Patxi Bisquert

Otaño, Bisquerten zoria

Ruben Sanchez 2022ko eka. 27a, 08:35

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzako azken urteak jasoko ditu pelikulak. / Ruben Sanchez

Pello Mari Otaño (1857-1910) bertsolariaren memoria gorde eta zabaltzeko lanean ari da Patxi Bisquert 'Ombuaren itzala' pelikularekin; Gasteizen aurkeztu du auzolanean finantzatuko den filma.

Hiru auzolan egin dira Euskal Herrian Pello Mari Otañorentzat. Lehena, 1894an Victoriano Iraolak bultzaturik,  Zerbait bere bertso bilduma argitaratzeko. Bigarrena, Union Artesana elkartearen esku, Argentinara azken bidaia egin zezan bere familiarekin. Patxi Bisquert ari da bultzatzen hirugarrena, Otañoren azken hogei urteak kontatuko dizkigun filma errodatzeko – pellomariotañoauzolana.eus–.

Zoria

"Bizitzan dena etorri zait istripuz". Zoria. Halako zoriz suertatu zitzaion Bisquerti Otañoren jaioterrian jaiotzea bera ere: Zizurkilen, 1952an. Ama ezkongabea zuen, hondarribitarra, eta orduan ezkongabeko amak Fraisorora joaten ziren umatzera. Bertan, umeak 5 urtera arte egoten ziren, eta inork adoptatu ezean, senideek hartzen zituzten. Amatxirekin Hondarribiko baserrian bizitzen egon zen 12 urte arte. Bertan, belarretan ari zirela edo ospakizunetan osaba pare bat bertsotan aritzen ziren, eta eztarria berotzeko Otañoren bertsoak –Mutil koxkor bat, Txepetxa...– kantatzen zituzten.

12 urterekin Eibarrera eraman zuten, ama ezkondua zen eta anaia bat zuen. 13 urte zituela hasi zen lanean pintxe moduan, eta 17 urterekin Eibarko Talleres Sallarekin batera Gasteiza etorri zen: Herrandarreko pisu batean lo, jatorduak Desamparadasetan.

Ondoren, Pol lagunaren etxean apopilo egon zen, eta orduko Gasteizen hasi zen militantzian. La Paz kaleko espetxea ezagutu zuen 1972an, EGI-Batasunako kide zela, eta ondoren Basauri, Carabanchel eta Segoviakoa ETAko kide bezala. Segoviako ihes ospetsuan hartu zuen parte; lehenik barrutik –tunela zulatzen– eta gero kanpotik – planoak atera eta bestaldera pasaz–, ihesa izan baino pixka bat lehenago atera baitzen kalera. Min bat geratu zitzaion: ihesaren bultzatzailea ETA(pm) zen, baina erorketa asko gertatuak ziren orduan, eta ondorioz, barruko agindua zuen ETA(pm)-k ezin bazion logistikaz ihesari behar bezala heldu, ETA(m)-ri laguntzeko eskatzea. Polimiliek konbentzitu zuten, arduratuko zirela: "Hanka-sartze ederra izan zuten".

Espetxea bi aldiz zori ekarle. Izan ere, Bisquert barruan zela, Torrealdairen liburu batean irakurri zuen Otañoren erreferentzia bat, eta konturatu zen biak herri berean jaio zirela eta txikitan entzuten zituen kopla eta bertso haiek Otañorenak zirela. Harrez gero, maiz suertatu zaio Otañoren itzala bidean, baina itzal-egilea identifikaturik. Bestalde, espetxeak zinema mundua ekarri zion: lehen interpretazio lana, La fuga de Segovia izan zuen.

Angel Amigok ihesaren inguruko liburua osatu zuen, eta Egin egunkariak atalka eta argazkiekin zabaldu zuen. Imanol Uribek Bisquerten elkarrizketa eta argazkia ikustean esan zuen "bilatu egidazue tipo hau". Tailerrean lanean zegoen Bisquert, inola ere espero ez zuela aktore izaterik. Geroztik zinema, tailerra eta bestelako lanak (oilo eta untxi haztegi bat, eraikuntza, liburu saltzaile, film ekoizle...) tartekatu ditu.

"Multinazionalenak dira egun geratzen diren pantailak, eta haiei ez die axola gure zinemak"

Galizian hainbat urtez bizi izan zen, lehen bikotekidearekin alaba eta semea izan zituzten, eta bigarren bikotekidearekin alaba bat. Alaba hau amama-aitita argentinarrei aurkezteko Argentinara joan zenean, ohartu zen Bisquert Otaño biziago zegoela Argentinako diasporan Euskal Herrian baino. Horrek eman zion azken bulkada ideia gauzatzen hasteko.

Euskal zineman inoiz baino talentu gehiago ikusten du eta inoiz baino proiekzio eskasena: filmak ekoiztu ekoizten dira, baina gure zinema gero eta gutxiago ikusten da. Handia jarri du adibide: "10 Goya irabazita, EHko 50 pantailatan ikusi da film hori, estatuan  150.000 ikusle izan du guztira. Oreina, 40 pantailatan eman da eta 25.000 ikusle izan ditu. Lehen ostiralerako ez baduzu lortu ikusle kopuru on bat, kendu egiten zaituzte. Lehen gauzak ez ziren horrela, hemengo zinema gehiago babeste zen. Tasio filma adibidez, ikazkin baten istorioa, zuzendaria eta aktoreak ezezagunak, berez ez du ematen erakargarria, lehen ostiralean kenduko zuten gaur egun, baina orduan utzi egin zuten eta film hori aho belarri zabaldu zen eta azkenean urte hartako film ikusiena izan zen. Segoviako ihesa 150 pantailatan egon zen Hego Euskal Herrian. Gaur egun multinazionalenak dira geratzen diren zinema pantaila gehienak eta plataformak, eta haiei ez die axola gure zinemak".

Horregatik ere egin dute auzolanaren bidea proiektu berrian: 100 eskola publiko, 100 ikastola eta 100 udalerritan ikusiko da gutxienez: 300 pantaila, ez bakarrik hiri eta eskualde-buruetan.

Pello Mari Otaño

Beste ikuspegi batetik ere ikusten du Bisquertek Otañoren itzala zabaltzeko beharra: "Otaño rara avis bat izan zen: Errekalde baserrian jaio zen 1857an. Aitaren aldeko senideengandik bertsolaritza eta amarenetik tradizio liberala eta kultura idatzia jaso zituen". Filmak haren bizitzaren azken urteak jasotzen ditu, XIX-XX. artean kokatzen da: "Susperraldi urteak izan ziren Euskal Herrian, foruen galeraren ondoren abertzaletasuna eta sozialismoa etorri ziren eta Otaño izan zen figura gako bat". Bisquerten ustez, hurrengo susperraldi sasoia 1950-1960 hamarkadetan etorri zen: "Ez Dok Hamairu, kooperatibak, Debako eskola, ikastolak, gau eskolak, ETA... hor Oteiza izan zen figura gakoa. Gaur egun, Euskal Herria geldirik eta atzeraka ari da: askatasunak, euskara, politikarien jarrerak... eta susperraldi bat behar da. Txirrita karlistak Otaño lagun liberalari esan zion gisan: ideia berriak behar ditugu, eta ideia berriak bide berriak jorratu ahala etorriko dira". Eta gogoan du Amalur filma ere auzolanean egin zela.

Pello Mari Otaño pertsonaia eta bere eboluzio politikoa azaltzea eredugarri deritzo: "Gainera belaunaldi berriek ez dute ezagutzen Euskal Herriko garai hura. Otañok bere biraketa politikoa urte gutxian gauzatu zuen, hamabi urtean. Abertzaletasunera aranatarren bidetik heldu zen, baina berehala utzi zuen atzean sabinismo hori, eta haratago joan zen. "Kubako anaiei" 1896an idatzi zien bertso sorta, kasu, artean liberal espainiar sustrai hartatik, manbisei kantatu zien inoiz ez zutela menderatuko lehoi espainiarra, baina handik gutxira manbisek lehoi espainiarra jan zuten. Otaño harritu egin zen horrekin, eta ideiak aldatzen hasi zitzaizkion. 1910ean hil aurretixe, Argentinako independiatziaren ehungarren urteurrenerako egun batzuk falta zirela, zorion mezua idatzi zuen: maiatzeko eguzkiak libra ditzala Euskal Herria eta gatibu dauden guztiak. Hor independentista, errepublikazalea eta internazionalista ageri da Otaño. Guk ez dugu artifiziorik egingo, bere bertsoak erabiliko ditugu Otañoren bidea azaltzeko. Esaterako: Guraiziekin berezi arren, bakoitza bere aldetik, ezagutzen da jantzi dirala zazpiak oial batetik edota Elkarren urbil daude zazpiak, muga deitzen da "pausoa" zergatik izan bear ez degu famili bakar osoa. Otaño beti izan da sortzaile madarikatua, beti bi suren artean, karlistentzat liberala, liberalentzat apalegia eta euskaldunegia. Bakarrik bertso mundutik aipatu izan dute. Oso poliedrikoa da eta ematen du aukera gai asko jorratzeko, beti ere euskara ardatz hartuta, izan ere, horretan aitzindaria izan zen: lehen euskaltegia jarri zuen martxan Argentinan diasporako seme-alabentzat, berak sortu behar izan zuen metodologia, gramatika, adizkiak; opera euskaraz idatzi zuen... Autodidakta izan zen, baina buru azkarrekoa".

"Pello Mari Otaño beti izan da sortzaile madarikatua, beti bi suren artean"

Auzolana

Bi euroan erosi zuen Ibiza batean jira eta bira, dagoeneko 60-70 aurkezpen egin ditu Bisquertek. Helburua 30.000 sarrera saltzea da: EHko populazioaren %1. Sarrera bakoitza 10 euro da, eta pertsona bakoitza ekoizle bilakatzen da. Beste bide bat ere badago, kultur mezenasgoa fiskalitate kenkarien bidez: "Jende arruntak ez du ezagutzen, bakarrik enpresa handientzako gestoriek eta darabilte, baina kenkarietan eliza katolikoa eta helburu sozialez gain, bada hirugarren aukera bat kultur proiektuak babesteko". EAEko instituzioen erantzunaren zain dago Kultur Mezenasgoa onartu diezaioten (Nafarroakoen baiezkoa badu). Argentinara ere zabaldu dute auzolanean parte hartzea, han errodatu behar dutenez, hango egonaldiari loturik batez ere, euskal etxeak arduratuko dira loez eta jatorduez, Argentinarako eskubideak gordetzearen truke.

Guztira, 750.000 euroko aurrekontua dute, halako film bat egiteko kopuru txikia, ekipoak eta soldatak murriztuko dituena. Joseba Salegi eta Patxi Bisquert zuzendaritzan (Joseba Macias izatekoa zen, baina zendu zen), gidoia Bisquertek berak –Koldo Izagirreren testu batean oinarritua– egin du, Mugarik gabeko musikari solidarioek soinu banda, Txomin Txueka, Eva Alfonso... Aktoreen izenik oraindik ez digu eman.

Herri, eskola, norbanako: Ombuaren itzala zabaldu nahi duzu?

Patxi Bisquert, Gasteizen egindako aurkezpenean. / Ruben Sanchez

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago