Gizarte mailan lurraldeak azken urteetan bizi izan dituen "murrizketei" aurre egitera dator Descaraba behatokia, Arabako gizartearen eskubideen urraketak aztertuko dituen plataforma. Besteak beste, Juan Ibarrondo idazleak, Felix Iriarte kazetariak, Gladys Giraldo ekintzaile feministak, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohiak edo Miren Ortubai juristak bat egin dute ekinaldiarekin. "Elkarte irekia, plurala eta beste eragileekin sarea osatzeko akuilu izan nahi duena", behatokiko kide Josu Oskozek (Gasteiz, 1970) adierazi bezala. Behatokiaren aurkezpenean, lantaldeak egindako lehen lana ere plazaratu dute: Eskubide sozialak, lehen mailako eskubideak liburua, giza eskubideen arloko adituen eskutik.
Giza eskubideen aldeko lanean, zer ekarpen egingo du Descaraba behatokiak?
Gure helburua da egiten dugun lanak eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak ardatz izatea (EESK/ DESCA), pandemia egoerak eta egoera globalak eskubide horietan duten eragina kontuan izanda betiere. Izan ere, kezkaz ikusten dugu lurraldeko gero eta pertsona gehiagok pairatzen dituztela eskubide urraketa horiek: hezkuntza, gizarte babesa, etxebizitza, bizi-maila egokia...
Duela urtebete hasi zineten elkartzen. Zergatik erabaki duzue behatokia orain aurkeztea?
Saiatu gara, eta saiatzen ari gara, erakunde anitz bat eraikitzen, egunero pertsona ahulenekin lan egiten duten erakundeen ekarpenez elikatzen dena: pertsona migratuak, pobrezia eta bazterketa egoeran daudenak, zaintzaren arloko langileak...
Erakunde horiek dira, hain zuzen ere, ekonomia, gizartea, kultura eta ingurumen arloko eskubideen urraketa egoerak zuzenean ezagutzen dituztenak. Partekatutako eraikuntza prozesua izan da, oraindik ere irekita dagoena eta gero eta pertsona eta erakunde gehiagorengana iritsi nahi duena.
Okerrera egin du azken urteetan giza eskubideen egoerak?
Gure gizartearen zati handi batentzat egoera ez da onargarria, zalantzarik gabe. Giza eskubideen ikuspegitik, botere publikoen arreta, hain zuzen ere, pertsona eta kolektibo ahulenetan edo bazterkeria egoeran daudenetan oinarritu behar da. Tokiko agintariak, beren eskumenen esparruan, betebeharrak dituzte; Estatuak giza eskubideen arloan dituen nazioarteko betebeharren ondorioz dagozkien betebeharrak bete egin behar dituzte. Hala, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera, administrazioek giza eskubideak "errespetatu, babestu eta bete behar dituzte, diskriminaziorik gabe, eta horretarako behar diren baliabideak eman behar dituzte". Giza eskubide guztiek baliabideak behar dituzte horiek bete daitezen; eta horiek errespetatu, babestu eta bermatzeko, administrazio publikoek behar adina baliabide publiko lortu behar dituzte. Are gehiago, baiezta dezakegu "baliabiderik gabe ez dagoela eskubiderik".
Zein da kezka nagusia? Zein izango da behatokiaren lehentasuna?
Beste ekintza batzuen artean, lehenetsi nahi ditugu gure lurraldeko gizarte eskubideen hainbat alderdi eta eremuri buruzko txosten tematikoak; Arabako lurralde historikoan eskubide horiek betetzeari, errespetatzeari, babesteari eta bermatzeari buruzko aldizkako edo ezohiko txostenak egingo ditugu. Era berean, aholkularitza, monitorizazioa, prestakuntza, ikerketa ere landuko dugu; erakundeen, elkarteen, gizarte-eragileen eta enpresen aurrean eragin nahi dugu, batez ere eskubide hauei dagokienez, eremu eta alor desberdinetan. Eta, gainera, administrazio publikoei aholkularitza eta eskaerak egin politika publikoetan giza eskubideen ikuspegia txertatzeari dagokionean. Azken alderdi hori funtsezkoa da, politika publikoek garrantzi handia baitute eskubide horiek bermatzeko tresna gisa.
Idealizatuta dugu egungo Gasteiz eta Arabako bizimodua?
Hiri atsegina ezagutzen dugu, zalantzarik gabe, beti baloratu izan den bizi-kalitate eta babes maila duena. Hala ere, gero eta pertsona gehiago geratzen ari dira erdiguneko bide horretatik kanpo; ekonomia, gizartea, kultura eta ingurumen eskubideak baliatzeko bide nagusi horretatik at. Hor eragin nahi dugu, eta hor eskatu behar dugu administrazio publikoek, giza eskubideen ikuspegitik, neurri zehatzak hartzea: parte-hartzea, gardentasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza oinarri dituzten neurriak har ditzatela, bereziki krisi-egoerek arrisku handiena dutenei edo neurriz kanpo eragiten dietenei begira. Tokiko agintariek arreta berezia jarri behar dute egoera ahulenean dauden pertsonen eta taldeen (desgaitasuna duten pertsonak, gutxiengo etnikoak, sexu-diskriminazioaren biktimak, haurrak, adineko pertsonak, emakumeak eta neskatoak, salerosketaren biktimak, migratzaileak...) giza eskubideen sustapenean eta babesean, eta haien giza eskubideen lorpena politika sozial, ekonomiko eta laboralen helburu esplizitu gisa kokatu behar dute.
Caritas Euskadik urte hasieran emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 32.000 lagunek eskatu zuten laguntza iaz; 2020an baino %17,5 gehiagok.
Datu horrek berretsi egiten du aipatzen ari garena, alegia, gero eta pertsona gehiago bizi direla hiri idealizatu horretatik kanpo, gero eta pertsona gehiagok dituztela zailtasunak aipatu eskubide horiek baliatzeko, eta administrazioek erantzukizun argiak dituztela eskubide horiek betetzeko.
Zenbat eragile elkartu zarete? Edozeinek parte har dezake?
Elkarte anitza eraiki nahi dugu, behetik eraikia, egunero kolektibo ahulenekin lan egiten duten pertsonen eta erakundeen parte-hartzeari irekia: pobrezia egoeran dauden pertsonak, migratutako pertsonak, etxebizitza eskuratzeko aukerarik ez dutenak edo bizi-maila egokia dutenak... Behatokia irekita dago giza eskubideen defentsarekin konprometitutako lankidetza eta iritzi guztietara, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta bertatik sortutako nazioarteko tresnetan islatuta dauden moduan, eta helburu horiek lortzen lagun dezaketen entitate eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan arituko da.
Beste behatokiren baten erreferentzia duzue Arabakoa martxan jartzeko?
Estatu mailan, Katalunian oso erreferente garrantzitsua dago. Observatori DESC izenekoa giza eskubideen defentsarako zentroa da, eta eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoen pertzepzio debaluatua desmuntatzeko ahaleginak egiten ari da; izan ere, eskubide zibil, politiko edota ondare-eskubideak bezalako funtsezko eskubideen aldean hala antzematen dira. Araban Descarabarekin egin nahi dugun bezala, Observatori DESC behatokiak eragin politikoa eta salaketa, ikerketa, aholkularitza, prestakuntza eta bestelakoak uztartzen ditu.
"Maizegi ez da baliabide falta bakarrik; horiek sortu eta mugitzea falta da"
'Eskubide sozialak, lehen mailako eskubideak' liburua izan da betahokiaren lehenengo lana.
Hain zuzen ere, liburuan Desca eskubideen inguruan antolatzen ditugun jardunaldietako ponentziak jasotzen dira, pertsona guztientzako bizi-maila egokia bermatzeko duten garrantziari buruzkoak. Atalez atal, besteak beste, Iñaki Lasagabasterrek, Juan Hernandez Zubizarretak, Amancay Villalbak, Irene Escorihuelak, Christian Curtisek edota Jose Angel Cuerdak parte hartu dute.
Plataformaren aurkezpena egin zenutenetik, ekainaren 22an, jaso duzue urraketaren baten inguruko kexarik edo ekarpenik?
Behatoki gisa argitaratuko dugun lehen txostena prestatzen ari gara, eta, horretarako, lanean ari gara eta harremanetan gaude lurraldeko hainbat erakunderekin.
Zein izango da behatokiarentzat hurrengo erronka? Udazken "beroa" aurreikus daiteke hainbat sektoretan...
Itxura guztien arabera, garai zailak datoz. Ildo horretan, behatokitik eztabaida eta eragin-ekintza giza eskubideen ikuspegitik kokatu nahi dugu, eta azpimarratu behar dugu 171 estatuk osatzen duten Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak, 11. artikuluan, pertsona orok, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe, "beretzat eta bere familiarentzat bizitza-maila egokia izateko duen eskubidea aurreikusten duela, elikadura, jantziak eta etxebizitza barne", eta eskubide hori ziurtatzeko neurri egokiak hartu behar direla. Eta maizegi ez da baliabide falta kontu bat bakarrik, batzuetan beste gauza batek ez du funtzionatzen; baliabideak sortu eta mugitu behar dira, esleitu eta ebaluatu behar dira, pertsona guztien eskubideak babestuko dituzten politika eraginkor, garden eta birbanatzaileeak ezarri daitezen, eta askotan hori da egiten ez dena, horrek ez du funtzionatzen. Egoera horretan agertzen da behatokiarentzako erronka garrantzitsu bat, politikan eragiteko gaitasuna duela erakusteko momentua.