Amaiera bezain garrantzisua

Erredakzioa 2022ko eka. 18a, 10:00

Porrotxekin egin zuten azken kilometroa 'Lo(r)tuko dugu' jaian. AE

Hamaika ekitaldi antolatu dituzte azken urte honetan ikastolek, elkarlanean, Araba Euskaraz jai nagusiaren atari gisa. Beroketa ondo egin ostean, igandeko jaiaren partida jokatzea dagokie.

Bide luzea egin du 2022. urte honetan Araba Euskarazek. Izan ere, ekitaldiz ekitaldi ibili dira Arabako Ikastolen Federazioko ikastolak, eta jai nagusira iristeko bidean, hitzaldiak, mendi irteerak, kirol topaketak, bertso saioak, eta kontzertuak antolatu dituzte zortzi ikastoletan.

Urtarrilean, Araba Euskarazen eskutik, Go!azen kontzertua izan zen Gasteizko Iradier Arenan. Halaber, Araba Euskaraz eta Assa Ikastolatik, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin elkarlanean, pilotaz gozatzeko ekitaldiz beteriko eguna antolatu zuen otsailean, Lapuebla de Labarcako pilotalekuan.  Martxoan, berriz, euskal mitologiari begira jarri ziren; Aresketa ikastolak Anderea filmaren proiekzioa antolatu zuen, eta Yolanda Mazkiaran Zelaia zuzendariarekin ere solasaldia egin zuten. Lautada ikastolak, berriz, Munain eta Okariz herrien artean dagoen hariztira mendi irteera antolatu zuen, eta ehun pertsonatik gora bildu zituen. Apirilean egin zuten ere Araba Euskaraz Jaialdia, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Iheskide eta Sukasuan taldeekin.

Maiatzean, 'Lo(r)tuko dugu!'  ekimena egin zuen Argantzongo ikastolak, jaialdia berotzen joateko. Ekimenean Araba eta Trebiñu lotu zuten; zehazki, ikastetxearen bi eraikinak, "Argantzun Ikastolak bihotz bakarra eta bi hanka" dituelako. Izan ere, 2019tik, ikastola bi herritan banaturik dago: Argantzonen eta, handik bost kilometrora, Manzanos herrian. Bigarrena, geografikoki Araba ofizialean; Argantzon, oraingoz, ez. Lekukoa erreleboka aldatuz joan ziren, Manzanosen hasi eta Argantzonera heldu arte. Azken tartean Porrotxekin eta Bonberenea txarangarekin elkartu eta ikastolaraino joan ziren. Bertan artisau azoka eta txosna izan zituzten, eta arratsalderarte luzatu zuten jaia, dantza plaza lagun.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago