Baskonia 77-85 Real Madril

Agur denboraldiari eta ongietorri zurrumurruen garaiari

Erredakzioa 2022ko eka. 8a, 09:00
Argazkia: @Baskonia

Real Madrilen kontra hirugarren partida galdu ostean, bukatutzat eman du aurtengo denboraldia talde gasteiztarrak.

Denboraldia ahal bezain beste luzatzen saiatu bada ere, ikasturte luzea izan da aurtengoa Baskoniarentzat. Iazko udaran taldeak, zein zalegoak, ilusioz ekin zion aurredenboraldiari. Aurpegi berri asko zituen taldeak eta teorian talde indartsu eta lehiakorra izan behar zuen aurtengoak. Usteak erdia ustel, eta gabonak iritsi aurretik burumakur zebilen Baskonia lehiaketa guztietan. Euroligan negargarri, ahul ACB ligan eta konturatu orduko Errege Kopatik kanpo ere geratu zen talde gasteiztarra. Bidetik, Ivanovic bera ere galdu zuten zurbaokoek kantxan erdietsitako emaitzen ondorioz.

Azken hilabeteetan taldearen itxura zertxobait hobetu bada ere, luze egin zaio denboraldia taldeari. Kirolarekin batere zerikusirik ez duten erabakien poderioz, talde errusiarrak Euroligatik kanporatuak izan ziren eta egoera berri horrek ezustean sailkapenean gora egiteko balio izan zion taldeari. Euroligako playoff-ak eskura izan zituen taldeak, baina gehiegitxo eskatzea zela onartu behar izan zuten azkenerako. Ligan berriz, behetik gora etorri zen taldea eta bosgarren sailkatuta Valentzia izan dute aurkari final laurdenetan. Real Madril eta Bartzelona ekiditea zen helburua eta hori lortuta, kanporaketa gainditzea lortu zuten Spahijaren mutilek. Finalerdietan ordea bi futbol taldeetako bat izan beharra zuten aurkari, eta Real Madrili suertatu zaio kasu honetan Baskonia baina maila bat gorago dagoela erakustea. Hiru partida errenkadan irabazi dituzte madrildarrek, eta hirurak nahiko garaipen erosoak izan dira gainera.

Agur denboraldiari, eta ongietorri udako dantza eta mugimenduei. Hasi da dagoeneko zurrumurruen merkatua eta aireratzen lehen izena Peñarroya entrenatzaile katalarrarena izan da. Hilabete luzeak izango dituzte Zurbaoko bulegoetan aurtengoa denboraldia ahaztu eta jarraitzaileen artean berriz ere ilusioa pizten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide