Arabako mantxarren iritzia jaso duen inkesta baten emaitzak plazaratu dituzte

Erredakzioa 2022ko ekainaren 10a

Mantxa Gaztela-Mantxa erkidegoan dagoen eskualde historikoa da. / Argazkia: SPAIN.info

Mantxako identitatearen inguruko inkesta batean parte hartu dute 1.253 pertsonak, tartean Araban bizi diren hainbatek. Emaitzen arabera, mantxatarren %49k Gaztela-Mantxa erkidegokoa izateari uko egingo lioke.

Mantxak axola du taldeak inkesta bat abiatu zuen maiatzean, mantxar identitatearen berri jasotzeko. Horretarako, besteak beste, Arabako mantxarren iritzia jaso dute, baita, oro har, Mantxarekin lotura edo interesa duen edozein pertsonarena ere. "Ikusezin eta gutxi zaindutzat" jotzen duten lurraldea "hobeto ezagutu nahi duen Mantxako herritar talde bat" bezala aurkeztu dute beren burua.

"Mantxako identitatea Gaztela-Mantxako identitate artifizial baten alde hiltzen ari den sentsazio orokorra dago", azaldu dute prentsa ohar batean. "Historikoki, Mantxak ez du ez ahotsik ez botererik izan, eta beti hor zegoela jakin izan bada ere, inor ez da inoiz arduratu hura lurraldeka zehazteaz. Ez dago Mantxako eskualdearen kartografia ofizialik".

Guztira, 228 udalerritako 1.253 pertsonak parte hartu dute inkestan, eta dagoeneko argitaratu dituzte ondorioak; hala ere, inkesta zabalik utziko dute datuak biltzen jarraitzeko. Udalerrien araberako emaitzei esker, besteak beste, Mantxaren historiako lehen mapa sortu ahal izan dute, "datu errealekin eta soilik bertako biztanleen ahotsarekin egina":

 

Mantxako identitatea

Horrela, Mantxako identitateak honako lurralde hauek hartzen dituela ondorioztatu dute:

  • Ciudad Real: probintzia ia osoa.
  • Albacete: probintzia osoa, Segura mendilerroaren hegoaldea eta Campos de Hellin hegoaldea izan ezik.
  • Toledo: Toledoko Mantxa eta Ocañako Mahaia eskualdeak.
  • Cuenca: Cuencako Mantxa eta Mantxuela eskualdeak.
  • Guadalajara: Mantxako nortasuna oso txikia da; gorriz dauden udalerriek partaidetza oso txikia dute.
  • Valentzia: Ayorak Mantxako nortasun handia du, eta Utiel txikiagoa.
  • Murtzia: Jumillak Mantxako nortasun handia du.

Lurralde eredua, ardatz

Inkestak 42 galdera zituen, gehienak (%73) lurralde ereduaren ingurukoak: "Argi dago Gaztela-Mantxako lurralde eredua gutxienez mahai gainean jarri behar dela", adierazi dute Mantxak axola du taldeko kideek. Jasotako datuetatik hainbat ondorio atera ahal izan dituzte Mantxako nortasunari buruz:

  • Mantxatarren ia erdiak (%49), Mantxako eskualde batean bizitzea nahiago luke, eta Gaztela-Mantxakoa izateari uko egingo lioke.
  • Mantxatarren ia %60 ez dago pozik Gaztela-Mantxako kide izatearekin; %41 bakarrik dago horrekin konforme.
  • Mantxatarren %8k bakarrik nahiko luke Mantxa Gaztelakoa izatea eskualde gisa, eta %2k Valentzia edo Murtzia bezalako beste batzuetakoa.
  • Mantxatarren laurdenak baino gehiagok (%26) Albacete hiriburu gisa aukeratuko luke; ondoren, Alcazar de San Juan, Ciudad Real eta Tomelloso, ordena horretan.
  • Mantxatarren %93k ez luke Toledo hiriburutzat hartuko.
Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago