I+MED

"Nanohidrogelek tratamendu pertsonalizatua errazten dute"

Juanma Gallego 2022ko mai. 7a, 06:00
I+Med kooperatiban negozio garapenerako arduraduna da Itziar Beitia. I+MED

2024. urtearen amaierarako Miñaon nanohidrogel adimentsuetan "erreferentea" izango den institutu bat eraikitzeko asmoa azaldu dute.

I+Med kooperatibak iragarri du hogei milioi euro inbertituko dituela Arabako Parke Teknologikoan Nanohidrogel Adimentsuen Institutu Biomedikoa sortzeko. Munduko lidergoa eskuratu nahi dute adimen artifizialean oinarritutako hidrogelen garapenean. 2024ko amaierarako prest izan nahi dute, kooperatibako negozio garapeneko arduradun Itziar Beitiak (Gasteiz, 1992) azaldu duenez.

Proiektu garrantzitsu bat aurkeztu duzue. Zehazki, zer egin nahi duzue?

Institutu berria sortzeko inbertsio proiektua aurkeztu dugu. Nanohidrogel adimentsuei buruzko ikerketak egingo ditugu bertan, baina, horrez gain, teknologia berri honekin produktuak diseinatuko ditugu. Produktu biomedikoak izango dira, balio erantsi handia dutenak. Bertan produktuak fabrikatu eta ziurtatuko ditugu ere. Pertsona talde handi bat egongo da: orotara, 125 lagun egongo dira, eta, horietatik %80 ikertzaileak izango dira. Pertsonei dagokien arlo hori guretzat oso garrantzitsua da, azken finean I+Med kooperatiba bat delako; hortaz, gure enpresan pertsonak dira zutabe garrantzitsuena.

Zentro integrala izango da, beraz.

Bai. Guretzat, produktuak diseinatu eta ziurtatzeaz gain, oso garrantzitsua da hemen ere produktuak ekoiztea. Horrela errazagoa da kalitatea kontrolatzea eta eraginkortasuna izatea. Azken finean gure teknologia eta gure produktuak oso bideratuta daude osasun arlora. Gure helburua da pertsonen bizi kalitatea hobetzea, eta, horretarako, produktu farmako-sanitarioak egiten ditugu. Horrez gain, produktu kosmetikoak eta higiene pertsonalerako bideratutakoak ere lantzen ditugu. 

Giza osasunera bideratutako produktuak izanik, epeak eta protokoloak luzeagoak izango dira. Zaila al da planifikazioa?

Bai, planifikazioa oso garrantzitsua da, pertsonen osasunarekin lan egiten ari garelako. Zentzu honetan, merkatuan hainbat produktu ditugu jada, oftalmologian, traumatologian edota medikuntza estetikoan. Baita luxuzko kosmetikaren alorrean ere. Dena dela, eta araudiaren aldetik begiratuta, bi produktu mota ditugula aintzat hartu behar da: osasun produktuak eta kosmetikoak. 

Nola lortuko duzue finantziazioa?

Beste edozein kooperatiba pribatuk bezala, gure baliabide propioak ditugu, batez ere produktuen salmentari esker. Baina, horrez gain, finantziazio modu desberdinak lotuko ditugu, bai finantza entitatetatik zein laguntza publikoetatik.

Kooperatibak ez dira oso ohikoak arlo medikoan. Nola sortu zen?

Egia da ez direla oso ohikoak, eta, hain justu, horregatik sortu zen. 2013-2014 urteen inguruan izan zen. Manu Muñoz —gure zuzendari orokorra— eta Raul Perez —zuzendari zientifikoa— izan ziren kooperatibaren sortzaileak, ingeniaritza biomedikoaren alorrean proiektu independente bat eratzeko helburuarekin. Funtsean, independentzia hori izatea nahi zuten, eta horrela nahi dugu gaur ere kooperatibako kideok. 

"Sendagaia behar den tokira zuzenean garraiatzea edo bideratzea lortu nahi dugu"

Zertan datza teknologia hau, eta zer aplikazio ditu?

Hidrogeletan eta horien askapen kontrolatuan zentratuta dago. Modu errazean azalduta, sendagaiak edo printzipio aktiboak garraiatzeko kutxatxo gisakoak diseinatzen ditugu. Kanpo zakutxo antzeko batzuk; matrizeak. Horiek biopolimeroekin diseinatuta daude. Funtsean, horrekin lortu nahi duguna da sendagaia zuzenean garraiatzea edo bideratzea behar den tokira. Kasurako, minbizia dagoenean, jakin badakigu zelula horiek pH zehatz bat dutela. Orduan, sendagaia gorputz osoan eman beharrean, guk programatzen dugu kanpoko biopolimero hori, behin pH maila edo tenperatura zehatz batetara iristean sendagaia bere kabuz askatu dadin.

Zer abantaila ditu gauzak horrela egiteak?

Tratamendua pertsonalizatua dela da nabarmenena, sendagaia askatzen delako kanpoko baldintzen arabera. Horrekin eraginkortasuna asko hobetzen da. Batetik, bidean ez da sendagairik galtzen. Bestetik, albo ondorioak asko gutxitzen dira, soilik behar den tokira iristen delako. Gainera, askapen kontrolatua egiten dugunez, sendagaia poliki askatu ahal dugu. Tratamendu bat jaso behar baduzu hilabete batean zehar, hidrogelei esker hilabetean zehar askatuz joan daiteke, esaterako, injekzioak jarri behar izan gabe. Beste adibide bat jartzearren, askotan mina sortzen da hezurren artean dagoen babesa galtzen delako. Bada, hidrogelek dituzten propietate mekanikoei esker, hezur horiek babestu ahal dira eta, aldi berean, beste sendagai batekin osatu daiteke tratamendua, infekzioak saihesteko edo hanturaren kontra egiteko. Aukera asko daude. 

'Hidro' izaera horrek ematen al du abantailarik organismoan aritzeko? 

Esango nuke abantaila handiena dela kutxatxo hori diseinatzerakoan jokatu ahal dugula biopolimeroekin, bai hidrogela izanda edo beste edonolako biopolimero izanda ere. Abantaila da biobateragarritasun oso altua duela. Inplanteak estaltzeko erabili daitezke, adibidez. Gainera, behin bere funtsezko helburua lortu dutela, gorputzak hidrogelak birxurgatzen ditu. Adibidez, berez organismoan dagoen azido hialuronikoa guk askotan erabiltzen dugu. 

Etorkizunari begira, zeintzuk dituzue erronka nagusienak?

Bereziki, pertsonalizazioa; lagun bakoitza desberdina delako. Bai gure teknologiarekin zein adimen artifizialaren bitartez pertsonalizazio hori lortzeko lanean ari gara. Gainera, monitorizazioaren bitartez kontrol askoz handiagoa lortu nahi dugu, diagnostiko zehatzagoak lortu aldera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide