Markus Howard izango da Baskoniaren joko antolatzaile berria

Erredakzioa 2022ko uztailaren 17a

Daulton Hommes fitxaketa berriarekin batera, taldeko bi atzerritarrak izango dira datorren denboraldian.

Talde handien artean mugimenduak nagusi diren bitartean, Zurbaoko bulegoetan erritmo apalagoan ari dira datorren denboraldiko jokalari multzoa egituratzen.

Momentuz, Peñarroya entrenatzailearen ostean, bi jokalariren fitxaketa bakarrik iragarri du Baskoniak. Lehena, Daulton Hommes hegal-pibota izan eta, azken orduetako zurrumurruak baieztatuz, taldeak Markus Howard joko antolatzaile txikiarekin kontratua sinatu berri duela adierazi du.

Estatubatuarra saskiratzaile petoa da. Garaieraz baxua bada ere (1,78m), bere joko biziari esker barneraketak egitea du gustoko eta zenbait adituk Shane Larkin antolatzailearen estiloa ekarri dute gogora.

Azken bi denboraldiak NBAko Denver Nuggets taldean eman ditu eta lehen esperientzia izango du Europan. Joko estilora egokitzeko denbora beharko du antolatzaile berriak, baina Baldwinek taldean utzi ostean, talde gasteiztarraren erasoko jokoa bere gidaritzapean gauzatu beharko du taldeak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago