Arabako metalgintzaren sektoreko milaka langile greban daude gaur, maiatzaren 18an, 24an eta 26an hitzarmen duin baten alde ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako hiru greba egunetako lehenengoan. 05:15ean hasi dira piketeak Mercedesen, eta tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintzaren eta langileen artean, baina ez da istilurik gertatu.
Ordu batzuk beranduago, 11:30ean, manifestazio nagusia abiatu da Bilbo plazatik. Bertan, milaka eta milaka langile bildu dira, negoziazioetan SEAren "immobilismoa" salatuz eta langileen aldarrikapen nagusiak betetzea exijituz:
- 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
- Lanaldia murriztea.
- Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
- Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta "pertsonak zentroan jartzeko" beste lan baldintza batzuk.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.
Jarraipen zabala eta eragin nabarmena
Sektoreko 20.000 bat langile zeuden grebara deituta, eta lurraldeko enpresa batzorde ugarik bat egin dute deialdiarekin: besteak beste, Mercedes, CIE Automotive, Inauxa, Atusa, Gestam Blogab Laser Araba, Aernnova, Burulan, TRPT, JEZ, Amurrio Ferroca, WEC, SDA Factory, Laminaciones Arregi, SNA Europe eta Condesa Fabril.
Sindikatuek ez dute oraingoz jarraipenaren inguruko datu zehatzik eman, baina grebaren "jarraipen zabala" nabarmendu dute. Gainera, LAB sindikatuak plazaratutako datuen arabera, grebak eragin handia izan du enpresa handienetan: Mercedeseko produkzioa ohikoaren heren bat izan da, Sidenorreko atal batzuk ekoizpena eten behar izan dute, Tubos Reunidos eta Aernnovako sekzio batzuetan eragina nabaria izan da, eta Tubacexen ekoizpena gelditu da. Halaber, LABek salatu du Mercedesen enpresak ez diela sartzen utzi greba batzordeko kideei, grebarako eskubidea urratuz.
Hainbat enpresa ertain eta txikietan jarraipena "masiboa" izan da, sindikatuen arabera: besteak beste, Ferrovial Servicios (Michelin), Condesa Fabril, SDA Factory, Alestis, TLAn, Talleres Legutiano, Elecnor, Talleres Betoño, Laminaciones Arregi eta Detesa lantegietan.
SEAren arabera, ordea, "grebak porrot egin du %7,87ko jarraipenarekin". Patronalak dio lan jarduera "normaltasunez" egiten ari dela Gasteizen, eta mobilizazioen eragina "soilik apur bat" islatu dela Aiaraldean. Sindikatuei eskatu die "beren jarrerak berriz aztertzeko eta sektorearen egoerarekin bat datorren akordio errealista bat bilatzeko, hitzarmenaren mahaian aurrera egiteko".