Gasaren eta argindarraren garestitzeak hamaika aje utzi ditu agerian. Etxea berotzeko beharrezkoa den gastuaren pisua are argiago erakutsi du, besteak beste. Gas eta argindarragatik ordaindutakoa aurretik ordaindutakoaren halako bi edo hiru izan da etxe askotan. Egoera hori ez da berria, ordea. 1970ko eta 1980ko hamarkadetako petrolioaren krisiek energia nabarmen garestitu zuten hamaika herrialdetan. Testuinguru horretan eraikitzeko modu bat garatu zuten Alemanian, konforta mantenduta energia kontsumoa ahal beste gutxitzeko: passivhaus, edo etxebizitza pasiboak.
Adelina Uriarte, Arkitecnicas kooperatibako kidea, etxebizitza pasibo batean bizi da 2012tik. Jungitun eraiki zuen, eta passivhaus izendapena jaso zuen lehena izan zen Araban. "Probintzian goiz hasi ginen, eta ordutik indarra hartuz joan da; nagusiki familia bakarreko etxebizitzetan baliatu dira passivhaus printzipioak”. Ordea, badaude bestelako adibideak: zaharberritutako azpiegitura publikoak, Europa Jauregia kasu; Aranbizkarreko futbol zelaietako aldagela berriak; Berpizkunde plazan eraikitzen ari diren sustapen pribatuko etxebizitzak…
Eraikitzeko modu horrek, labur esanda, neurrira egindako babes jantzi bat jartzen dio eraikinari, barrualdea eta kanpoaldean nahi gabeko tenperatura trukaketarik egon ez dadin. Horrek, aireztapen mekaniko egoki batekin, eta eguzkiaren beroa baliatuta, murrizten du etxea berotzeko gastua. Adibideak asko dira. Uriartek azaldu du Jungitun XVIII. mendeko etxe bat zaharberritu berri dutela, eta, estetika mantentzeaz gain, etxea berotzeko gastua %80 murriztu dute.
Europa Jauregia beste adibide bat da. Jatorrian bi eraikinetan banatuta zegoen, baina 2012an hasitako zaharberritzetan bi eraikin horiek lotu zituzten beste espazio itxi batekin. Bada, erdiko espazio berri horrek lortu zuen passivhaus izendapena. Alfredo Bengoak, Gasteizko Udaleko Planifikazio eta Proiektuetako Zerbitzu Buruak, azaldu du jauregiaren beste eremu batzuk ere zaharberritu zirela, kale nagusira ematen duen landare-fatxada barne. "Eraikin osoaren energia kontsumoa erdira murriztu dugu; hau da, espazio erabilgarria handitu dugu, eta gastua murriztu", azaldu du Uriartek.
Aurreztutako energiaz gain, beste aldagai batean jarri dute arreta Uriartek eta Bengoak: konforta. Azken hori argia izan da: "Energian erraz aurreztu daiteke, berogailua jartzen ez baduzu; etxebizitza pasiboetan, ordea, konforta lehenesten da".
Beroketa eta hozte sistemetan jartzen dute arreta berezia aipatu irizpide guztiek. Hala ere, kontuan hartzen du kontsumituko den argindarra, baita ur beroa ere. Uriartek azaldu du, behin etxea berotzean eta hoztean erabilitako energia murriztean, ura berotzea dela energia kontsumo nagusia. Ura berotzeko sistema eraginkorragoak egiteko modua da azken urteetako erronka, baita jendea kontzientziaraztea ere. "Pertsona batzuei arraro egiten zaie bost minutuan dutxatzearen ideia; harritzen dira ur biltegi bat husten bada hamar minutuko dutxa baten ostean”.
Bost printzipio, eta bi irizpide
Energia aurrezteko eta konforta bermatzeko bost printzipio jarraitu behar dituzte etxebizitza pasiboek. Adelina Uriartek gaineratu du denak "modu koordinatu eta koherente" batean ezarri behar direla. Oinarri horiek guztiak elkarrekin oso lotuta daudela gaineratu du Katia Belosok, Arkitecnicas kooperatibako beste kide batek.
Batetik, etxebizitzaren hermetikotasuna bilatzen da; hots, energiak ez dezala ihes egin edozein zirrikitu baliatuta. Oinarri hau da, hain zuzen ere, egungo etxebizitzen araudiarekin bat ez datorren irizpide nagusia. Espainian ez da hori aintzat hartzen, baina etxebizitza pasiboa dela egiaztatzeko beharrezkoa da.
Bigarren oinarria da etxebizitza isolatzeko material oso eraginkorra baliatu behar dela, betiere tokian tokiko klima aintzat hartuta. Halaber, isolamendu horretan ez da etenik egongo; jarraitua izango da, eraikinaren inguru osoan. Hirugarrenik, zubi termikoak ahal beste gutxitu behar dira, barrualdearen eta kanpoaldearen artean energia trukaketa egon ez dadin. Laugarrenik, kalitate handiko leiho eta ateak behar dira, eta, azkenik, airea berritu behar da, baina barruko beroa berreskuratuko duen aireztatze sistema mekanikoa behar du. Etxebizitzak leihoak dituen arren, ez dira zertan ireki behar etxea aireztatzeko, bertatik energia asko galtzen delako. Sistema mekaniko bat arduratzen da airea berritzeaz, baina beroa ahal beste mantenduz: sistema horrek barruko airea ateratzen du, baina bertako beroarekin geratuz, eta kaletik hartzen duen airearekin berotzen du.
"Aukera ona baldin bada hau, zergatik ez dugu teknikari denok honen alde egiten?"
Adelina Uriarte, Arkitecknikas
Bost printzipio horiei beste bi irizpide gehitu behar zaizkie. Uriarteren iritziz "zentzuzkoak" dira, eta horregatik Uriartek eta Belosok ez dituzte aurreko bost printzipioekin batera zerrendatzen. Alde batetik, etxebizitza berria denean, horren kokapenari arreta jarri behar zaio. Horrek eguzkiaren beroa hobeto baliatzeko aukera ematen du, besteak beste.
Beste alde batetik, eraikitako espazioaren eraginkortasuna neurtzeko tresna ere kontuan hartu behar da. Tresna informatiko horretan etxearen kokapena, orientazioa eta datu guztiak sartzen dira: erabiliko diren materialak, leiho mota, azalera, aireztatzea, inguruko itzalak…
Tresna informatikoak hamaika aukera eskaintzen dituela gaineratu du Katia Belosok. Izan ere, aldagai ezberdinak aztertu daitezke, ahalik eta eraikin eraginkorrena eraikitzeko. "Leihoen azalera handitu ahala galduko den energia handitzen da, baina, agian, merezi du, sartuko den eguzkiarekin irabaziko den energia galera baino handiagoa delako". Horrez gain, aipatu tresnaren erabilerak errazten du etxebizitza pasiboa dela egiaztatzeko prozesua. "Egiaztatzea prozesu zaila da, baina gauzak ondo egin diren seinale da".
Etxe pasiboa dela egiaztatzeko zorroztasun hori zenbaki batean irudikatzen da: 15. Passivhaus eraikin berrietan energia beharrak ezin du gainditu 15 Kw orduko muga metro koadroko urte batean. Zenbaki horren neurria hobeto ulertzen da egungo etxeen sailkapen energetikoarekin alderatuz gero, A letratik G letrara doan horrekin: etxebizitza batek A izendapena jasotzeko 44,6 Kw/o baino gutxiagoko gastua izan behar du; D letraren muga, aldiz, 172,3 Kw ordukoa da, metro koadroko urte batean. Alegia, D izendapena duten etxebizitzen behar energetikoa etxe pasiboena baino hamar aldiz handiagoa da.
Passivhaus irizpidearen arabera zaharberritzeak egitean 15 Kw orduko muga hori lausoagoa da. Aurrez eraikitako etxebizitza batean zailagoa da esku hartzea. Hala eta guztiz ere, "zaharberritze onena" egitea bilatzen dela gaineratu du Uriartek, betiere aurreko printzipioak jarraituz.
Sustapen publikoko eraikin gutxi
Araban eraikitako etxebizitza pasiboak sustapen pribatukoak dira, nagusiki. Egoera "konplexua" dela aitortu du Adelina Uriartek. "Teknikari guztiok ere ez dugu gauza bera pentsatzen", azaldu du. Hala ere, Uriartek defendatzen du passivhaus printzipioak dauden onenak direla. "Hori bada egin dezakegun onena, zergatik ez dugu horren alde apustu egiten?". Alfredo Bengoak nabarmendu du aldagai askok bat egin behar dutela administrazio publikoan horren alde apustu egiteko: teknikariak, politikariak, ogasuna… "Europa Jauregiaren zaharberritze eredua ez zen bat ere ohikoa, eta gaur egun ere ezohikoa da".
Sustapen publikoko eraikuntza passivhaus irizpideen arabera izan beharko litzatekeela defendatu dute Uriartek, Belosok eta Bengoak. Azken hori argia izan da: "Etxebizitza pasiboa ez den eraikin bat egitean zahartutako bat egiten ari zara; dirua bideratuko baduzu lan horretara, gutxienez ondo erabili". Hori egitean, baina, araudia traba bat dela nabarmendu du, aldakorra delako batean eta bestean. "Araudiak gutxieneko helburuak zehazten ditu, eta joera da gutxieneko horietara mugatzea; gutxitan bilatzen da horiek gainditzea".
Ikastetxeek azken bi urteetan bizitako egoera jarri du Bengoak mahai gainean, bere hausnarketa argudiatzeko. Covid-19 pandemiarekin zabaldutako eztabaida ekarri du gogora, leihoak ireki behar izatea zela eta. Batetik, azaldu du bero dagoen ikasgela batean leihoak irekitzean energia botatzen dela, eta gelako konforta galtzen dela. Bestetik, gaineratu du leihoak irekitzen ez badira, horrek eragina duela ikasleen kontzentrazioan. Azken hori ikertu du Passivhaus Eraikitze Plataformak, Covid-19 pandemia hasi zen urtean.
"Etxebizitza pasiboa ez den eraikin berri bat egitean zahartutakoa egiten ari zara"
Alfredo Bengoa, Gasteizko Udala
Dozenaka ikastetxeren gelen airearen kalitatea aztertu zuten, milioi bat partikulako zenbat CO2 partikula zeuden begiratuz. Kaleko airean milioi bat partikulako CO2-ko 400 daude, gutxi gorabehera. Gela bat aireztatzen ez bada, pertsonek arnastutako CO2 partikulak pilatzen dira, eta, gas horren 1.000 partikula baino gehiago badaude, arreta galerak gertatzea errazagoa da, ikerketa horren arabera. "Ikastetxe askok 2.000 eta 3.000 CO2 partikulen muga gainditu zuten; aireztatze mekaniko egoki batekin hori saihestu daiteke".
Etorkizunera begira eragile guztiak bat datoz: energetikoki eraginkorra den eraikitzeko modu baten alde egin behar da. Adelina Uriartek etxebizitza pasiboak egiteko printzipioak publikoak direla dio, eta edonork gara ditzakeela, energetikoki eraginkorragoak diren eraikinak egiteko. "Autoak, urte gutxian, pasa dira ehun kilometro egiteko 10 litro behar izatetik 4 kontsumitzera; zergatik ez da hori egin eraikuntzan?".