Ez dute aukera galdu: iraileko lehen jai-zubian Landetara joateko azken prestakizunekin ari direnean mintzatu dira ALEArekin Erik Torrico eta Sheila Novoa bidaiari gasteiztarrak. Hiru urte baino ez dituen alabari oporren amaieraz gozatzeko aukera eman nahi diote, igerilekuetako txirristaz beteta dauden kanpin horietako batean. Oraingoan ere furgonetan egin dute bidaia, noski. "Furgonetan bidaiatzeak abantaila asko ditu. Askatasuna ematen dizu nahi izatekotan azken momentuan helmuga aldatzeko, edo, zauden lekuan gustura ez bazaude, nahi duzun tokira mugitzeko", nabarmendu du Torricok. "Baina egia da hau ez dela guztiontzako. Batez ere neguan zailagoa izan daiteke furgonetaren barruan moldatzea", onartu du.
Torricok 2011n egin zuen lehen bidaia handia, eta bertan hasi zen ere oraindik esku artean duen beste mota bateko abentura: Tierras Insólitas bloga (tierrasinsolitas.com). "Garai horretan internet ez zegoen oso zabalduta telefono mugikorretan, eta, beraz, zailagoa zen senideekin eta lagunekin kontaktua mantentzea. Horregatik, bidaian bertan, blog bat idazteari ekin nion, gertukoei kontatzeko zer egiten ari nintzen". Hegazkinez Moskura joan zen, eta Errusia eta Mongolia zeharkatuz, Pekineraino joan zen. Berarentzat, bidaia garrantzitsua izan zen, ordura arte Frantzian baino ez zelako egon. Errusiako gizartea gertuagokoa izan arren, gogoan du Mongoliarekin eta Txinarekin izandako talka kulturala. Handik aurrera, bidaiekiko zaletasuna piztu zitzaion, bai eta bidaia horiek idatziz jasotzeko ohitura ere.
Estilo berria
Hasierako bidaia horren kontakizuna "antzinako bitakoren antzekoa" bazen ere, denborarekin blogaren edukiek bestelako itxura hartu zuten. Testu arinagoak eta praktiakogoak idazten hasi zen. "Hori are garrantzitsuagoa da gertuagoko bidaietan: oro har, jendeak ez ditu testu luzeak irakurri nahi, informazio praktikoa ematen duten testu laburrak baizik". Torricok irizpide bat du horretarako: berak bidaia bat prestatzeko jaso nahiko lukeen informazioa ematen saiatzen da testuetan. Denborarekin, gainera, bisitak gora ari zirela konturatu zen, eta hor jabetu zen, bere buruarentzat baino, besteentzat idazten ari zela. Idazteko modua ere aldatuz joan zen: SEO teknikak erabilita, bilatzailean erraz aurkitzeko moduko testuak idazten ditu orain, posizionamendua hobetzeko. Dioenez, "jendeari ez ezik, Googleri ere gustatu behar zaio zure testua; bera da hemen agintzen duena".
Jakina da bizitzak beti ezustekoak ematen dituela; onerako, ala txarrerako. Kasu honetan, onerako izan zen. 2016an Torricok eta Novoak elkar ezagutu zuten, eta sortu berri zen harreman horri proba bat jarri zioten: Senegalera bidaia egitea. "Argi genuen bueltatuko ginela. Ez genekiena zen norbera bere aldetik ala biak elkarrekin egingo ote genuen", gogora ekarri du Novoak. Ez zen erronka makala. Ordura arte Lanzarotera egindakoa zen egina zuen bidaiarik luzeena, eta argi dago Lanzarote eta Senegal artean badagoela tartea, bai. "Hasiera batean lagun batekin egin behar nuen bidaia hori", azaldu du Torricok. Alabaina, lan kontuak zirela eta, lagun horrek huts egin zuen, eta Novoa animatu zen bidaia hori egitera. Motxila erostera joan behar izan zen, motxila ere ez zuelako.
"Jendeak ez ditu testu luzeak nahi, informazioa ematen duten testu laburrak baizik". ERIK TORRICO
Ez zen bidaia erraza izan motxilero moduan egiteko: hotel askorik ez zegoen, eta, gainera, ingelesa beharrean, frantsesa da bertan gehien erabiltzen den hizkuntza. Halere, biak batera bueltatu ziren. Handik urte batzuetara ere, motxilero gisa, Sri Lankara joan ziren, eztei bidaia gisa. "Gure bidaia estiloa horrela bazen, pentsatu genuen ea zergatik bidaia hori desberdina izan behar ote zen", azaldu du Novoak. Filosofia horri helduta, hegazkina eta lehen gaua hartuta baino ez ziren bertara joan, eta oso modu bitxian ibili ziren herrialdean zehar: alokatutako tuk tuk batean. Hiru gurpildun ibilgailu hori herrialdean gehien erabiltzen den garraio mota da, baina normalean turistak gidari batekin doaz. Beraiek haien kabuz egin zuten, srilankar askoren artean harridura sortuz. Motel-motel, eta zenbaitetan bertako trafiko biziarekin gaizki pasatuta ere, moldatu ziren tuk tukean. "Horren inguruan ere artikulu bat dugu blogean, noski!".
Muga mentalak
Novoak dio bidaiatzeak muga mental asko apurtzeko aukera ematen duela. Marokoren adibidea jarri du. Hasiera batean gustuko izango ez zuela uste bazuen ere, behin bertan egonda ikaragarri gustatu zitzaion. Leku turistikoetan jende andana egonda ere, bertako jendearen aldetik oso harrera ona izan zutela nabarmendu du. Egunen batean helmuga errepikatzeko asmoa dute, baina, oraingoan, furgonetarekin.
Gogokoenen artean, India da Torricok nabarmentzen duen bidaietako bat. Halere, ohartarazi du ez dela jende guztiarentzako herrialdea, batez ere motxilero gisa egin nahi izanez gero. Gomendatu du hara joan baino lehen aurretik gutxienez Asiako herrialde pare bat bisitatzea, aldaketa kulturala hain handia suerta ez dadin.
Ez da zertan hain urrun joan behar, eta blogean zehar nabigatzen duenak argi du helmuga asko daudela aukeran. "Blogean bereziki Arabari arreta berezia eman nahi izan diogu. Norbaitek Arabari buruzko zerbait bilatuz gero, blogera iristea nahi genuen. Araba asko maite dugu, eta zoragarria da, baina, tamalez, kanpoko jende askok ez du apenas ezagutzen".
Gurean egin daitezkeen bisiten artean aukeratzeko eskatzen zaienean, erantzuna zaila dela diote. Historiari eta kulturari lotutako interesa ase egin nahi izanez gero, Sorginaren Txabola (Elvillar) aukeratu dute. "Alboan gaua eman ahal duzu furgonetan, eta oso leku berezia da", azaldu du Novoak. "Hori bai, nahiz eta furgonetan joan, egun horretan ezin duzu furgonetan jan. Arren! Bertan egotekotan, Guardiara joan beharra dago, ondo jatera". Naturari lotutakoen artean, Gorbeiaren alde egin dute. "Sarriako parketxean gaua eman daiteke, eta baita Muruako harrobietan ere", gogora ekarri dute.
Ardura
Zentzu honetan, nabaria da aparkatzeko lekuak beti direla haientzako erreferentzia garrantzitsua. Horren inguruko informazioa edukitzea premiazkoa da. Teknologiak asko erraztu du jarduna. Gomendatu dute Park4night izeneko aplikazioa: bertan zehaztuta daude autokarabanak aparkatzeko leku ofizialak, kanpinak eta parkinak, bai eta horien inguruan erabiltzaileek uzten dituzten erreferentziak ere. Halakoetan, noski, sen ona erabiltzea funtsezkoa da. "Leku batera iristen bazara baina bertan inor ez badago, edo ikusten baduzu jendeak gaua etorri baino lehen alde egiten duela... agian unea da beste leku batera mugitzeko", esan du Novoak. Sen ona ere ingurua zaintzeari aplikatu behar zaiola diote. Izan ere, legeak argi uzten du zenbait lekutan ez dagoela aparkatzerik, baina badago jendea hori errespetatzen ez duena. "Ni bereziki sutu egiten naiz ikusten dudanean baten bat kexuka sare sozialetan nonbaitetik bota dutelako, esanez udalerri horretara ez dela itzuliko", kexu mintzo da Torrico. "Kosten legeak dio ezin dela gaua eman hondartzan, eta hori udalerriaren edozein arauditik gorago dago". Bidaiariaren esanetan, badago jendea ezagutza ezagatik egiten duena, baina badira ere legeari muzin egiten diotenak, eta hori furgonetan eta autokarabanetan ibiltzen den kolektibo osoaren kaltetan doa. "Gainera, halako portaeren ondorioz gero debeku berriak etorriko dira". Horregatik, bi bidaiariek uste dute nolabaiteko ikastaro txiki bat eman beharko litzaiokeela autokarabana edo egokitutako furgoneta bat gidatu nahi duen orori, drone bat hegan egin ahal izateko ikastaro txiki bat jaso behar den modu berdinean.
"Sorginaren Txabolaren alboan gaua eman daiteke; oso leku berezia da". SHEILA NOVOA
Ez da baliabide faltagatik izango. Kasurako, beren blogean bertan baliabide andana dituzte kanperizazioari buruz, furgonetak etxe txiki bihurtu ahal izateko. Dioenez, eduki horiek erreferentzia bat bilakatu dira gazteleraz horri buruzko informazioa bilatzen dutenentzat. "Niretzako informazioa biltzen hasi nintzen, baina, pixkanaka, gida oso bat idatzi nuen", nabarmendu du Torricok. Bi urte inguru eman zituen informazio hori guztia bildu eta modu ulergarri batean irakurleen esku jartzeko.
Daukaten denboraren arabera erabakitzen dute furgonetan edo beste garraioren batean bidaiatu. Ez da beti erabaki erraza. Adibidez, Erresuma Batua furgonetaz egiteko ametsa dute aspalditik, batez ere Eskozia ikusteko. Baina jakin badakite horretarako hilabete oso bat izan beharko dutela eskura. Dolomitetara egindako azken bidaian, adibidez, hamabost egun erabili dituzte. "Bestela, joan eta etorria kontuan izanda, ez duzu denbora izango patxadaz egiteko", ohartarazi du Torricok.
Furgonetan ondo kabitzen badira ere, denborarekin bidaide berriak batu zaizkie abenturan. Kenya txakurra izan zen aitzindaria, eta ondoren Lana txakurra ere batu zaie. Biak ala biak, lau hanketako bidaiari petoak dira. Eta, antza, azken fitxaketa ere ederto moldatzen da gurpil gainean: Emma, orain hiru urte dituen alaba. "Emma jaio zenean, batzuek esaten ziguten bidaiatzeari utziko geniola, baina argi dago ez dela horrela izan", argitu du Torricok. "Harekin konpartitu nahi dugu denbora, berdin non gauden". Hortaz, Emmak laster ikasiko du ezohiko lurraldeak urratzea zer den.