Joan den asteazkenean, milaka langile kalera atera zituen Arabako metaleko grebaren lehenengo egunak. Patronalak grebaren "porrotaz" eta %7,87ko jarraipenaz hitz egin zuen arren, sindikatuek "jarraipen zabala" eta "eragin handia" azpimarratu zituzten.
Astearte honetan, Arabako metalgintzaren sektoreko milaka langile greban daude berriz ere, maiatzaren 18an, 24an eta 26an hitzarmen duin baten alde ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako hiru greba egunetako bigarrenean.
Goizeko lehen orduetan hasi dira piketeak, gaurkoan lantokiz lantoki. Gainera, lurralde osora hedatu dira gaurko mobilizazioak: hiriburuaz gain, Jundiz, Gamarra eta Goiaingo industrialdeetara, Aiaraldera eta Lautadara, besteak beste.
10:30ean bi zutabe abiatu dira Mercedes eta Sidenorretik, eta 11:30ak aldera biak elkartu dira Plaza Berrian, bertan elkarretaratze bat egiteko. Gaurkoan ere, milaka langile bildu dira, SEAri langileen aldarrikapen nagusiak betetzea exijituz:
- 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
- Lanaldia murriztea.
- Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
- Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta "pertsonak zentroan jartzeko" beste lan baldintza batzuk.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.