"Behin batean kostaldean zegoen herri txiki eder batean, euskara berpizteko aukera agertu zen". Istorio on batek behar duen hasiera indartsua du, irakurlea arrastoan sartzeko modukoa. Horrela hasi zen joan den urteko Liburu ibiltaria. Ikastolaz ikastola, Euskal Herri osoan ikasleek idatzitako eta ilustratutako istorio bat da. Iazko edizioan Sopelako (Bizkaia) Ander Deuna ikastolan abiatu zuten. Euskal Herrian zeharreko bidaia hasi zen ondoren: orotara 21 ikastolek parte hartu zuten ekimenean. Lizarran ospatutako Nafarroa Oinezen bukatu zuten. Bertan, panel handi batzuen bitartez erakutsi zuten egindako lana.
Lortutako arrakasta ikusita, aurten esperientzia errepikatzeari ekin diote, eta bueltaka dabil liburua Euskal Herrian zehar. Azaroan abiatu zen Bilboko Abusu ikastolatik, eta hainbat ikastolatik igaro da. Araban dagoeneko egin du bere ibilbidea: Gasteizko Armentiakoek Elorrioko ikastola batetik jaso zuten, eta San Bizentera (Oion) eraman zuten. Handik igaro zen Assa ikastolara (Lapuebla de Labarca), eta, ondoren Lautada ikastolara (Agurain).
Orotara, aurtengo edizioan 28 ikastola parte hartzen ari dira. Iaz bezala, Tafallan emango diote amaiera, urriaren 16an ospatuko den Nafarroa Oinez egunean.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekimena bat dator ikastolen jaien helburuekin: hain justu, "euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea", eta "bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak". Gaineratu dute ikastola horiek guztiak eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta daudenez, "errealitate horien guztien isla" ere izan nahi duela Liburu ibiltariaren ekimenak.