ASTRONOMIA

NASAk Iturrietako seinalea igorriko du ilargi eklipsearen jarraipenean

Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 10:08

Astelehen gauean izango da eklipsea. IGN

Astelehenean Arabako Astronomia Elkarteak zuzeneko emankizuna emango du Iturrietako astronomia behatokitik, eta espazio agentziak seinale hori erabiliko du ere.

Datorren astelehen gauean gertatuko den ilargi eklipsearen zuzeneko emankizuna egingo dute Iturrietako behatoki astronomikotik. Arabatik emandako seinaleak mundu osoan izango du zabalkundea. Izan ere, bere emankizun ofizialean, NASA espazio agentziak munduko zenbait tokirekin zuzenean kontaktatuko duelako; tartean, Arabarekin.

Huntsvillen (AEB) NASAk duen Marshall zentrotik eta AEBetako beste zenbait tokitatik igortzeaz gain, Italiatik, Kanadatik, Txiletik eta Euskal Herritik ere jasoko dute seinalea. NASAren web orrialdean bertan jasota daude lokalizazio horiek guztiak.

Halako ilargi eklipseak begi hutsez eta aparteko babesik gabe ikusi badaitezke ere, oraingoan internet bidezko emanaldiak hori egitea erraztu dezake, ohetik altxatu behar izan gabe. Izan ere, 03:30ean hasiko dira igortzen Astroalava kanaletik eta 05:00ean NASA Science Live kanaletik.

Araban, 04:28an hasiko da Ilargia estaltzen, baina eklipse totala 05:29an hasiko da. Ilargia guztiz estalita ikusi ahalko bada ere, desestaltze osoa ez da ikusgai izango, egunsentiarekin batera 06:51ean Ilargia bistatik desagertuko delako.

Sare sozialetan #IlargiEklipse traola erabiliko dute fenomenoaren gaineko jarraipena egin ahal izateko. "Azken asteetan lan, doikuntza eta birkonfigurazio asko egin behar izan ditugu, eta sekulako emozioa dugu", aurreratu dute Arabako Astronomia Elkarteko kideek.

Ohi bezala, unean uneko eguraldiak ebatziko du ikuskizunaz gozatu ahal izango den ala ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago