ZIENTZIA

Koilare eta eraztun zuriak

Juanma Gallego 2022ko mai. 19a, 09:00

Astelehenean Ilargiari adi egon dira astronomia zaletu asko, ilargi eklipse totala ikusteko. ARABAKO ASTRONOMIA ELKARTEA

Poetek hainbestetan goratu duten Ilargiak ikuskizun bitxia eman du astelehenean, eta horren gaineko jarraipena egin du Arabako Astronomia Elkarteak. NASAri esker mundu osoan zabaldu da seinalea.

"Itzela izan da". ALEArekin mintzatu denean, bi orduz besterik ez du lo egin Arabako Astronomia Elkarteko idazkari Alberto Anciak, baina astelehen gauean bizi izandakoagatik poz-pozik antzeman zaio telefonoaren beste aldean. "Gau luzea izan da, eta oso mugitua". 

Ilargiari begira egon dira elkarteko kideak, munduan beste lagun asko bezala, ilargi eklipse totalari so. Baina, oraingoan, beste ardura bat izan dute gainean. Mundu osoan zehar barreiatu da Arabatik igorritako seinalea, NASAk bere orrialdean horren zabalpena egin duelako.

"Normalean, zeruetan zerbait gertatzen denean, halako ekimenak antolatzen ditugu, ahal den heinean, fenomenoari buruzko dibulgazioa egiteko", azaldu du Anciak. Baina duela hiru hilabete inguru deialdi berezia iritsi zitzaien Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioaren bitartez. NASA espazio agentziaren gonbidapena zen, ilargi eklipsearen inguruan egin behar zuten zuzenezko emanaldiaren barruan lokalizazio desberdinetako irudi seinaleak jasotzeko. "Guk hori aukera moduan ikusi genuen, eta baita erronka bezala ere", gogoratu du Anciak.

Bideoan igortzeaz gain, hainbat iruditan jaso dute fenomenoa. arabako astronomia elkartea

Hortik hasita, NASAko Emily Furfaro eta Arabako Astronomia Elkarteko presidente Maria Alvarez kontaktuan egon dira dena antolatzeko. "Gure ezustekoa etorri zen behin betiko lokalizazioen zerrenda iritsi zitzaigunean. Bertan zazpi kokagune agertzen ziren, eta horien artean zegoen, hain justu, Iturrietako behatokia. Izugarrizko poza hartu genuen".  

Teleskopioari berari dagokionez, Anciak azaldu du ez dutela aparteko ekiporik erabili behar izan: Ilargia ikusteko ez dira nahitaezkoak izugarrizko optikak. 100 milimetroko errefrakzio-teleskopio baten bitartez jaso dute seinalea. Ohi bezala, teknologian baino, horren inguruan egiten den lanean dago gakoa. 

Hodeiak lagun

Astelehen gaueko hitzordua ikusita, eguraldiak lagundu zuen, baina ez guztiz. "Hasi zenean, goizeko bost eta erdietan, nahiko ondo ikusi ahal izan genuen Ilargia. Baina eklipse totalerako unea iritsi zenean, Ilargia gorrixka ikusi behar zenean, hodeiak hasi ziren agertzen, eta galarazi ziguten fenomenoa ondo ikustea", adierazi du. "Badakizu, guk guztia jarri ahal dugu gure aldetik, baina eguraldiarena ez dago gure esku". 

Halere, deialdiak erantzun bikaina izan duela nabarmendu du astronomia zaleak. "Une batzuetan NASAren kanalera 80.000 lagun baino gehiago batu dira. Eta gurean ere, 12.000 lagun ikusi ditugu. Erotzeko modukoa izan da". Nabarmendu duenez, herrialde askotako ikusleak izan dituzte, txataren bitartez egiaztatu ahal izan dutenez. 

Hurrengo ilargi eklipse totala 2025ean ikusi ahalko da Arabatik, baina 2026an hitzordu askoz garrantzitsuagoa egongo dela azaldu du Anciak: Eguzki eklipse totala egongo da, eta Arabatik bertatik ikusi ahalko da. "Urte horretako abuztuaren 12a gogoangarria izango da seguru aski", aurreratu du astronomia zaleak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago