Ariguneak areagotu nahi ditu hirugarren Euskaraldiak

Erredakzioa 2022ko mai. 18a, 12:36
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egin dute agerraldia. / Alea

Udazkenean egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin diete era guztietako entitateei ekimenaren antolatzaileek

Aurtengo udazkenean egingo den hirugarren Euskaraldiak, berriro ere, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. Euskaraz lasai aritzeko gune horiek sortzeko deia egin diete gaur era guztietako entitateei Euskaraldiaren antolatzaileek. Aurreko edizioan ariguneak sortu zituzten zenbait eragilerekin batera, gaur goizean, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu dute entitateen izen-ematearen irekiera.

Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean, eta lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko. Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan. Horregatik, ariguneak sortu, hedatu eta identifikatzen jarraitzea lehentasuna izango da.

Azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dutela azaldu dute. "Parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango da aurtengo lehentasunetako bat, euskararen erabilera areagotzeko partaide guztion prestakuntzan sakontzea", nabarmendu du Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak. Ildo beretik, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ariguneak sortzeko proposamen ireki eta progresiboa proposatzen dutela azaldu du: "Ariguneak sortzeko proposamena entitate bakoitzean aztertu eta zer urrats eman ditzaketen pentsatzea proposatzen dugu. Entitate bakoitzaren errealitatea eta abiapuntua oso ezberdina dela badakigu eta horregatik da garrantzitsua bakoitzak bere ibilbidea gogoetatzea, bakoitzak bere neurria zein den aztertzea eta egin ahal duen horri ekiteko konpromisoa hartzea". Bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen erara egin ahal izango duela azpimarratu dute.

Gaurko deialdian bat egin dute, gainera, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak eta Osatek, Gaztedi Errugbi Taldea, Oreka IT, Albaitaritza S.A., Medicus Mundi Bizkaia eta Mondragon Eskola Politeknikoa entitateetako ordezkariek. Gasteizko alkateorde eta euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte eta GEU euskara elkartea zein Gasteizko Euskaraldia batzordeko ordezkariak ere izan dira agerraldian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide