Bigarren greba eguna Arabako metalean

Erredakzioa 2022ko mai. 24a, 08:30

Arabako metaleko langileek maiatzean deitutako hiru greba egunetako bigarrenari ekin diote gaur. Goizean hasi dira lantokiz lantokiko piketeekin, 10:30ean bi zutabe abiatuko dira Mercedes eta Sidenorretik, eta 11:30ean Plaza Berrian bat egingo dute.

Joan den asteazkenean, milaka langile kalera atera zituen Arabako metaleko grebaren lehenengo egunak. Patronalak grebaren "porrotaz" eta %7,87ko jarraipenaz hitz egin zuen arren, sindikatuek "jarraipen zabala" eta "eragin handia" azpimarratu zituzten.

Astearte honetan, Arabako metalgintzaren sektoreko milaka langile greban daude berriz ere, maiatzaren 18an, 24an eta 26an hitzarmen duin baten alde ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek deitutako hiru greba egunetako bigarrenean. Goizeko lehen orduetan hasi dira piketeak, gaurkoan lantokiz lantoki.

10:30ean bi zutabe abiatuko dira Mercedes eta Sidenorretik, eta 11:30ak aldera biak elkartuko dira Plaza Berrian, bertan elkarretaratze bat egiteko. Gaurkoan ere, milaka langile bilduko dira, SEAri langileen aldarrikapen nagusiak betetzea exijituz:

  • 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
  • Lanaldia murriztea.
  • Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
  • Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
  • Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
  • Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
  • Lan osasuna bermatzeko neurriak.
  • Baimenak hobetzea eta "pertsonak zentroan jartzeko" beste lan baldintza batzuk.
  • Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

ARGAZKIAK: LAB eta ELA sindikatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago