Gaurtik hasita, astebeteko grebara deituta daude Burulan enpresako 110 langileak, eta lehen greba egunean ekoizpena gelditzea lortu dute. Arabako Teknologia Parkean (Miñao) kokatutako fabrika honek mekanizazioan lan egiten du, Aernnova taldearen barruan.
Enpresa hitzarmena 2021eko abenduaren 31n amaitu zen, eta hura berritzeko negoziazioak martxan daude. Negoziazioetan, enpresa batzordeak —ELAko sei ordezkari eta USOko beste hiru— eskatu du langileen erosahalmena berreskuratzea, pandemian zehar ezarritako ABLEEn ondorioz kaltetu baita. "Enpresa, ordea, ez dago prest bat datozen soldata igoerak egiteko, ezta lan eskubideetan inolako aurrerapenik egiteko ere", salatu du ELAk.
Langileen ordezkariek enpresaren irabazien araberako planteamendua egin du, aberastasuna banatzeko, soldata duina bermatzeko, lanbide sailkapen justua izateko, lanaldia murrizteko, txanda kontratua egiteko eta enpresaren barruan beste hainbat alderdi hobetzeko. "Horren aurrean, enpresak ez du ezer eman nahi izan, eta, beraz, langileek astebeteko greba hasi dute, oraingoz egoera horri nahikoa dela esateko eta sortzen den aberastasuna enpresaren eta sektorearen errealitatearekiko modu egokiagoan banatzea eskatzeko", aldarrikatu du ELAk.
Azkenik, Arabako Metalaren sektorearen hitzarmen kolektiboa berritzea eskatu dute, eta ostegun honetarako, ekainaren 30erako, deituta dagoen greba sektorialarekin bat egingo du enpresa batzordeak. Mercedeseko enpresa batzordeak ere bat egin du deialdiarekin, eta, beraz, mobilizazio jendetsuak espero dira.