"Onartezintzat" jo dute Itzuliaren zuzendariak emakume kirolari buruz esandakoa

Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 16:55
Gaur atera da lehen etapa Gasteiztik. ©️ ITZULIA / CHARLY LOPEZ

Euskadiko Itzulia antolatzen duen erakundearen zuzendariak esan du "ia-ia behartuta" antolatu dutela Itzulia Women. Adierazpenak "lehenbailehen" zuzentzeko eskatu diote instituzioek.

OCETA Euskadiko Txirrindularitza Erakundeen presidente Julian Erasok emakume kirolari buruz hedabide batean egindako adierazpenak gogor kritikatu dituzte Gorka Urtaran Gasteizko alkateak zein Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak.

Erasok ziurtatu du "ia-ia behartuta" antolatu dutela emakume txirrindulariaren proba, eta emakumeen kirola "moda bat" dela. 

Adierazpen hauek "bi erakundeek defendatutako balioen aurka doaz, kirolaren bidezko berdintasuna gure politiken egiturazko ardatz gisa hartzen baitugu", adierazi dute udalak eta diputazioak prentsa ohar batean. 

"Lasterketa honek erreferente onenak dakarzkie gure gazteei; ez da moda bat, berdintasunaren eta gure gizartearen garapenaren aldeko apustua baizik", nabarmendu du Gonzalezek. Urtaranek, berriz, espero du zuzendariak esandakoa "akatsa" izan izana. "Jakinaren gainean badago, guztiz onartezina da, eta ez du lekurik gurea bezalako gizarte moderno eta anitz batean". 

Bi erakundek uste dute Itzulia Women-en antolakuntzak "lehenbailehen" zuzendu behar dituela bere hitzak, "lasterketa berdintasunaren bidean benetako tresna izan dadin".

Itzuliaren erakunde antolatzailak esan du haren nagusiak egindako "adierazpen desegokiek sortutako gaizki ulertua eta ondoeza atsekabez" hartu dituela. "Halaber, espero dugu adierazpen horiek ez lausotzea Itzulia Women lasterketa emakumeen txirrindularitzaren nazioarteko egutegira iritsi izanak dakarren aurrerapausoa", erantsi du. 

Euskadiko Txirrindularitza Erakundeen estatutuetan jasota dagoenez, erakundearen helburuak dira, besteak beste, "txirrindularitzaren aurrerapena eta garapena" sustatzea, "txirrindularitza probak" antolatzea edota halako proben "ustiapen komertziala, publizitarioa edo beste edozein motatakoa" egitea.  

Itzulia Women lasterketaren lehen etapa Gasteizetik atera da gaur, eta bertan Demi Vollering txirrindulari herbeheretarra gailendu da, Bastidara iritsitako lehena izanda.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide