Duela berrogei urte jaio zen Araba Euskaraz, Gasteizen, Olarizuko zelaietan, 1981eko irailaren 13an hain zuzen. Arabako Ikastolen Federazioan bildutako ikastolek elkarrekin antolatu zuten, arabarren berreuskalduntzeari eutsi eta herrialdean azterketa soziolinguistikoa finantzatzea ziren helburuak. Igande honetan, Araba Euskaraz
Olarizura itzuliko da, baina ospakizuna bera eta ikastolek bizi duten testuingurua oso desberdinak dira.
Parte-hartzaileen aldetik, bederen, oso bestelakoa da aurreikusten den jaia, 1981. urtean ospatutakoarekin alderatuta. "1981. urtean Gasteizko Olarizu auzoan egin zen lehenengo biderrez, eta bertan 5.000 lagun batzea lortu zuten antolatzaileek. Gasteizen ospatutako hartan, herrialde askotako lagunak batu ziren, eta oso gutxi arabarrak", jaso zuen Egunkariak.
Guztira hogeita hamar ikastola ziren, izaera juridiko desberdinetakoak eta jatorri askotarikoak.
80. hamarkadan, Araban euskarak zuen egoerari buruzko gutxi gorabeherako argazkiak, Punto y Hora aldizkarian jasotako datuetatik abiatuta, honako errealitate hau erakusten du: 250.000 biztanle zituen herrialde batean, 20.000 euskal hiztun inguru zegoen (18.863, 1975. urtean); 4.524 ikasle inguru hogeita hamar ikastolatan, eta 2.106 ikasle inguru AEK-ko euskaltegietan eta gau eskoletan. 185 irakasle inguruk ematen zituzten eskolak ikastoletan eta 126 inguruk gau eskoletan.
Arabako ikastolei erreparatuta, guztira hogeita hamar ikastola ziren 80. hamarkadan, izaera juridiko desberdinetakoak eta jatorri askotarikoak. 1967. urtean sortutako lehen ikastolak, Olabide ikastolak, biltzen zituen ikaslerik gehien (1.438 guztira). Aldundiak, bere aldetik, Euskara Zerbitzuaren bitartez, lau ikastola kudeatzen zituen herrialdean. Aldundiko ikastolarik handiena Durana zen, eta horiekin batera martxan ziren Ehari (gaurko Barrutia), Santillana (Abendaño) eta Toki Eder. Guztira, 1.129 ikasle zituzten ikastola publikoek.
Prekarietatea
Gainerako ikastolak Arabako Ikastolen Federazioan sartuta zeuden. Punto y Hora kazetak 1982. urteko aldizkari batean jaso bezala, "ikastetxe handi batzuk izan ezik, Diputazioaren menpeko Duranako Ikasbidea eta Olabide kasu, Arabako ikastola gehienak prekarietate egoeran ezarri dira, bai lokalen jabetzari dagokionez, bai ikasgelen kopuruari eta baldintzei dagokienez".
Prekarietate horri aurre egiteko asmoarekin eta herrialdeko ikastolek bizi zuten egoera larrietan laguntzeko antolatu zituen federazioak hurrengo urteetako jaiak. Horren lekuko 1983an, Laudion, egin zen Araba Euskaraz. "Laudio uholdeen ostean birrindutako herria zen, eta elkartasunak gora egin zuen ezbairik gabe. Antolatzaileek lau bider jende gehiago bertaratzea lortu zuten. Izan ere, 20.000 lagun hurbildu ziren Laudiora".
Logoa eta leloa
Olarizura itzuliko da Araba Euskaraz, eta 1981eko ekitaldirako Nestor Basterretxeari enkargatu eta hark eginiko leloa eta logotipoa oinarri hartuta, landu dira 2022ko ekitaldirako leloa eta logotipoa. Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. 2022koa, berriz, Zortzigarren alaba da. Gorka Knörr-en Araba abestiaren ildotik, zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak eta Trebiñu), batasunaren erreferentziari (zortziak bat), eta Trebiñuri (bera da zortzigarren alaba).
Logotipoari dagokionez, Nestor Basterretxeak sortutako logotipoan ageri den haritz hostoaren ildotik, zuhaitz desberdinen hostoak (haritzarena barne) erabili dira, ikastolen aniztasuna islatzeko, eta, era berean, "gure lurraldearen basoen, naturaren, aniztasuna ere", azaldu dute antolatzaileek.
Duela berrogei urte, Errobi taldearen soinuek Olarizuko zelaian eginiko dantzaldia alaitu zituzten bezalaxe, oraingo ospakizun honetan beste talde garaikideak izango dira igandeko festaren protagonista musikalak