Galindez: euskal espioiari begirada berria

Juanma Gallego 2022ko mai. 29a, 06:00

Jesus Galindezek AEBetako zerbitzu sekretuekin kolaboratu zuen, Jaurlaritzaren enkarguz. ALEA

AEBetako inteligentzia zerbitzuen informatzaile gisa ezaguna da Jesus Galindez, baina hori baino askoz gehiago izan zela dio David Mota Zurdo historialariak. Tartean, nazioarteko zuzenbidean aditua, diplomazialaria eta intelektuala izan zen. Haren desagerpenaren kasuak guztiz argitu gabe jarraitzen du.

New York, 1956ko martxoaren 12an. Bosgarren etorbidearen erdian, morroi talde batek euskal herritar bat bahitu, drogatu eta aireportu pribatu batera eraman zuen. Miamira abiatu ziren ondoren, eta, bertatik, Dominikar Errepublikara. Pista galdu zitzaion bertan. Berez, kasua oraindik irekita dago FBIn, gorpua ez delako agertu. Zantzu guztien arabera, Leonidas Trujillo diktadore dominikarraren aginduz bahitu eta erail zuten Jesus Galindez. Desagertu zenean 41 urte zituen, eta aurpegi askotako gizona zen: Jaurlaritzaren ordezkaria, AEBetako zerbitzu sekretuetako agentea, unibertsitate irakaslea, idazlea eta intelektuala.;

New Yorkera iritsi baino lehen, hainbat urte eman zituen Dominikar Errepublikan. Bertan erbesteratuta egondakoa zen, Espainiako Gerra Zibilean egoera guztiz okertu zenean. "Bertara joan izanaren arrazoietako bat izan zen, hain justu, Leonidas Trujillok Espainiako erbesteratuei dei egin ziela herrialdera joateko", azaldu du Isabel I unibertsitateko historialari David Mota Zurdok. Ez zen izan, ordea, elkartasun deialdi bat. "Berak herrialdeko biztanleria zuritu nahi zuen, eta alboan dagoen Haititik bereizteko nahian, kolore zuriko jendea nahi zuen. Baina saiakera hori bueltan etorri zitzaion, bertara joan ziren erbesteratu gehienen ideologia zela eta". 

24 urte besterik ez zituela iritsi zen bertara Galindez, eta laster moldatu zen bertan bizimodua ateratzen. Hainbat lanbidetan ibilita, azkenean irakasle gisa aritu zen, eta hasierako urte horietan moldatu zen bertako gizartean integratzen eta erregimenarekin moldatzen. Jaurlaritzaren ordezkari bezala ere aritu zen, eta horrek estatubatuar inteligentzia zerbitzuen fokuan jarri zuen.

1944ko ekainean Arthur P. Duggan FBIko agenteak agentziaren egoitza nagusira bidalitako txosten batean aipatzen da aurrenekoz Galindez espioia zela, eta esaten da "urte asko" zeramatzala jardun horretan. Halere, agirian aipatzen da ere ez zitzaiola erosoa egiten Espainiako errepublikanoen inguruan hitz egitea.

"DR-10 informatzaile konfidentziala zintzoa izan da onartzean nahiago zuela informatzea alemanei eta Ardatzeko beste kideei buruz, komunisten jardunari buruz baino. Eta hau tamalgarria da, Dominikar Errepublikan dauden komunista espainiarren artean kontaktu onak dituelako", aipatzen du mezuak.

Dena dela, ez zen aukera pertsonala. Erbestean zegoen Jaurlaritzak AEBetan jarri zituzten diplomaziaren alorreko esperantza guztiak, estatubatuarrek Francoren erregimenaren aurka egingo zutelakoan. Historiak erakutsi zuen ez zela horrela suertatu. Baina, garai horretan, Gerra Hotzarekin batera komunismoa etsai nagusi bilakatu zenean, bereziki FBIk ahalik eta informazio gehien nahi zuen komunisten inguruan. Eta Jaurlaritza joko horretan sartu zen.

Amurrioko Aresketa mendian Galindezen omenezko hilarri bat dago, berak bertan ehortzia izatea eskatu zuelako. ALEA

1946an Jaurlaritzak New Yorkera deitu zuen Galindez, eta bertan eman zituen bizitzaren azken urteak Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera. Denborarekin, estatubatuarrek Francoren kontra joko zutelako itxaropena desegiten joan zen. Urte horietan Galindez FBIarekin kolaboratu zuen, oraingoan Rojas eta NY-507S gako izenekin. Columbiako unibertsitatean emandako klaseekin batera eraman zituen aurrera bere espioitza lanak. Eta bertan doktoretza tesi bat egiteko gaia otu zitzaion: Trujillo bera. Askok ohartarazi zioten gai horren bueltan idazteak arazoak ekarriko zizkiola; tamalez, hala izan zen. 

Kasu irekia

Hain inguruabar misteriotsuetan jazotako gertakari guztietan bezala, Galindezen hilketaren inguruan teoria asko eratu dira azken hamarkadetan. Besteak beste, CIA edo FBI agentziak inplikatuta ote zirenekoak, edota inguru errepublikanoko jendea tartean egon ote zenekoa ere. Teoria horietako batzuk hauspotu ditu bahiketan parte hartu zuen lagun batek aurretik FBIarekin lotura eduki izanak. "Egile materiala nor izan zen ez dago argi. Momentuz, argi dugun bakarra da egiletza intelektuala Trujillorena izan zela", argitu du Motak. Historialariak ez du gauzak laster argituko direlako esperantza askorik agertu. Baina berez, gorputza aurkitu ez denez, Galindez kasua oraindik ofizialki irekita dago AEBetako Justizia departamenduan. Eta FBIaren artxiboetan oraindik desklasifikatu gabeko agiri asko daude. Informazioa askatuz gero, gainera, Donald Trump eta Errusiaren aldeko auzia atakan egon omen liteke. 

Bai, Trump. Eta zer arraio dute komunean bi pertsonaiek? Motak argibideak eman ditu. "Trumpi buruzko informazio hori New Yorkeko Epaimahai handiaren sekretupeko sumariotik dator. Hortaz, Galindezi buruzko informazioa askatuz gero, horrek suposatuko luke Trump eta Errusiaren arteko auziaz dagoen informazioa ere askatu beharko litzatekeela". Akabo misterioa.

Figura lausotua

Dena dela, Galindezen biografian espioitzaz harago doan bizitzan sakondu nahi izan du Mota irakasleak. Columbiako eta Rutgers unibertsitateetako artxiboak erabili ditu bere azken ikerketarako, eta hainbat urte daramatza klasifikatutako informazioa askatu nahian. Inteligentzia zerbitzuekin izan zuen harremana aitortuta ere, "horrek ekarri du alboratzea bai Jaurlaritzaren ordezkari gisa New Yorken zein Dominikar Errepublikan izan zuen rola, bai eta Columbiako unibertsitateko irakasle gisa izan zuen garrantzia ere". Intelektual gisa, Galindezek "ibilbide meteorikoa" izan zuela nabarmendu du Motak. "Nazioarteko harremanetan eta nazioarteko zuzenbidean aditua izan zen, eta gainera hori guztia egin zuen artikulu asko argitaratzen zituen bitartean". Gerra Zibila baino lehen Madrilen eman zituen urteetan lorpenak ere ekarri ditu gogora. "Adibidez, Madrilgo Unibertsitate Zentralean gaur ikasketa amaierako sari berezia izango litzatekeena irabazi zuen".

"Argi dagoen bakarra da hilketaren egile intelektuala Trujillo izan zela". DAVID MOTA ZURDO, HISTORIALARIA

Halere, testuinguruak ez zuen larregi lagundu Galindezen oroimena gailendu zedin. "Karisma asko zuten politikarien belaunaldi batekin kointziditu zuen", nabarmendu du Motak. Seguruenera, Agirre lehendakariaren figura indartsua izan zen inguruan zegoen gehienak lausotu zituena.

Bilboko eta Amurriko kale banak baino ez daramate haren izena. Madrilen jaio bazen ere, Galindezek gaztaroko uda gehienak Amurrion eman zituen, familiak bertan zuen baserrian. Eta hori izan omen zen, haren biografo askoren ustez, haren abertzaletasunaren abiapuntua. Bere oroimena lur horri hain lotuta egon zen, ezen Galindezen nahia izan baitzen Amurrion ehortzita izatea. Haren desagerpenak hori egin ahal izatea saihestu zuen, noski. Amets hori nolabait bete nahian edo, udalerri horretako Aresketa mendian hilarri xume batek Galindezen oroimena gordetzen du. Urte erdiz baino ezin daiteke bisitatu, energia berriztagarriei eskainitako aire libreko museo batean dagoelako.  

Geopolitikaren eta historiaren komeriak dira: estatubatuarrekin izandako elkarlan horrek fruituak ekarri izan balitu, baliteke Euskal Errepublika bateko plaza eta txoko askok Galindezen izena eramatea. Historia fikzioa da hori, noski; baina Miramongo estudioetan what if motako telesail distopiko baten abiapuntua izan zitekeen ere. Baina, ez, amerikanuekin amarrua ez zen ondo atera. Franco ohean hil zen, eta Galindezen aberriari erkidego deitzen diote orain.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago