"Tapia Legearen" aurkako manifestazioa egingo dute larunbatean Gasteizen

Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 12:30
Prentsaurrekoa Gasteizko Foru plazan. / Argazkia: ARABA BIZIRIK

Larunbat honetan, maiatzaren 14an, "Tapia Legearen" eta "mendiak eta landa lurrak industrializatuko dituzten proiektu erraldoien" aurkako manifestazioa egingo du Araba Bizirik plataformak, 19:00etan Gasteizko Bilbo plazatik.

Azken hilabeteetan zehar, eztabaida eta mobilizazio ugari izan dira Araban bata bestearen atzean proiektatzen ari diren zentral eoliko, fotovoltaiko, goi-tentsioko linea, Lautadako trenbide linearen bikoizketa edo negutegi industrialen harira. Horien guztien aurrean, Araba Bizirik plataformak "lurraldea babesteko" deia egin zuen urriaren 23an bere lehen manifestazioan.

"Hilabete hauetan mehatxu horiek areagotu egin dira, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz", ohartarazi du plataformak, zazpi hilabete beranduago eta larunbat honetako manifestaziotik lau egunetara Gasteizko Foru plazan egindako prentsaurrekoan. Izan ere, "mendiak eta landa lurrak industrializatuko dituzten proiektu erraldoi horien alde" agertu izana leporatu diete Ramiro Gonzalez diputatu nagusiari eta Jose Antonio Galera Ingurumen diputatuari.

Salatu dutenez, soilik zentral eolikoak edo fotovoltaikoak ezartzeko planak gaur egun landa lurra diren 1.300 hektarea baino gehiago erabiltzea ekarriko luke. Araba Bizirik plataformaren ustez, "proiektu horiek ez dira alternatiba krisi ekologiko, sozial eta energetikoaren aurrean; ez dira energetikoki eraginkorrak, horiek garatzeko energia fosil kopuru handiak bideratu behar baitira, eta ez dute energiaren kontsumorako eskubidea demokratizatzen".

"Inbertsoreentzat, aldiz, baliabide natural publikoak eta Europatik datozen diru funtsak eskuratzeko modua dira", kritikatu dute. "Hori da negozioa, eta Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira hori horrela izan dadin".

Horrez gain, salatu dute "fracking-aren mehatxua" indarrean dagoela berriz ere, eta "EAJk azpiegitura handiak ezartzeko dituen planen aurkako jarrerak neutralizatzeko estrategia Tapia Legea bezalako arauak onartzea" dela. Lege horrek "udalen eskumenak bertan behera" uzten dituela ohartarazi dute, "Hiri Antolamenduko Plan Orokorren (HAPO) gainetik pasatuz". Araba Bizirik-en ustez, "proiektu horiek era subjektibo eta autoritarioan ezarri ahal izateko interes publiko goreneko izendatuak izatea besterik ez da beharko".

Horregatik, datorren larunbatean, maiatzaren 14an, 19:00etan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute, tokiko erakundeen independentziarekiko "abusu eta urraketaren" aurka, eta "jendearen beharrak kontuan hartuz eta erabakiak era deszentralizatuan eta artatzen gaituen lurrari lotuta hartzeko aukera duen gobernantza eredu bat" aldarrikatzeko,

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide