Neven Spahijak atzean utzi du Baskonia

Erredakzioa 2022ko eka. 9a, 17:30
Neven Spahija entrenatzaile kroaziarra. / Argazkia: BASKONIA.com

Baskoniak eta Neven Spahijak beren bideak banandu dituzte. Entrenatzaile kroaziarraren kontratua amaituta, etapa berri bati ekingo dio Gasteiztik urrun. Joan Peñarroya izango da entrenatzaile berria, 2024ra arte.

Neven Spahijak ez du Bitci Baskonia taldea zuzenduko datorren denboraldian, kanpaina honetarako kontratua amaitu ondoren. Entrenatzaile kroaziarrak Arabako saskibaloi taldean izandako bigarren etapa amaitu du horrela: Dusko Ivanovicen kargugabetzearen ostean, azaroan iritsi zen, eta zazpi hilabete hauetan 53 partida ofizial zuzendu ditu, 27 garaipen eta 26 porrot lortu, eta Endesa Ligako finalerdietara iritsi da taldearekin.

Klubari, taldeari eta zaleei bere esker ona adierazi nahi izan die Spahijak, Arabatik Euroligan eta Endesa Ligan aritzeko aukera izan baitu: "Harro egon naiz klub hau berriz zuzentzeaz eta beti eskertuko diot. Banantzen garen honetan, etorkizuneko arrakastarik handienak opa nahi dizkiet Baskoniako familia osoari", adierazi du kroaziarrak.

Bere aldetik, Saski Baskoniak "bere konpromisoa, jarrera positiboa, lana eta profesionaltasuna" eskertu dizkio Spahijari, "zorte handia eta etorkizun pertsonal eta profesionalean arrakasta handienak" opa ere.

Entrenatzaile berria Joan Peñarroya izango da, eta 2024ra arte sinatuko du oraingoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide