Peru Abarrategi

"Lan handia egiten ari gara Araban; hori aldarrikatu nahi nuen"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko eka. 16a, 06:00

Peru Abarrategi finala irabazi ondoren. ALEA

Oso eskertuta dago Peru Abarrategi Arabako Bertsolari Txapelketa irabazi ondoren jaso dituen zorion mezuengatik, eta Aramaioko bere herrikideek erakutsi dioten maitasunagatik. "Tremendoa izan da". 

Eskakizun txikitxo bat/aterako dut plazara/nahiz Aramaio ta Oion/ez den berdin beharbada/probintzi txiki honek du/ bere-berea euskara/batzuek ahaztu arren/gu ere euskaldun gara/beraz konplexu guztiak/doazela pikutara/ama berdinak erditu/ baditu zazpi alaba/merezi duen moduan/zaindu ezazue Araba. Hala agurtu zuen Peru Abarrategi Sarrionandiak (Aramaio, 1997) publikoa, Serapio Lopez Ortuetaren eskuetatik txapela jantzi ostean. Astelehenean hartu zuen Arabako bertsolarien txapeldunak ALEA, telefonoz, eta beste aldean gaztearen hitzen gainetik, alboan pasatzen ziren herrikideen zorionak ere aditzen ziren. Gustura dago Abarrategi egindako lanarekin eta jasotako sariarekin. Bertsokideak oso gogoan izan ditu.

Oraindik zortzigarren alaba aldarrikatzen jarraitu behar da? Ez dute erakutsi arabarrek bertsolaritzan ere beste herrialdeen parean daudela?

Ez dakit erakutsi den hitza, baina beste batzuen itzaletan bizitzera ohituta gaude gu, nik uste dut batzuetan gogorrak izan direla gurekin, eta uste dut merezi dugula mimo pixka bat, aitortza txiki bat, guri ere laztan batzuk ez zaizkigu gaizki etortzen momentu batzuetan. Uste dut lan ederra egiten ari garela, eta horren erakusgarri dira irteten ari diren gazte pila, gero eta jende gehiago gerturatzea bertsolaritzara Araban. Horrek denak asko betetzen nau, eta hori aldarrikatu nahi nuen.

"14 eta 18 arteko adinarekin oso bertsolari trebeak ditugu, maila handiko jendea"

Harrera polita egin dizute Toki Eder ikastolan gaur (astelehena). Ondo ospatu duzu txapela?

Tremendoa izan da, eta ez nuen espero, ikasleak oso harro, irakasleekin ere oso harreman polita, eta egia esan oso pozik. Geratzeko denbora barik egon naiz kantatu nuenetik. Europa jauregitik zuzenean ospakizunetara joan ginen, domekan elkarrizketa batzuk egin nituen, eta egia esan, oso eskertuta nago, jende pila bat poztu delako nigatik, eta horrek zeozer ona esan nahi du, eta herrian jasotako harreraz ere oso eskertuta nago.

Gainera, lau aramaioar izan zarete finalean. Pozik egon behar dira herrian.

Bai, bai. Jende asko egon zen pendiente, batzuk telebistan eta beste batzuk Europa jauregian bertan, eta asko eta asko hurbildu zaizkit zoriontzera. Gozada bat.

Aitari eskaini zenion txapela.

Bai, merezimendu osoz, berak sartu ninduen mundu honetan, eta pena handia egunean bertan ezin izan zuelako egon, baina tira, bera ere asko poztu da

Finalaren aurkezpenean esan zenuen irabazteko asmoz joaten zinela. Ondo prestatu zenuen; zortea ere izan zenuen?

Faktore askok kontatzen dute. Gu oso ondo prestatuta joan ginen, mimo handiz prestatu genuen finala Aramaioko bertso eskolan. Gero, egun batera jokatzen duzu dena, momentua, gaiak eta zortea ere behar dira, eta hori ere alde izan nuen. Galtzeko gauza gutxi nituen nik, eta ikusten nuen, beste fase batzuetan, goiko postu horietatik nahiko gertu nengoela, eta gozatzen ari nintzen. Egia da final laurdenetan asko sufritu nuela, baina bestela, orokorrean, asko gozatu dut txapelketa honetan.

Eroso egon zara?

Bai. Oso eroso, tokatu zaizkidan bertsokideekin asko disfrutatu dut. Nik txapelketa asko ez ditut, hirugarrena hau, lehenengoan oraindik ume mokoa nintzen, eta denbora dezente igaro da bigarren txapelketatik, pandemiak dena luzatu duelako, eta uste dut pixka bat ere aldatu naizela lehen txapelketatik hona, eta agian horrek ere lagundu dit txapelketa honetan. Oholtzan beste tenple bat izan dut, ez dakit, egunak izaten dira, eta niri egun ona tokatu zitzaidan. Asko disfrutatu nuen kantuan, uste dut akatsak beste batzuetan baino hobeto disimulatu nituela, beste batzuetan biziagoa izaten naiz asmatzen ez dudanean. Egunean asko gozatu nuen, eta horrekin geratzen naiz.

Euskal Herriko Txapelketarako txartela ere eskuratu duzu. Zer suposatzen du zuretzat?

Zorakeri bat. Lehenik eta behin horrelako jendearekin lehiatzeko aukera guretzat da la hostia. Gainera, zortea ere alde, lehen eta bigarren postuan geratu gara hain justu balio duenean Euskal Herriko Txapelketarako. Luxu eta pribilegio handia da, eta saiatuko naiz maila erakusten.

"Erosoago sentitu ohi naiz umorea bilatzen edo umoretik errazago egin zait diskurtsoa sortzea"

Orain, lan handia duzu aurretik.

Zorte handia izan da Manexekin pasatu izana, biok elkarrekin entrenatzeko aukera izango dugu, eta saiatuko gara gure aletxoa eskaintzen txapelketa horri, ez dakit zer izango dugun eskaintzeko, baina saiatuko gara ahalik eta ondoen egiten, eta ahalik eta gehien gozatzen.

Manexekin buruz burukoa egiteak lagundu zizun?

Gertatu zitekeen gauzarik berezienetariko bat izan da. Berak badaki zer den niretzat: erreferente, irakasle, lagun, bertsokide… Pasatu ditu fase horiek guztiak eta badaki zer estimu diodan eta badaki zer berezia izan zen momentu hori niretzat; uste dut bera ere asko poztu zela nigatik, izango du bere arantzatxoa, egin zuen buruz burukoarekin ez zelako gustura geratu, baina badakit nigatik asko poztu dela, eta nik berarentzat bakarrik ditut esker oneko hitzak eta miresmen hitzak.

Txapelketan, umoretik tira egin duzu hainbatetan; eroso zaude klabe horretan?

Askok komentatu didazue hori, nik badakit seriotik hasi behar denean seriotik hasi behar dela, eta uste dut horretan ere jakin beharra dagoela eta punto. Erosoago sentitu ohi naiz umorea bilatzen edo umoretik errazago egin zait diskurtsoa sortzea, baina guk denetarako prest egon behar dugu.

Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?

Dena gurpil bat da, eta nire ibilbideak hori ondo azaltzen du. Viñaspre eta Oihane etorri ziren Aramaioko eskolara klaseak ematera, beraiekin izan nuen lehen harremana bertsolaritzarekin, hortik bertso eskolara joan nintzen, eta bertan Manex eta Xabi izan nituen irakasle. Guzti horiekin tokatu zait finalean abestea, eta orain nik ematen ditut klaseak eskoletan… Zirkulu bat da.

Ekosistema hitza aipatu zen saioan zehar hainbat alditan. Bertsolarien artean, eta bertsolarien eta bertsozaleen artean ekosistema berezia dagoela esango zenuke? 

Bertsolaritzak Araban mugitzen duen jendea ondo ezagutzen dugu, elkar ezagutzen dugu eta momentu asko partekatu ditugu; gainera, iruditzen zait osasuntsu dagoela, behetik gora datorren zerbait da, eta etorkizun hurbilean bere fruituak emango ditu.

Gazteen belaunaldi berri bat ari da bidea egiten?

Bai. Errelebo hori ematen ari da, eta gozada bat da zuri erakutsi dizutenekin kantatzeko momentu hori partekatzea, eta zu ere hori transmititzea. Beste belaunaldi bat dator Arabako bertsolaritzan, eta ez bakarrik txapelketa nagusian, baizik eta eskoletan; 14 eta 18 arteko adinarekin oso bertsolari trebeak ditugu, maila handiko jendea, tenple handiko jendea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago