Euskal Eskola Publikoaren Jaia

"Ginkana bat da ofizio hau, horma, atseden-gune eta putzu artean"

Anakoz Amenabar 2022ko eka. 3a, 06:00

Aitor Vinagret eta Ane Gebara. / Mikel Buruaga

Kalean behera, badatoz patata saltzaileak erosleren bat aurkitzeko itxaropenarekin. Hori da Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek duten azkeneko erronka: Arabako patata mahai guztietara eramatea. Oholtza ugaritan kontu kontari ibili eta gero, umoretik jendea saltokira erakartzea ez dute zaila 'Patata minak' lanarekin.

Hamaika lan dute patata saltokian bezeroak erakartzeko, eta irudimenari eragin beharko diote. Egosiak, frijituak, kreman edo entsaladan; txotxongilo, meteorito edo munstro itxurarekin. Patata bati atera dakizkiokeen ertz guztietatik heldu diote Ane Gebarak (Gasteiz, 1989) eta Aitor Vinagretek (Gasteiz, 1989) Patata minak kale ikuskizun berrian. Joan den ostegunean ALEArekin elkarlanean sortutako umore piezaren aurrerapen txiki bat eskaini zuten Zapatari kaleko egoitzan, eta, igande honetan, Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaian arituko dira zabalago. 

Imajinatzen zenuten patata batek hainbeste aukera eman zezakeenik? Nolakoa izan da sortze prozesua?

Aitor Vinagret: Orain dela gutxi egin dugu gure lehen lana Anek eta biok, Eman egurre, Pinotxo izenekoa. Gogoa genuen objektuekin aritzeko, eta kasu horretan sukaldean aurki ditzakegun egurrezko erramintekin jolastu dugu. Oraingo honetan ere komikotasuna landu behar genuen, eta patatek eman digute horretarako aukera. Pataten munduan erabat murgildu gara, horien aukera guztiak aprobetxatuta.

Ane Gebara: ALEAk ere izan ditzakeen ezaugarriekin jokatu dugu, kilometro zeroko produktuarekin, gertutasunarekin. Guk geuk ere arabar bezala gauza asko ditugu aldarrikatzeko, eta oinarrizkotik abiatu gara: patatetatik.

Gure buruaz barre egiteko...

A. G: "Arabarra izateko, ze ondo egiten duzun euskaraz!" moduko esaldiak zenbat aldiz entzun ditugu? Bada garaia halakoak gainditzeko, ezta? Tira, ba oraindik ez ditugu gainditu. Halako oinarrizkoetatik tira egin eta patata batek eman dezakeen zuku guztia atera dugu.

A. V: Eta, aldi berean, aldarrikatu nahi izan dugu gu ere patateroak garela, eta harro gaudela. Hau esan nahi genuen: hemen euskaraz egiten dugu, eta, guri dagokigunez, antzerkia euskaraz egiten dugu. Askotan badirudi Arriagako produkzioetan bakarrik daudela, eta ez, Araban ere bagaude aktoreak, euskaraz lan egiten duten artistak.

"Arabazan taldean ofizioko zalantza eta gogoeta ugari konpartitzen ditugu"

Araban euskaraz lan egiten duten aktoreen artean loraldi txiki bat izan da?

A. G: Uste dut antzerkian eta ipuin kontalaritzaren munduan gauzak mugitzen ari direla. Jendea gogoz dago gauzak egiteko. Beharbada gutxi gara beste leku batzuetan izan daitezkeen aldean, baina denok gaude kontaktuan, denok egin nahi dugu lan elkarrekin, egindakoak komentatzen ditugu... sare polita dagoela uste dut.

A. V: Batez ere euskaraz lan egiten dugunon artean. Elkar ezagutzen dugu, eta gogoa dugu kolektiboan lan egiteko.    

Ahozkotasuna lantzen duen talde bat ere osatu duzue.

A. G: Arabazan da taldea, Itziar Rekaldek bultzatutakoa. Antzerkiaren mundua ez hainbeste, baina kontalaritzarena oso bakartia da.  Zuk zure istorioa prestatzen duzu, zure boloa egin... eta bakardade horretatik pixkat ateratzeko eta kolektibo sentsazio hori izateko hasi ginen Rekalderekin. Gertuko jendea batuta, astero biltzen hasi ginen, ofizioaren inguruko gure zalantza eta gogoetarako leku moduan.

A. V: Pandemia garaiarekin batera areagotu zen bakardade hori, eta indarrak batzeko elkartzea erabaki genuen. Izenik gabe hasi ginen elkartzen, Itziarren etxean, lagunen arteko topaketan. Berak gai batzuk proposatu eta guk kontatzen genuen, modu informalean, eta oso polita izan zen. Ostean elkarte bat sortzeko proposamena egin zen, indarrak batu eta, bide batez, Arabako ipuingintza indartzeko asmoz.   

Zein da kezka nagusia kontalarien artean?

A. G: Ezezagutza. Hasi nintzenean hori zen nire kezka nagusia. Ez dago ofizio hori ikas dezakezun lekurik, ikastaro solteak baino ez, eta oso bakarkako kontua da. Zalantza ugari izaten dira, eta horiek taldean konpartitu ahal izatea gozamena da. Nola osatzen da ofizioa? Gauza bat da ipuinak kontatzea, hobeto edo okerrago egin dezakezu, baina kontzienteki ipuinak kontatzea eta lanbide bezala hartzea beste gauza bat da. Eta lan horretan talde honek asko laguntzen du, konfidantzan, denetarik hitz egiten da, baita askotan tabua den diruari buruz... Ofizioa osatzen joateko modu bat da hau.

A. V: Ipuinek duten garrantzia eta esanahia zein den ikasteko ere balio du. Batetik, ikusi dugu ipuin batek dituen sinbologiak, eta hausnartzeko, ikertzeko eta ezagutzeko zenbat adar dituen. Batez ere Itziarren eskutik, bere esperientziatik. Gustatu zait nola jotzen dugun ipuinaren benetako esentziara. Eta, bestetik, kontalari moduan dugun ardura ere landu dugu, haurrekin batik bat.

A. G: Bereziki helduekin egin beharreko lana ere aipatuko nuke, ze askotan galdu egiten gara gehiegizko onkeriatan. Helduei ere zaplastekoak eman behar zaizkie ipuinekin eta ipuin denak ez direla ondo amaitzen esan.

"Askotan fabrika bat garen sentsazioa dut, neurrira egindako ipuinekin"

Baloratzen da ipuin kontalaritza?

A. V: Uste dut falta dela ulertzea zer den ipuin kontaketa bat, helduen artean batez ere. Asko etorri dira gure saioetara, eta ohituta ez daudela nabaritzen zaie. "Hau zer da bakarrizketa bat?", galdetzen dute.

A. G: "Eta ez zara mozorrotuko?", izaten da beste bat. Kontalaritza egunerokotik ateratzen dena da, gorputz batetik, ahots batetik, eta zenbat gauza ikusi eta bizi daitezkeen pertsona horrekin konektatzen duzunean.

Programazioetan "betegarri" izaten dira askotan ipuinak...

A. G: Ez nuke hainbeste esango, baina askotan ikusten dugu ez direla zaintzen, ipuintxo batzuk dira eta kaleko edozein txokotan jarriko ditugu... Sinpletasuna da gakoa, nire ustez, sinplea dirudien kontalaritza da niri gustatzen zaidana, sukaldean kontu kontari arituko bagina bezala, baina sinpletasun hori lortzea ez da erraza; publikoaren arreta mantendu behar duzu, eta hori lan eta konstantzia batekin lortzen da. Antolatzaileen aldetik, beste eskaera bat izaten da ipuinak gai jakin baten inguruan prestatzeko proposatzea. "Egingo dizkiguzu ekologiari buruzko ipuintxo batzuk?". Publikoa oso azkarra da, eta gure ipuinekin behar duena irudikatuko du, ez dugu azpimarratu behar Txanogorritxok basoa zaintzen duela, inork ez duelako imajinatzen baso hori zaborrez gainezka.      

A. V: Askotan fabrika bat garen sentsazioa dut, neurrira egindako ipuinekin. Dena xehe ematea nahi izaten dute, eta ipuinak iradoki egin behar du; Txanogorritxon bertan zenbat adar eta azal topa ditzakegun. Ez da baloratzen ipuinaren esentzia hori. 

Atzetik egin beharreko lana izaten da zailena kontalari edo aktore batentzat?

A. G: Bai, zalantzarik gabe. Sortze lana gogotsu egiten dugu, ordu pilo bat sartzen dugu... baina oso zaila da hori guztia baloratzea. Egun batean lan eta beste hamaikatan entseguak izaten ditugu, baina hori ez da lan-bizitzaren agirian jasotzen, ezta poltsikoan ere. Salmenta, txostenak, ideia bakoitzari jartzen diogun ilusioa, eta gero saio gutxi batzuk... Interesgarria litzateke hiru hilabetez boloak izatea, Euskal Herri osotik mugitu ahal izatea, baina uste dut hori konpainia handiek ere ez dutela lortzen. Etengabe egin, egin eta egin; sortutako horretaz disfrutatzeko aukerarik ere ez dugu izaten, beste bat prestatzen hasi behar garelako. Antzerkia eta kontalaritza tartekatzeak ematen dit lasaitasun pixka bat antzerkiarekin bakarrik ezingo nukeelako.     

A. V: Txostenak egin edo proiektuak aurkezten ordu ugari izaten dira, topera egoten gara, Oihanederrek laguntza bat ateratzen duela, Eusko Jaurlaritzak beste beka bat aurkeztu duela, eta bankuko kontua ikusten duzu gero, tira... Ginkana baten modukoa da lan hau; horma, atseden-gune eta putzu artean. Batzuetan deskantsatzeko lekuak daude, eta jarraian berriro pareta bat, gora... Hamaika saltsatan egon behar dugu aurrera egin ahal izateko, etengabe hurrengo lana zein izango den pentsatzen. Halere, oholtzan zaudenean, taldean konpartitzen ari zarenean, askotan aipatzen diren barruko tximeletak sentitzen dituzu, hor daude... Benetan hau da nahi dudana.

'Patata minak' lana aurkeztu zuten joan den ostegunean Alearen egoitza berriaren inaugurazioan. / Alea

 

Erlazionatuak

Zero kilometroko patatak

Erredakzioa 2022 eka 02 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago