Espainiako Espetxe Erakundeek euskal preso gehiagoren Euskal Herriratzea iragarri dute gaur, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Zehazki, ETArekin lotutako delituengatik espetxeratutako hamabi preso lekualdatuko dituzte, Leon, Palentzia, El Dueso, Burgos eta Logroñoko espetxeetatik, Zaballa (Araba), Basauri (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzeletara.
Iragarritako hamabi izenen artean lau preso arabarrenak daude: Mansilla de las Mulasetik (Leon) Diego Ugarte ekarriko dute (espetxean 2005etik); Soriatik, Zigor Bravo (espetxean 2006tik); Burgosetik, Aitor Gartzia Bombero (espetxean 2001etik); eta Logroñotik, Alicia Saez de la Cuesta (espetxean 2001etik).
Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak baliatuz, preso bakoitzaren helmuga erabakiko du, baina litekeena da preso bakoitza bere herrialdeko espetxera eramatea. Hortaz, ziurrenik lau preso arabarrak Zaballako kartzelara lekualdatuko dituzte, baina Eusko Jaurlaritzarena izango da azken hitza.
Iragarpena uztailaren 21ean egindako beste hamaika presoren lekualdaketaren ondoren iritsi da. Beraz, urruntze politikari amaiera emateko prozesuak erritmoa hartu du berriz ere, Etxerat Elkarteak eta Sare Herritarrak prozesua bizkortzeko egindako eskaeraren ostean. Horrela, lekualdatze hauen ostean, 60 euskal preso baino gutxiago izango dira Euskal Herritik kanpo.