JOSE ANGEL SUAREZ

"Gakoa ez dago trukoan, magoaren nortasunean baizik"

Juanma Gallego 2022ko ira. 3a, 06:00

Jose Angel Suarez, Magialdiko arduraduna. ALEA

34. ediziora iritsi den Magialdia nazioarteko erreferentzia bihurtu da ilusionismoaren munduan. Lagun talde baten proiektu txikia zena hazten ikusi du Suarezek. Dioenez, magiaren atzean dauden amarruak edozeinen esku daude gaur egun, baina ohartarazi du truko bat egite soilarekin ez dagoela magia abiatzerik. 

Magiaren mundura nahiko berandu iritsi zela dio, baina, antza, ilusionismoari gustua hartu zion Jose Angel Suarez (Gasteiz, 1959) Magialdiko zuzendariak. "Arren, zuzendaria beharrean, jarri Magialdiko antolatzailea", eskatu du. Zuzendariak "banketxeetakoak direla" argudiatu du zenbaki honetako protagonistak.

Ados ba, Magialdiko arduradun jauna. Nola iritsi zinen magiaren mundura?

Ni gazte nintzen garaian ez zegoen magia askorik. Telebistan gutxi zegoen, eta ez zegoen ez ikuskizun askorik ezta jaialdirik ere. Nire kasuan, lagun batekin batera hasi ginen trukoak ikasten, gaurdaino. 1983an hasi ginen. Orain, jendea gazteagoa denean hasi ohi da ikasten, informazio asko dagoelako. Oroitzen naiz liburutegian magia liburu bakar bat baino ez zegoela. Orain, Ignacio Aldekoa liburutegian 60 bat liburu egongo dira, eta, nahi duenak, hor du hasteko liburu sorta eder bat. Arabako Ilusionisten Elkarteko gure lokalean ere liburu sorta polita dago. Hor bilduta dago XX. mendera arteko magiaren ezagutza gehiena. Ai, hasi nintzenean halakorik eskura izan banu! Dena dela, inoiz ez nuen pentsatuko hau nire ogibidea bihurtuko zenik, inondik inora. Ondo pasatzeko zaletasuna baino ez zen. Baina, badakizu, bizitza gurpil baten modukoa da: gero eta jende gehiagorekin egon, orduan eta gehiago hazten zara mago gisa, bai eta pertsona gisa ere.

Nola oroitzen dituzu Magialdiaren hastapenak?

Tira, hasieran lagun arteko kontua izan zen, halako jaialdi handi bat antolatzeko asmorik gabe. 1989an esango bazenit Magialdia gaur egun dena izango zela, erotzat hartuko zintuzket. Zaila zen pentsatzea zer bilakaera izango zuen, baina, atzera begira, iruditzen zait faktore asko egon zirela: gauzak egiteko moduaz gain, gizartea bera, kultura, artea, komunikazioa... horrek guztiek asko lagundu dute jaialdia gorpuzten. Diodanez, lagun talde baten bilkura baino ez zen. Udalera jo genuen proposamen batekin, eta 250.000 pezeta eman zizkiguten gauzak antolatzeko. Pentsa, 1.500 euro inguru! Gauzak horrela, lagun batzuekin egin genuen jaialdia; doan edo gastuak ordaintzearen truke etorri ziren. Bada, hurrengo urtean bigarrena antolatu genuen, eta gero beste bat... 1992an hasi ginen Ameriketako Estatu Batuetatik eta Europako zenbait herrialdetatik jendea ekartzen. 1996an Espainia mailan urtero egiten zen kongresua egiteko hautagaitzarik ez zegoen, eta guk proposatu genuen Gasteizen egitea, baina, ekaina edo uztailean egin beharrean, irailean. Antolatu genuen, eta —nik esatea gaizki egon daitekeen arren—, askok diote Espainiako historian egon den magia kongresu nazional hoberena izan zela. Rene Lavand argentinarra edo Tina Lenert estatubatuarra lehen aldiz etorri ziren. 400 bat batzarkide egon ziren, gainera. Hortik aurrera, jauzi kualitatiboa eman genuen, ikusten genuelako arrakasta horren ondoren ezin genuela maila jaitsi. Horretarako, noski, instituzioen babesa ezinbestekoa izan zen.

"Youtubek kalte asko egin du, jendea trukoak errepikatzera mugatzen ari delako"

Pozik zaudete babes horrekin?

Bai, asko. Izan ere, hazkunderako oinarria ez da soilik izan kalitate artistikoa, erakundeen babesa baizik. Adibidez, lortu dugu Jaurlaritzarentzat Magialdia izatea erreferentea Euskadin. Gainera, jakin badakit noizbait edozein proiektu mahai gainean jarriz gero, jasoko genuela instituzioen babesa. Zentzu horretan, ezin gaitezke kexatu: nahi dugun jaialdia egiteko aukera dugu. 

MagialdiAraba dago orain martxan. Nola hasi zen?

Hazten hasi ginenean, pentsatu genuen polita izango zela lurralde osora eramatea. Saiatu ginen, baina, 1997an Diputazioak ez zuen babestu. Baina duela zortzi bat urte inguru aldaketa bat izan zen Kultura departamenduan, eta proiektua babestu zuten. Bost herritan hasi ginen, eta orain hamazazpitan gaude. 31 herritatik jaso dugu eskaera, baina, tamalez, ezin gara guztietara iritsi. 

Mago asko zarete inguruetan. Zergatik?

Ez pentsa horrenbeste garenik. Espainia mailan 3.000 edo 4.000 izango dira agian. Baina indar asko du zaletasunak. Kasurako, mundu mailako azken kongresuetan Espainia da beti gehien gailendu dena. Mundu mailako erreferentzialtasun hori Juan Tamariz bezalako magoei esker izan da. Eskola kartomagikoaren sortzaileetako bat da, mundu mailako erreferentea. Lehen AEBetan erreferente asko zeuden, baina, egia esanda, Las Vegasera joaten zarenean, konturatzen zara baliabide asko dituzten arren erreferentzialtasuna galdu dutela. Baina, adibidez, Tamarizek jardunaldi kartomagikoak antolatzen ditu Escorialen [Madril]. Duela lau hamarkada hasi zen. Kongresu antzeko bat da, baina gonbidatu behar zaituzte. Hiru egunez biltzen gara bertan mundu osoko 40 edo 50 bat lagun.

Magoen Bilderberg taldea zarete, aizu!

Gutxi gorabehera kar kar! Berez, ikasketa jardunaldiak dira, eta urte bakoitzean datorren urterako gaiak proposatzen dira. Jende guztiak bere ezagutza partekatzen du, eta hori da, hein handi batean, Espainiako magiak horrenbesteko arrakasta lortu izanaren arrazoietako bat: ezagutza partekatzea. Beste zenbait herrialdetan taldeak itxiagoak dira, eta, ondorioz, ez dute hain ondo funtzionatzen. 

Lehia beharrean... elkarlana. Egongo dira ba hortik kanpo geratzen direnak, ezta? 

Ez daude asko. Berarentzat ezagutza gordetzen duena arazo bilakatzen da, eta bakarrik geratzen da. Ez du eboluzionatzen. Baina ez pentsa hau soilik magiaren kontua denik. Gauzak partekatu behar dira: adibidez, zientziaren munduan ere ezagutza partekatu behar da, edo musikan... Agian magian agerikoagoa da hau. Horretan datza, hain zuzen, magoen eskuzabaltasunak. Kasurako, Tamarizek berak partekatzen du bere ezagutza guztia edonorekin. 

Ikerketa eta Garapenerako tartea geratzen al da magian, ala dena asmatuta dago dagoeneko? 

Beti dago aukera gauza berriak egiteko, abiapuntua sormenean dagoelako, eta sormenak ez du mugarik. Kontuan izan behar duzu magia ez dela zerbait teknikoa, arte bat baizik. Zerbait eszenikoa da. Adibidez, badago [Laurent Piron izeneko] belgikar bat sari bat irabazi berri duena Quebecen. Duela hiru urte aurkeztu zuen Gasteizen ikuskizunaren hasierako bertsioa. Lehen itxuran, oso gauza sinplea da agertokian egiten duena, baina inoiz ikusi ez diren gauzak dira. 

Hortaz, ez da zertan Askatasunaren estatua desagerrarazi behar?

Ez. Hori, gainera, beste kontu bat da: berariaz telebistarako egindako magia da. Belgikarrak egin duena izan da sormena abiatzea, oso lan talde indartsuarekin. Frantzian jaio den korronte berri baten barruan abiatu dira: magia berria deitzen diote. Saiatzen dira arte eszeniko desberdinak nahasten magiaren barruan. Eboluzioa dago bertan, eta kreatibitatea. Arte desberdinak elkartzen dituen ikuskizuna da.

Nolakoa da ba telebistarako magia hori?

Telebistarako magia izateak ez du esan nahi kamera trukoak daudenik. Baina Askatasunaren estatua desagerraraztea edo Txinako Harresi Handia zeharkatzea bestelako magia bat da. Telebistaren abantaila da milioika ikusle egon arren magoa soilik batentzako ari dela magia egiten: kamerarako. Baina funtzionatzeko beste modu bat da. Oroitzen naiz David Copperfield aurrenekoz Espainiara etorri zenean izugarrizko agertokia prestatu zuela, trailer pila batean ekarritako materialekin. Baina, gero, agertokian, denbora gehienean steadicam motako kamera bati begira hizketan egon zen ikuskizunaren zati handi batean. Agertoki bat telebista plato bihurtu zuen. Antzerki magia desberdina da. Distantzia garrantzitsua da, eta horregatik gertuko magia askoz indartsuagoa da.

"Berdin dio nolakoa zaren; kontua da emanaldian zure nortasuna agerraraztea"

Garrantzitsua izango da magoaren trebezia, ezta?

Bai, baina kontua ez da eskua ikusmena baino azkarragoa izatea. Magia ez du magoak egiten; aitzitik, zure garunean gertatzen den zerbait da. Bada hautemate edo pertzepzio kontu bat. Zinema bezalakoa. Liburu oso interesgarriak idatzi dira horren haritik, ikertzen ari delako nola garuna engainatzeko gai den magia. Jordi Cami Pompeu Fabra Unibertsitateko neurozientzialariak El cerebro ilusionista liburua idatzi du. Pertzepzioaren inguruko hitzaldia eman zuen iaz, eta aurten denboraren funtzionamenduari buruzko beste hitzaldi bat emango du. Halako hitzaldietan jartzen dituzten adibideekin magia beste modu batean ulertzen da. Ikuskizuna da, bai, baina ulertu behar da magiak nola engainatzen duen. Magoa oso trebea delako? Partez, bai; baina zientzia ere dago atzean; garunaren pertzepzioa, hain justu. Halako hitzaldiek, gainera, ohiko magia jaialdi huts batetik aldentzeko aukera ematen digute.

Zer nabarmenduko zenuke egitarautik? Nola konbentzituko nauzu bertaratzeko?

Tira, munduko magia jaialdietako onenetakoa dela aintzat hartu behar da. Japoniatik edo AEBetatetik dator jendea! Gasteizek duen abantaila da astean zehar denetariko emanaldiak ikusi ahal dituzula. Horietatik gehienak, gainera, doakoak. Programan guk asko bereizten ditugu umeentzako magia eta helduentzakoa, eta ikuskizunetan ez ditugu nahasten. Izan ere, umeek eta nagusiek ez dute magiaren kontzepzio berdina. Superman filma estreinatu zutenean, baziren leihotik beren burua bota zuten umeak, haientzako normala zelako kapa bat jantzi eta hegan egin ahal izatea. Modu berdinean, mago batek zerbait agerraraziz edo desagerraraziz gero, ume txikiei ez zaie gatazka intelektuala sortzen. Magoa da, noski! Nagusien artean, berriz, gatazka hori sortzen da. Bestetik, eta adibide bat jartzearren, aurten ere izango dugu iluntasunean bizitzeko magia, berez itsuentzako prestatutako ikuskizun batean. Beti saiatzen gara gauza berriak sartzen. Mago profesional batek behin esan zidan ikusia zuela kartela, eta ez zuela inor ezagutzen. Horregatik arrakasta bat izango zela esan zidan. 

Atentzioa eman didate magia ibilbideek. Zer dira? 

Ideia da magia ikuskizunak kalera eramatea, baina ahalik eta modurik puruenean. Magoarengandik oso hurbil, lotura zuzenean, gehienez 25-30 lagunentzako emanaldietan. Avignonen [Frantzia] egiten duten magia jaialdian hartu nuen ideia. Oso giro bikaina dago bertan. Iristen zarenean, programa hartu eta ikusten duzu 80 bat antzerki areto daudela. Horrenbeste izatea ezinezkoa da, noski. Kontua da lokal asko egokitzen dituztela antzerkirako. Gure kasuan, Kordoi etxea, Bibat, katedrala, Montehermoso, Arte Ederrak eta Farolen museoa hartu ditugu. 

Arabako Ilusionisten Elkarteko kidea zara ere. Nola dago elkartea?

Funtsean, lagun talde bat gara, magia gustuko dugun 11 lagun. Inguruan ere jende gehiago biltzen bada ere. Osasuntsu dago elkartea, baina egia da ere jende gutxi gaudela elkartearen inguruan.  

Harrobirik ba al dago?

Bai, beti dago, baina denak ez daude elkarteari lotuta. Oro har, oraingo arazoa da mago gehiegi daudela. Youtubek kalte asko egin du, finean, jendeak bertan erakutsitako trukoak baino ez dituelako errepikatzen. Gainera, bideo baten bitartez irakasten dizun hori ez da zertan mago ona izan behar. Duela gutxi Madrilen antzerki batera eraman zuten TikToken milioika jarraitzaile dituen mago gazte bat, eta hor ikusi nuen, bideo laburretan egiten zuen berdina oholtza gainean egiten! Youtube eta horrelakoak teknologia miresgarriak dira, baina bai magian eta bai beste zenbait arlotan ere, ez baduzu iragazten, ez dago ezer egiterik. Benetan magia ikasi nahi dutenek liburuetara jo behar dute, eta, ahal bada, magia ezagutzen duen norbaiten laguntza izan. Izan ere, liburu batean tarte asko dago interpretaziorako, eta bertan kontatzen dutena zure estilora egokituko duzu. Nolabait deitzearren, magiaren gaineko ezagutza filosofikoagoa ez dutenek uste dute nahikoa dela sekretua ezagutzea. Hori faltsua da. Sekretua ezagutzeak ez du zertan bermatzen magia sortuko duzunik. Arreta eta memoria zuzendu, ikuslearen pertzepzioa bideratu... halakoak landu behar dira.

Pixka bat 'argentinarra' izan behar zara? Berritsua?

Ez halabeharrez. Berdin dio nolakoa zaren, kontua da emanaldian zure nortasuna agerraraztea: horren arabera sortuko da magia. Horrek sortzen ditu mago handiak. Tamariz bera horrelakoa da bizitzan; Rene Lavand ere horrelakoa zen, bere jenio txarra eta guzti. Edo Anthony Blake... agertokian haien nortasuna islatzea baino ez dute egiten, pixka bat puztuta ere. Beste arteetan ere gertatzen da hau.

Honezkero, ba al dago harritzen zaituen zerbait?

Beti daude harritzen zaituzten gauzak, baina, denborarekin, gero eta kritikoagoa bihurtzen zara. Gero eta gauza gehiago ikusi, orduan eta zailagoa da gauza onak aurkitzea. Jende askori baliokoak zaizkion gauza asko niretzat jada ez dira hain baliokoak, kalitate nahikoa ez dutelako. Hain kritiko izatearen abantaila da horrela jaialdiaren kalitatea bermatuta geratzen dela. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago