Programazioa

Arabarrak, San Prudentzioko erretreta eta danborradarako prest

Erredakzioa 2022ko api. 27a, 10:00

2019ko erretreta Probintzia plazan, pandemia iritsi aurretik. / Argazkia: AFA-QUINTAS

San Prudentzio egunaren bezperako erretreta eta danborrada ospatuko dira gaur Gasteizen. 20:00etan eta 21:00etan, erretretak joko dituzte Plaza Berrian eta Probintzia plazan, 23:30ean danborrada egingo dute gastronomia elkarteek, eta bihar Armentiako egun tradizionala itzuliko da.

Martxan dira San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko Arabako jaiak, eta Aldundiak eta Armentiako Administrazio Batzarrak ia 80 jarduera programatu dituzte aurten. Apirilaren 22an hasi zen programazioa, pregoiarekin, eta maiatzaren 1ean amaituko da, Estibalizko erromeriarekin.

Gainera, Aldundiak antolatutako egitarauaz gain, Armentiako Administrazio Batzarrak jarduera ugari antolatu ditu apirilean eta maiatzean zehar: txapelketak, ikuskizunak, dantzaldiak, kirol jarduerak...

Erretreta eta danborrada

Gaurko hitzorduak San Prudentzio bezperako erretreta eta danborrada izango dira:

  • Erretretak: 20:00etatik 21:00etara Plaza Berrian, udaletxetik; eta 21:00etatik 22:00etara Aldundiaren jauregiko balkoitik.
  • Erretretako joaldien artean: Hutsun eta Ortziren emanaldiak, Urbasa obraren egokitzapenarekin, eta antzerkia Hika Teatroa konpainiaren eskutik, Gazte obraren egokitzapenarekin.
  • Su artifizialak: 22:00etan hiriko zenbait tokitatik.
  • Danborrada: 23:30ean, gastronomia elkarteen desfileak, Probintzia plazatik; ondoren, 00:30ean, herri dantzaldia Arka plazan, Joselu Anaiak taldearen eskutik.

Armentiako eguna

Herritarrek gehien espero duten itzulera, ezbairik gabe, Armentiako egun tradizionala izango da bihar, apirilaren 28an, ostegunean. Egun osoko egitaraua egongo da. 9:00etan, Araba Zortzikoa interpretatuko du Aldundiko txistularien eta tronpetarien bandak, Probintzia plazan; ondoren, besteak beste, haurren danborrada, prozesioa, elizkizunak, dantzarien emanaldiak, haurrentzako jolasgunea, txarangak, txokolatada, herri kirolak, eta Trikidantz eta Rocka Familian taldeen kontzertuak izango dira egunean zehar.

Baina hitzorduak ez dira Armentiako egunarekin amaituko. Hilaren 29an, ostiralean, 80. hamarkadari omenaldi kontzertua eskainiko dute Plaza Berrian, ABBA eta Guns and Roses taldeen soinuekin.

Estibalizko erromeria

Eta, azkenik, maiatzaren 1ean, igandean, Estibalizko erromeria egingo da. Egun osoan zehar, pintura lehiaketa, azoka, sukaldaritza lehiaketa Arabako patatekin, meza, bisita gidatua, haurrentzako jolasgunea, tailerrak, herri kirolak, dantzak, herri bazkaria, haur animazioa izango dira, besteak beste.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!