Bigarren greba asteari ekin diote Aernnova-Burulaneko langileek

Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 14:30

Bigarren greba astea hasi dute gaur, jarraipen zabalarekin. / Argazkia: ELA

Grebak %90eko jarraipena lortu eta ekoizpena geldiarazi du Burulan enpresan. 2021eko abenduan amaitutako hitzarmena langileen erosahalmena berreskuratuz berritzea exijitu du enpresa batzordeak.

Ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean astebeteko greba egin ostean, Burulan enpresako langileek aste osoko beste lanuzte bat hasi dute gaur. Arabako Teknologia Parkean (Miñao) kokatutako fabrika honek mekanizazioan lan egiten du Aernnova taldearen barruan, eta 110 beharginek osatutako plantillaren "jarraipen zabala" (%90) nabarmendu dute sindikatuek; gainera, lanuzteak ekoizpena geldiarazi du berriz ere.

Goizean elkarretaratzea egin dute fabrikaren parean, eta enpresa batzordeak "intrantsigentziaren eta elkarrizketa ezaren estrategia" aldatu behar duela ohartarazi dio zuzendaritzari. Astean zehar mobilizazio gehiago egingo dituzte: asteartean, 12:00etan Miñaon eta 13:00etan SEAren aurrean; asteazkenean, Miñao eta Kontzejuko plantetan; ostegunean, 12:00etan Miñaon eta 13:00etan Andre Maria Zuriaren plazan; ostiralean, 12:00etan Miñaon eta 13:00etan Eusko Jaurlaritzan.

Enpresa hitzarmena 2021eko abenduaren 31n amaitu zen, eta hura berritzeko negoziazioak martxan daude. Negoziazioetan, enpresa batzordeak —ELAko sei ordezkari eta USOko beste hiru— eskatu du langileen erosahalmena berreskuratzea, pandemian zehar ezarritako ABLEEn ondorioz kaltetu baita. "Enpresa, ordea, ez dago prest bat datozen soldata igoerak egiteko, ezta lan eskubideetan inolako aurrerapenik egiteko ere", salatu du ELAk.

Langileen ordezkariek enpresaren irabazien araberako planteamendua egin dute, aberastasuna banatzeko, soldata duina bermatzeko, lanbide sailkapen justua izateko, lanaldia murrizteko, txanda kontratua egiteko eta enpresaren barruan beste hainbat alderdi hobetzeko. "Horren aurrean, enpresak ez du ezer eman nahi izan, eta, beraz, langileek astebeteko greba hasi dute, oraingoz egoera horri nahikoa dela esateko eta sortzen den aberastasuna enpresaren eta sektorearen errealitatearekiko modu egokiagoan banatzea eskatzeko", aldarrikatu du ELAk.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago