Landa eremuan kalitatezko osasun arreta bermatzea eskatu dio Zuiak Osakidetzari

Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 18:30
Zuiako osasun zentroa. / ALEA

Zuiako Udalak ohartarazi du Murgiako kontsultategia "minimoen azpitik" dagoela, eta herritar guztien arreta duina bermatzea eskatu dio Osakidetzari. Bestalde, aste honetan dozenaka herritar mobilizatu dira Agurainen, herrietako osasun zentroetan murrizketarik ez egitea eskatzeko.

Zuiako Udalak ohartarazi du aste honetako ostegunean eta ostiralean Murgiako kontsultategia —Zuia iparraldeko lehen mailako laguntza unitateko burua— "minimoen azpitik" izan dela: bertako bi medikuak ez dira kontsultategian egon, eta beste kontsultategi batzuetako medikuak doaz zentrora, baina soilik larrialdiak betetzeko.

Horren aurrean, bere kezka agertu du Udalak, Osakidetzaren lehen mailako arretari dagokionez landa eremuan bizitzen ari den egoerarekin. "Urteak dira zentroko profesionalen hutsunerik ez dela ordezkatzen; horren ondorioz, paziente kronikoak zaintzeko eta haien jarraipena egiteko ohiko jarduera asko eten egiten dira denbora luzez, ezinezkoa baita herritarren larrialdiei eta gainerako premiei eraginkortasunez erantzutea", azaldu du tokiko erakundeak.

Zuiako herritarren ordezkari den heinean, Udalak "ezinbestekotzat" jo du herritarrak dagoeneko ezagutzen dituzten eta zentroari arreta eman ohi dioten pertsonek arreta eman ahal izatea: "Dagoeneko ikusi denez, herritarren osasuna nabarmen hobetzen da; baina, horretarako, beharrezkoa da egonkortasuna eta langileak zainduko dituzten langile politikak", aldarrikatu du Zuiako Udalak. "Uste dugu landa eremuko Arabak ere kalitatezko osasun arreta merezi duela, eta Osakidetzari eskatzen diogu berma dezala gure udalerriko herritar guztien arreta duina".

Mobilizazioak Lautadan

Bestalde, Arabako Lautadako lehen mailako arretaren polemikak jarraitzen du, apirilean hainbat alkateek murrizketak salatu ostean. Aguraingo Osasun Zentroko profesionalen kopurua murriztu du Osakidetzak, eta, bertako gabeziak kubritzeko, Araiako anbulatorioan ere arreta murriztu behar izan dute, eskualde osoko lehen mailako arreta egoera makalean utziz.

Asteazken honetan, dozenaka herritar mobilizatu ziren Aguraingo osasun zentroaren aurrean, Herrietako osasun zentroetan murrizketarik ez! lelopean.

Lehen mailako arretako murrizketen aurkako mobilizazioa, Agurainen. / ALEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide