Hockeya, ur azpian, eta Gasteizen

Ane Pedruzo 2022ko mai. 13a, 06:00

Nereida taldeko kideak, Mendizorrotzeko entrenamendu saioan. / Ane Pedruzo

Nereida Hockey Sub taldeak goiko hiru baldintzak betetzen ditu. Diziplina berezi honetan aritzen den Euskal Herriko talde bakarra da, eta estatuko gutxietako bat. Ekainaren 11n San Prudentzio txapelketa jokatuko dute, eta Katalunia, Madril, Andaluzia, Frantzia eta Ingalaterrako taldeekin lehiatuko dira bertan.

Pedro Argote taldekidearen "gertu!"-ri adi-adi egoten dira ur azpiko hockeylariak, deia entzun orduko, ziztu bizian igerilekua zeharkatuz, erdigunean kokatutako berunezko diskoaren bila joateko. Igerilekuan marrarik ez, joko-zelai urtsua buruan argi dute jokalariek.

Nereidatarrek astearte eta ostiralero egiten dute bat entrenatzeko, Mendizorrotza eta Aldabeko igerilekuetan, hurrenez hurren. Lehenengoan 3-4 kale izaten dituzte erreserbatuta;  waterpoloko jokalariak, igeriketa ikasleak eta igerilari espontaneoak dituzte kale-auzokide. Hilean behin, larunbatez, Aldabeko igerileku osoa eurentzat izaten dute, "onena", diotenez.

Nereida Hockey Sub taldea 2000. urtean sortu zen, eta izen bereko urpekaritza taldearen parte da. Azken honetako kide batzuk Bartzelonako Nautika azoka batean izan zuten kirol bereziaren berri, eta probatzera animatu ziren. Hastapenetan katalanen laguntza izan bazuten ere, "hiltzerainoko autoikasketa izan zen", taldeko beteranoetako bat den Alberto Martinen esanetan. Martinek 22 urte daramatza kirol honetan. Gabonetako Pinean ezagutu zuen, baita guztiz "engantxatu" ere, hainbesteraino, garai batzuetan astean lau egunez entrenatzera heldu zela. Hasieran, berak egindako babes-eskularruekin jokatzen zuen. "Gauero adabatu behar izaten nituen", gogoratu du. 

Mendizorrotza eta Aldabe igerilekuetan entrenatzen dute Nereida taldekoek. / Ane Pedruzo

Adin guztietako emakume eta gizonek hartzen dute parte taldean: adin txikikoetatik 60 urtetik gorakoetara. Silvia Sanchez kideak argitu bezala, taldekide kopurua aldakorra izaten da garaiaren arabera, egun "WhatsApp taldean 29 lagun" dira. Hainbat jokalari Espainiako selekzioan ere aritzen dira, eta beste batzuk sartzeko aukerak dituzte, Nuria Arruek kasu. Duela bost hilabete hasi zen jokatzen eta oso ondo ari da. "San Prudentziokoa nire lehen txapelketa izango da. Oso gogotsu nago, zer nolakoa izango den bizitzeko irrikitan".

"San Prudentziokoa nire lehen txapelketa izango da. Gogotsu nago, irrikan"

Nuria Arrue, Nereida

Sanchezek igerilekuko sorosle lanetan ari zela izan zuen Nereidaren berri. "Xantai apur bat egin zidaten; jokatzearen truke urpekaritza bataio bat agindu zidaten", diosku irrifarrez. 19 urte pasatu dira ordutik. 2017tik, gainera, arbitro lanetan ere ari da, Pedro Argote bezala. Azken honek honezkero hamarkada egina du kirol honetan. Aitortu duenez, saiatzen dira jendea erakartzen, baina ez da erraza. Besteak beste, Gasteizko Udalaren Kirol Bidean ekimenean saio bat egiten dute urtero, ezagutzera emateko. "Jendeak kirol honetan aritzen garela jakitean, beti berdina galdetzen digu: A! Baina kirol hori existitzen al da? Eta hortik aurrera azalpen asko eman behar izaten ditugu", dio Argotek.  Eta Sanchezek erantsi, "hainbeste aldiz esan didate honetan aritzeagatik frikia naizela, jada oso harro nagoela!".

Apnea saioak

Diotenez, kirol honetan jarduteko "uretan egotea gustatzearekin eta igeri egiten jakitearekin nahikoa da". Halere, kirol guztiek bezala, badu bere teknika, eta ondo aritzeko, besteak beste, apneak egiten ikasi behar da. Mugimenduan asko jota 20-30 segunduko apneak egin daitezkeela diote, "zaila da gehiago irautea". Hasiberriei kosta egiten zaie ohitzea, tutua itogarria egiten zaielako. "Ura tututik kanporatzen ikasi behar da, uretik irten bezain pronto hori da egin behar den lehen gauza, eta ostean arnastu. Hasieran ur trago handiak hartzen dituzu", azaldu du Sanchezek. Edozeinek egin omen dezake. "Gurean apnea luzeenak egiten zituen kideetako bat erretzaile amorratua zen. Pentsa!". Apneak entrenatzeko ariketa bereziak egiten dituzte, eta nahi izanez gero uretik kanpo ere egin daitezkeela diote, gimnasioan kasu. "Bidaietan goazenean, tunelek irauten duten denbora-tarteak apneak entrenatzeko aprobetxatzen dugu. Autobus osoa apnean, gidaria izan ezik, noski! Kar-kar!", Sanchezek. Eta Martinek, "behin teknika barneratuta, soilik CO2arekin bizitzen ikasten duzu. Oxigenoa neurriz kanpo baloratuta dago!".

Ur azpiko hockey-a elkartasun handiko kirola da, talde-lana oinarri duena. Izan ere, errelebo asko egin behar dira: ur azpian dauden kideak aire bila azaleratzean beste batzuk urperatzen dira, jokoari jarraipena emanez. Hortarako, "oso adi egon behar duzu, eta taldekideen pentsamendu eta beharrak oso kontuan izan". Alberto Martinen arabera, "elkartasunik gabe hilko ginateke! Elkar txandakatuz, koreografia modukoak sortzen ditugu, itsas-portuetan ogi-apurren bila doazen arrainen antza hartzen dugu".

"Elkartasunik gabe hilko ginateke! Koreografia modukoak sortzen ditugu, txandaka"

Alberto Martin, Nereida

Urtean 4-5 txapelketatan aritzen dira: Toulousen otsailean, Gasteizen maiatzean, Bartzelonan udan, eta azaroan Espainiako txapelketan. Holandako txapelketan ere izan dira baina jokalari solte gisa, ez talde bezala. Pandemia aurretik, Rennesen –Bretainia– ospatzen den Europako emakumeen lehian ere hartu ohi zuten parte, baina momentuz txapelketa hori ez da berreskuratu. Argoteren arabera, emakumeen parte-hartzea sustatzeko txapelketa mistoak eta femeninoak antolatzen dira, eta emakumeek zein taldetan jokatu nahi duten aukeratzen dute. "Emakumeen taldeak osatzeko lurralde desberdinetako emakumeak elkartzen gara. Emakumez soilik osatutako talde gutxi dago. Normalean gizon eta emakumeak batera aritzen gara, lau katu gara eta…", gaineratu du Sanchezek. Aitortu duenez, "emakumeen artean jokoa teknikoagoa da, abiadura eta indarra oso bestelakoak dira".

Sanchezen aburuz, kirol honek duen gauza politenetako bat edozein tokitan jokatzeko aukera dagoela da. "Lehentasuna ez da irabaztea, jokatzea eta ondo pasatzea baizik". Era honetan, leku eta jende asko ezagutzeko aukera dago, mugikortasun handia dagoelako talde eta jokalarien artean. "Gure mundua txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar". Martinek anekdota polita du: ezkontza bidaian Zeelanda Berrian zegoela, txapelketa bat ikustera joan eta jokatzen bukatu zuen. Non gogoa han zangoa!

San Prudentzio txapelketan jokatuz gozatzeko beste aukera bat izango dute. Galdu ala irabazi, bakoitzaren onena eman eta ondo pasatzeko prest daude. Hitzordua: ekainaren 11n, Lakua gizarte-etxeko igerilekuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago