Aldarriz beterik dator aurten Argantzon ikastolako komunitatea: "Trebiñu Araba da, Trebiñu euskara da. Euskara dakargu. Zazpigarren alabaren zortzigarren alaba gara gu". Argantzon ikastolak jasoko du igande honetako Araba Euskaraz jaiaren bultzada. Baina ez dator bakarrik. Arabako ikastolok elkarrekin antolatu dugu 2022ko Araba Euskaraz. Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egin dugu, Argantzon ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, TrebñÒu baitugu zortzigarren alaba.
Eta horrela jarraituko dugu ikastolok aurrerantzean ere, ilusioz, elkarlanean aurrera egiten, datozkigun erronkei baikortasunetik begiratuz, eta urratsez urrats gustatuko litzaigukeen Euskal Hezkuntza Sistema eraikiz.
Hezkuntza eraldatzen jarraitu nahi dugu, ikaslea erdigunean jarrita pertsona euskaldun konprometituak gizarteratzen lagunduz. Pandemiarekin, bi urte hauetan galdu ditugun espazioak berreskuratu eta euskara, gure hizkuntza eta kultura biziberritzea gure lehentasunetako bat da. Ikastolak ez ginen sortu euskarak irauteko; euskararen egoera iraultzeko jaio ginen, euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko. Horretan dihardugu eta horretan jarraituko dugu.
Horretarako abiatu dugu Bihar prozesua, Ikastolen VII. Batzarrarekin bukatuko dena. Pandemiaren parentesia itxi eta indartsu abiatu dugu gainera! Ikastola guztiok konprometituta gaude prozesu honetan, denok ari gara parte hartzen eta jasotzen ari garen erantzuna azpimarratu nahi dut. Ekarpen ugari eta interesgarriak bildu ditugu, eta guztiarekin diseinatuko dugu hurrengo hamar urteetarako gure ibilbidea.
"Hemen gaude, berriz ere, ikastolon ereduari eta euskarari bultzada emateko prest"
Etorkizuneko erronkei erantzuteko ilusioz, euskal hezkuntzan aitzindari izateko bokazioari eutsiz eta hezkuntzan bezala euskalgintzan ere eragiten jarraitzeko asmoz.
Trantsizio garaian gaude beraz. Baina une erabakigarrian gaude. Izan ere, gure prozesua amaitu bitartean, hezkuntza munduan gertatzen ari diren mugimenduetan parte hartu behar dugu, parte hartzen ari gara. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Akordioa adosteko ekarpenak egin ditugu, eta hurrengo hilabeteetan Hezkuntza Legerako ere egingo ditugu.
Baina hura osatzeko urtebetetik gora geratzen da. Bitarte horretan, eskola segregazioari eta jaiotzen beherakadari nola aurre egiten diegun ere adostu beharko dugu denon artean. Planifikazio eraginkor bat behar dugu bi erronka horiei erantzuteko. Planifikazioa bai, baina denontzako irizpide berak ezarriz eta gardentasun osoz jokatuz. Eta arreta berezia ezarrita ikastetxe txikiei, ezin baita errezeta bera erabili bi, hiru edo lau lerrotako ikastetxeentzat eta bakarra dutenentzat, handi edo txiki izan, guztiek betetzen dute-eta herri honetan, funtsezko eginkizun bat: gure seme-alabak heztea.
Hainbat erronka eta proiektu, helburu argi batekin. Ikastolak elkarrekin jardungo dugu lanean, elkarlanean, sarean… Eta horregatik, hementxe gaude, berriro ere ikastolon ereduari eta euskarari bultzada emateko prest, aurretik beste askok egin duten bezala.
Horietako batzuk omenduko ditugu jai honetan, Olarizun. Urteotan egin ditugun Araba Euskaraz jaietan auzolanean jardun duten gizon eta emakumeei aitortza eta esker ona adieraziko dizkiegu.
Eta merezi duen aitortza egingo diogu baita ere, hedabide honi, ALEA-ri. Zazpi urte dira sortu zela, baina dagoeneko erreferentziazko informazio iturri dugu Arabako euskaldunok, bai prentsa idatzian, nahiz sarean eta sare sozialetan. Euskarak batzen gaitu, baina baita auzolanak ere. Bidaide eta bidelagun dugu ALEA, Araba euskalduntzeko bidean.