Poesia, oholtza eta erakusleihoetara

Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 17:20

Leon Feliperen poemen errezitaldia egingo du Hector Alteriok. / Alea

Besteak beste, Joseba Sarrionandia, Hector Alterio, Elvira Sastre, Miren Agur Meabe eta Juan Valderrama igaroko dira aurtengo Poetak Maiatzean jaialditik.

Abian da inoizko Poetak Maiatzean jaialdi handiena. Igandean bertan, maiatzaren 1ean, emango zioten hasiera hamar urte bete dituen jaialdiari, poesia hedatzeko eta poesiaren eta gizarte ehunaren arteko lotura sortzeko helburua duen jaialdiari. "Ez dago horrelako jaialdirik. Ez bakarrik hilabete bateko iraupenagatik, baita bere hiriburuarekiko eta lurraldearekiko duen konpromisoagatik ere, gizarte eragileetatik elikatzen den jaialdia", gogoratu du jaialdiaren zuzendari Elisa Ruedak.

Hunkitu Arte elkarteak antolatuta, erakunde eta elkarte ugariren arteko lankidetzari esker egingo du aurrera, nabarmendu duenez. Aurten, besteak beste, Helios, Ramon Bajo, Down Araba elkartea, Luis Aranburu musika eskola eta Oihaneder Euskararen Etxeak ere parte hartuko dute jaialdian. Horiek denek egitarau betea osatzeko lan egin dute, igandeaz geroztik gozatu daitekeen programa. Edizio berezi honetan poesia errezitaldiak, musika, poesia lehiaketak, erakusketak, dantza eta lantegiak eskainiko ditu adin guztietako jendearentzat.

Izen handien artean, besteak beste, Joseba Sarrionandia, Hector Alterio, Elvira Sastre, Nieves Muriel, Begoña M. Rueda, Mirian Reyes, Luz Pichel, Luis Garcia Montero, Miren Agur Meabe, Karmelo Iribarren, Amancio Prada, Marwan, Fernando Beltran eta Juan Valderrama igaroko dira aurtengo Poetak Maiatzean jaialdirako prestaturako oholtza desberdinetatik.

Jaialdia Amaren Eguna poesia lehiaketarekin hasi da, maiatzaren 1ean. Apirilaren 15era bitartean parte hartu dutenen artean poema bat aukeratu dute, eta horixe banatuko zuten igandean hiriburuko lorandendek lore sorta bat eraman zutenen artean. Handik aurrera, ia 80 ekitaldi desberdin izango dira hilabete amaiera arte.

Inaugurazio ofiziala, halere, hilaren 6an egingo dute, Elisa Ruedaren hasiera hitzaldiarekin eta Jose Uruñuela dantza kontserbatorioko ikasleen eskutik; El Caminante jantziko dute jaialdiko kartela daraman kamisetarekin.

Egun bat beranduago, maiatzaren 7an, egingo dute jaialdiko ekitaldi berezietako bat. Munduko hainbat lekutatik etorritako poeten topaketa-errezitaldia izango da; 16:00etan, Europa jauregian.

Maiatzaren 9an, berriz, Kanarietako poetak izango dira protagonista hiriburuko hainbat liburutegitan; maresía hitz guantxea (ihintza itsasoan) ardatza izango dute errezitaldietan.

Usoen Eguna ere berezia izango da, maiatzaren 27an.  Ikasleek beren olerkiak aurkeztuko dituzte uso forma duten orriekin. Sebastian Iradierren La Paloma entzun ondoren (12:00etan), ikastetxe bakoitzeko ordezkariek balkoitik irakurriko dituzte poemak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago