Forniqueer karta-sortaren proiektuarekiko lotura ukatu du Fournierrek

Erredakzioa 2022ko uzt. 4a, 11:56
Forniqueer karta-sorta transfeminista. / ALEA

Bi gaztek sortu duten eta Udalaren Berdintasun Zerbitzuak babestu duen Forniqueer karta-sorta transfeminista arbuiatu dute hainbat kolektibo abolizionistak. Heraclio Fournier enpresak komunikatu bat plazaratu du proiektuarekin "inolako loturarik ez" duela esateko.

Joan den astean Arabako ALEA aldizkariko orrialdeetara ekarri genuen Elsa Ullmann eta Garazi Beramendi gazte gasteiztarrek sortu berri duten egitasmoa: Forniqueer, betiko karta-sortari hordagoa.

Karta-sorta tradizionala hankaz gora jarrita, eta hainbat kolektiboren ekarpenari esker, askotariko objektu eta pertsonaiak asmatu dituzte, karta-sorta transfeminista bat martxan jartzeko: ohiko ezpata, urre, kopa eta bastoia alde batera utzi, eta kondoia, usta, hileko-kopa edo artaziak erabili dituzte, baita LGTB kolektiboko pertsonaiak, Talka espazio feministari keinua eta ezkutuan gordetako beste hainbat mezu ere.

Hala ere, proiektuak polemika piztu du, eta hainbat kolektibo abolizionistaren kritikak jaso ditu: "Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak diru publikoarekin lagundu du karta-sorta hau, besteak beste, emakume baten gorputz mutatua erakusten duena. Naipes Fournierrek ez zuen proiektu honetan parte hartu nahi izan", idatzi du igande honetan Araba Abolizionista elkarteak, bere sare sozialetan.

Enpresak berak komunikatu bat plazaratu du astelehen honetan, "egun hauetan jasotako galdera eta iruzkinen" harira. Enpresa Forniqueer karta-sortaren proiektutik "erabat kanpo" dagoela eta inoiz ez duela parte hartu azaldu du Fournierrek.

"Karta-sorta honen merkaturatzearen berri izan genuenean, gure eskaera bakarra Forniqueerrek erabilitako logoa aldatzea izan zen, baimenik gabe gure marka erregistratua erabiltzen zuenez kontsumitzailea karten jatorriaz nahastu zezakeelako. Horri dagokionez, karta-sorta horren arduradunek eskatutako aldaketa egin zuten, eta logo hori zuen karta kenduko zutela adierazi ziguten, tipografiak eta izenak gure markari egiten baitzioten erreferentzia. Proiektua ez zuten kontsultatu gure enpresarekin, ez garapenari dagokionez, ezta diseinuari eta fabrikazioari dagokienez ere", azaldu du Fournierrek.

Erlazionatuak

Betiko karta-sortari hordagoa

Anakoz Amenabar 2022 uzt 01 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide