Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Zero kilometroko patatak

Erredakzioa 2022ko eka. 2a, 12:30

Vinagret eta Gebararen 'Patata minak', ALEAren egoitza berriaren inaugurazioan. / ALEA

Bastidan, igandean, Euskal Eskola Publikoaren Jaian aurkeztuko dute Patata minak antzezlana, Ane Gebara eta Aitor Vinagret aktoreen eskutik.

ALEAk sustatuta, Aitor Vinagret eta Ane Gebara antzerkigileek asteburu honetan estreinakoz aurkeztuko dute jendaurrean Patata minak izeneko antzezlana. Arabako euskaldunek egunerokoan bizi dituzten bizipenak plazaratu eta tokikoaren garrantzia nabarmentzea du helburu kale antzerki ikuskizun berri honek.

Araba, euskara eta tokikoa uztartzeko botatako erronkari erantzunez, tonu umoretsuan eta patata oinarri hartuta, "P plana" abian jarri dute Anek eta Aitorrek. Beraien patata saltzaile postua herrietako plazetara eraman eta askotariko patata-gutiziak merkaturatzea izango dute helburu.

ALEAren egoitzaren inaugurazio ekitaldian antzezlanaren lehen zertzeladak ikusteko aukera egon bazen ere, igandean izango da antzezlan osoa ikusteko lehen abagunea, Bastidan, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Jaiaren ospakizunean. 17:00etan ekingo diote "salmentari", Iraskasleen plazan.

Asteburu honetakoaz gain, datozen hilabeteetan zehar, Laboral Kutxa eta Udapak emandako laguntzari esker, zenbait herri eta auzoetako plazetan ere izango dira gure Patata minak. Ikuskizuna ikusteko hurrengo aukera ekainaren 19an izango da, Olarizuko zelaietan, Araba Euskarazek antolatutako egitarauaren baitan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago