eta baita alternatibak bilatzeko beharra; halako gertaerak daudenean nabaritzen da jendearen kezka eta haserrea, eta gauzak egiteko beste modu bat eskatzen dute.

Aholkularitza garrantzitsua izango da garai hauetan.

Azken aldian bereziki oso galduta dago jendea, oso desorientatuta. Nahasita eta haserre daude, eta gure lanaren parte oso garrantzitsua da jendeari modu errazenean azaltzea zer gertatzen ari den merkatuan, zelan ulertu beraien faktura, egokitu ditzaketen beraien fakturaren ezaugarriak kontsumo arduratsuago bat egiteko... Informazio behar hori eta kezka hori oso nabaria da azken aldian. Lan horretarako, hemendik aurrera webgunean eta telegram talde batzuetan baliagarri izan daitekeen tresna bat aurkeztu dugu, energiaren prezioa eta gasaren mekanismoaren ajustearen prezioa batuta; bazkide guztiek jakin ahal izango dute eguneko eta hurrengo eguneko ordukako prezioak zeintzuk diren, euren prebisioak egin ahal izateko. Aholkularitza ematerako garaian, baina, ez gara ari fakturaren inguruan bakarrik, etxebizitzen efizientzia energetikoari buruzko laguntza ere eskaintzen dugu, autokontsumoa nola kudeatu, zer laguntza dauden... Saiatzen gara gure bazkideek ahalik eta gutxien ordain dezaten kontsumitzen dutenagatik, baina ingurumenean beraien kontsumoak duen eragina ere murriztu nahi dugu.

Aurrera begira, zeintzuk dira Goienerren erronkak?

Sorkuntzan gero eta independenteagoak izatea da erronka nagusia. Eta beste bat pobrezia energetikoari aurre egitea izango da; uste dugu zeresan handia izango dugula esparru horretan hurrengo hilabeteetan, baliabideak baditugulako, ezagutza dugulako, eta, noski, kezka ere badugulako. Nola lagundu horri aurre egiten? Ziurrenik gure etorkizuneko lanetako bat izango da. Gasteizen, adibidez, udalaren programa baten bitartez jardunaldi batzuk egin dira energia berriztagarrien komunitateekin, eta azken fasea falta zaigu, energia berriztagarrien benetako komunitateak martxan jartzea. Arabak potentzial handia dauka; badaude baliabideak, jendearen kezka eta interesa badago, eta lurralde egokia da horretarako. Gure ustez, gainera, komunitate energetikoek beste proiektu ezberdin asko piztu ditzakete; jendea erdigunean jartzeak beste gauza asko ekar ditzake. Eta irabazi gabeko kooperatiba izanda, hori da gure interesa, halako gauzak gertatzea eta eredu izatea.

"Pobrezia energetikoari aurre egitea izango da hurrengo erronka nagusietako bat"

Lan hori guztia euskaraz?

Euskara ardatza da Goienerren. Arreta eskaintzerako orduan, balio erantsi bat da gainera, jendeak asko baloratzen du. Euskara batzorde bat dugu kooperatiban, eta etengabeko lanketa eta kezka dago horren inguruan. Sorkuntza proiektuak ere euskaraz egiten ditugu, ohikoena ez bada ere; dokumentuak euskaraz sortzen dira, eta gero gaztelera itzuli.   

Araban beste pauso bat ematea erabaki duzue?

Bulego berria prest izango da hilabete amaieran, Gasteiz Etorbidean, eta horrekin beste bultzada bat eman nahi diogu. Asmoa ez da bazkideei arreta eskaintzea bakarrik, espazioa hau bazkideen topaleku izatea nahi dugu, eta ekintza desberdinak egiteko aproposa izan daiteke.

Merkatuaren gorabeherak ikusita, nolako hilabeteak aurreikusten dituzue?

Kristalezko bola bat beharko genuke hori aurreikusteko, ezegonkortasun handia dagoelako. Faktore askoren araberakoa izango da, eta zaila da aurreikuspena egitea, are gehiago, gure merkatuetako lankideek diote ezinezkoa dela ezer baieztatzea. Guk, halere, adi jarraituko diogu merkatuari hilabetez hilabete, eta horrek malgutasuna eskatuko du gure aldetik ere, etengabeko egokitzapenak egin behar izatea. Kooperatibaren egonkotasuna eta bazkideen ongizatearen arteko oreka bilatzea izango da helburua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago