EAJ garaile eta EH Bildu bigarren indarra Arabako hauteskundeetan, EITB Focusen arabera

Erredakzioa 2022ko mai. 31a, 09:00

EITB Focusen 27. inkestaren emaitzak, foru hauteskundeei begira. / Grafikoa: EITB

EITB Focusen azken inkestaren arabera, EAJk botoen %32 lortuko luke Araban, eta EH Bilduk bigarren indarra izateari eutsiko lioke %23rekin. PSEk, PPk eta batez ere Elkarrekin Podemosek, berriz, 2019an baino emaitza okerragoak lortuko lituzkete.

Astelehen honetan EAEko hiriburuetako udal hauteskundeetako aurreikuspenak plazaratu ostean, EITB Focusek foru hauteskundeetarako boto asmoari buruzko emaitzak argitaratu ditu gaur, bere 27. makroinkestaren testuinguruan. Hiru lurralde historikoetako aurreikuspen orokorra EAJren garaipena eta EH Bilduren bigarren postua dira; hori bai, bi indarren arteko lehia estua emango litzateke Gipuzkoan.

Arabari dagokionez, EAJk garaipen "erosoa" erdietsiko luke lurraldean, botoen %32rekin; bigarren indarra EH Bildu litzateke, botoen %23rekin; bi indar nagusien atzetik, PSE (%18,1), PP (%14,2), Elkarrekin Podemos (%7,3), Vox (%2,8) eta Ciudadanos (%0,6) joango lirateke, hauteskundeak orain egingo balira; betiere, EITB Focusen arabera.

 

2019ko emaitzekin alderatuta, beste erakundeetako joera bera emango litzateke: EAJk (%29,7tik %32ra) eta EH Bilduk (%21,1etik %23ra) gora egingo lukete; PSEk (%19tik %18,1era), PPk (%15,1etik %14,2ra) eta Elkarrekin Podemosek (%10etik %7,3ra), berriz, botoak galduko lituzkete; ordezkaritzarik gabeko alderdiei dagokienez, Vox-ek boto kopurua bikoiztuko luke (%1,4tik %2,8ra), eta Ciudadanos-ek botoen hiru laurden inguru galduko luke (%2,3tik %0,6ra).

Horrez gain, diputatu nagusien balorazioari erreparatuz, Ramiro Gonzalezek 5,7ko balorazioa jaso du, eta parte-hartzaileen %64,4k "begi onez" ikusten du Arabako Foru Aldundiaren kudeaketa. Arabarrek 5,8ko notarekin baloratu dute Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa, eta 4,6 batekin Espainiako Gobernuarena.

 

Urtebete falta da oraindik udal eta foru hauteskundeetarako, 2023ko maiatzaren azken igandean egin beharko bailirateke. Nolanahi ere, alderdi guztiak dagoeneko murgilduta daude hauteskunde giroan, eta lehen inkestekin marrazten hasia da datorren ikasturterako panorama.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago