'Oporklik! 2022': argia betikotzeko abagunea iritsi da

Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 17:15
'Egia ezkutuak' bilduma, iaz irabazle izan zen lanetako bat. ESTIBALIZ AGUIRRE

Irailaren 18ra arte aurkeztu ahalko dira 'Oporklik!' udako argazki-hizki lehiaketarako hautagaitzak. Udan egindako bidaien edo esperientzien kontaketa egitean datza lehiaketa, irudi eta testuen bidez. 

ALEAk eta Gauekoak aisialdi-programak Oporklik! 2022 argazki lehiaketa antolatu dute. Arabarra den edo Araban bizi, lan edota ikasten duen 16-30 urteko gazteei irekita dago, eta  hilaren 18tik irailaren 18ra arte aurkeztu ahalko dira lanak.  Udan zehar egindako bidaien edo esperientzien kontaketa irudi eta hitzen bidez egingo dute parte-hartzaileek. 

Parte hartzeko bi aukera egongo dira. Batetik, argazki bakarra eta euskarazko izenburua izango dituzten lanak aurkeztu ahalko dira ALEAren webgunean, eta boto herrikoiak erabakiko ditu onenak. Nahiago izanez gero, bost argazki eta azalpen testua ere badago bidaltzerik; irudi sorta eta testuak antolatzaileen webguneetan egongo den formulariora igo beharko dira. Kasu honetan, epaimahaia bi argazkilarik, Gauekoak aisialdi programako kide batek eta ALEA komunikazio taldeko kide batek osatuko dute. 

Aukeraketa egiterakoan, argazkien originaltasuna, kalitate artistikoa eta teknikoa, gaiarekiko lotura zein bidaiari buruzko azalpena aintzat hartuko dira. Epaia irailaren 28an jakinaraziko da. Bi sari emango dira parte hartze mota bakoitzeko; besteak beste, Garaiko landetxean eta Durangoko Azokan gastatzeko 150 euro edo Parral tabernan bazkari bat izango dira. Saritutako lanekin udazkenean argazki erakusketa egingo da. Informazio gehiago nahi duenak esteka honetara  jo dezake, edota info.gauekoak@gmail.com posta elektronikora. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide