Martxan dira San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko Arabako jaiak, eta Aldundiak eta Armentiako Administrazio Batzarrak ia 80 jarduera programatu dituzte aurten. Apirilaren 22an hasi zen programazioa, pregoiarekin, eta maiatzaren 1ean amaituko da, Estibalizko erromeriarekin.
Gainera, Aldundiak antolatutako egitarauaz gain, Armentiako Administrazio Batzarrak jarduera ugari antolatu ditu apirilean eta maiatzean zehar: txapelketak, ikuskizunak, dantzaldiak, kirol jarduerak...
Erretreta eta danborrada
Gaurko hitzorduak San Prudentzio bezperako erretreta eta danborrada izango dira:
- Erretretak: 20:00etatik 21:00etara Plaza Berrian, udaletxetik; eta 21:00etatik 22:00etara Aldundiaren jauregiko balkoitik.
- Erretretako joaldien artean: Hutsun eta Ortziren emanaldiak, Urbasa obraren egokitzapenarekin, eta antzerkia Hika Teatroa konpainiaren eskutik, Gazte obraren egokitzapenarekin.
- Su artifizialak: 22:00etan hiriko zenbait tokitatik.
- Danborrada: 23:30ean, gastronomia elkarteen desfileak, Probintzia plazatik; ondoren, 00:30ean, herri dantzaldia Arka plazan, Joselu Anaiak taldearen eskutik.
Armentiako eguna
Herritarrek gehien espero duten itzulera, ezbairik gabe, Armentiako egun tradizionala izango da bihar, apirilaren 28an, ostegunean. Egun osoko egitaraua egongo da. 9:00etan, Araba Zortzikoa interpretatuko du Aldundiko txistularien eta tronpetarien bandak, Probintzia plazan; ondoren, besteak beste, haurren danborrada, prozesioa, elizkizunak, dantzarien emanaldiak, haurrentzako jolasgunea, txarangak, txokolatada, herri kirolak, eta Trikidantz eta Rocka Familian taldeen kontzertuak izango dira egunean zehar.
Baina hitzorduak ez dira Armentiako egunarekin amaituko. Hilaren 29an, ostiralean, 80. hamarkadari omenaldi kontzertua eskainiko dute Plaza Berrian, ABBA eta Guns and Roses taldeen soinuekin.
Estibalizko erromeria
Eta, azkenik, maiatzaren 1ean, igandean, Estibalizko erromeria egingo da. Egun osoan zehar, pintura lehiaketa, azoka, sukaldaritza lehiaketa Arabako patatekin, meza, bisita gidatua, haurrentzako jolasgunea, tailerrak, herri kirolak, dantzak, herri bazkaria, haur animazioa izango dira, besteak beste.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!