Arkeologoak aztarnategi bat induskatzen ari direnean, seguruenera bertatik atera daitezkeen arrain hezurrak ez dira munduko gauzarik deigarriena. Normalean hezur puskak identifikatzea zaila bada, are konplikatuagoa da jakitea zer animaliari dagozkien arrain hezur ñimiño batzuk. Ez da kazetari baten espekulazio hutsa: kasurako, 1999 eta 2002 urteen artean arkeologo talde batek Gasteizko Jesus Aranburu udal musika eskolan jarri behar zen eraikinean induskatu zutenean, Hedegile kaleko 108. etxetik atera ziren animalien arrasto gehien-gehienak identifikatzeko moduan egon ziren. Horien gaineko deskripzio zabala egin zuten, gainera. Alabaina, arrainari dagokionez, hamasei arrain arrasto agertu zirela esatera mugatu ziren, haien datazioekin batera.
Arrantza handia XI-XII mendeetan berriro hasi zela uste dute adituek
Barkatu behar zaie hori egin izana. Izan ere, duela bi hamarkada zaila zirudien halako arrastoetatik informazio baliagarri asko atera al zenik. Baina teknikak izugarri hobetu dira azken urteotan, eta, duela gutxira arte imajinaezina zena posible da orain. Eta arkeologoek den-dena gordetzeko mania dutenez, orain arrain puska txiki horiek mintzatzen hasiak dira.
Fish and Fisheries aldizkarian argitaratutako artikulu batean baliatu dituzte Iberiar penintsulako hainbat aztarnategitan jasotako laginak, horien azterketa zabala egiteko: Arabaren kasuan, Gasteiz —Hedegile eta Eskola kaleetan, eta Santa Maria katedralean—, eta hiru gaztelu: Bastida, Argantzon eta Trebiñu.
Horien azterketan abiatuta, Erdi Aroan zeuden merkataritza sareak aztertu nahi izan dituztela azaldu du Leidengo Unibertsitateko (Herbehereak) Laura Llorente Rodriguez arkeozoologoak. Gogora ekarri duenez, Erdi Aroan penintsula erreinu kristau eta musulmanen artean banatuta zegoen.
"Bagenekien batez ere Galizia eta Kantauri aldean arrain ekoizpen handia zegoela, baina ez genekien noiz hasi zen; ezta penintsularen barrura joateko zein merkataritza ibilbide hartzen ziren, ez eta erreinu musulmanekin merkataritza ote zegoen ere", laburbildu du Llorentek. Dioenez, erresuma kristauen inguruan informazio asko gorde da idatzita, baina ez horrenbeste musulmanei zegokienez.
Isotopo desberdinak
Eremu desberdinetako arrain arrastoak direnez gero, arrainen tamaina eta karbonoaren eta nitrogenoaren isotopo egonkorrak aztertu dituzte. Jakina denez, elementu bakoitzaren aldaerak dira isotopoak, eta, horien proportzioa ezagututa, informazio asko eskura daiteke bizidun horrek bizitzan izan zuen ingurumenaz, batez ere jaso zuen elikadurari esker.
Behin Atlantikoko eta Mediterraneoko arrain populazioak bereizita, ondorioztatu dute erreinu kristau eta musulmanen arteko merkataritza handirik ez zegoela, ez bederen arrainari dagokionez.
Garai horretan, penintsularen hegoaldeko erreinu musulmanetan batez ere hegaluzea (Thunnus thynnus) arrantzatzen zuten, eta Magrebekin eta Mediterraneoarekin lotura estua zuten. Kristauetan, berriz, bereziki legatza (Merluccius merluccius), itsas aingira (Congrio congrio), eta sardina (Sardina pilchardus) ziren gehien arrantzatutakoak.
Erromatarren arrain industriaren kolapsoaren ondoren, jardun ekonomiko horri bideratutako tokiak egon zirela berretsi dute ikerketa honetan. Egileen ustez, horrek iradokitzen du merkataritza sareak uste baino lehenago egon zitezkeela funtzionamenduan.
Modu antolatuan egindako arrantzari data berria jarri diote, penintsulari dagokionez, behintzat. "Gure datuek erakusten dute arrain hauek uste baino lehenago arrantzatzen zirela", argitu du adituak. "Testuetan XIII. mendean hasi zirela esaten da, baina ikusi dugu XI-XII mendeen bueltan dagoeneko arrantzatzen zela".
Alabaina, eta haien ikerketa helburuen artean ez egonda ere, ezusteko beste ondorio bat jaso dute ikerketan. "Lan hau egiten genuen bitartean ikusi genuen oso konplikatua egiten zitzaigula Erdi Aroko eta gaur egungo arrainak alderatzea. Bada, gero konturatu ginen zein zen horren zioa: oraingo arrainen tamaina askoz txikiagoa da". Batez bestean, 10-15 zentimetro arteko aldeak aurkitu dituztela dio, baina kasu batzuetan oso alde nabarmenak aurkitu dituzte. "Erdi aroko legatzak 75 zentimetro ingurukoak ziren. Oraingo legatzek, ordea, 50-55 zentimetro baino ez dituzte, eta batzuetan 35 zentimetrokoak dira".
Hortaz, ikertzaileek legatzen tamainaren jaitsiera egiaztatu dute. Zergatik? Arazoaren abiapuntua arrantza sistemari egotzi dio Llorentek. "XIX. mendean oraindik tamaina oneko legatzak ditugu. Baina jaitsiera XX. mendean hasten da, arrantza jardueran arrasteak nagusitzen hasten direnean". Argitu duenez, arrantza mota horrek "dena hartzen du", eta arrainei ez die uzten eskuratzen behar duten tamaina.
Misterioa Kanarietan
Dena dela, oraindik badira argitu gabeko kontuak. Kasurako, eta ikerketa honetan aipatu ez badute ere, arkeozoologoak azaldu du Kanariar Uharteetan gaur egun bizi diren legatz populazioek nitrogeno balio oso baxuak dituztela haien baitan gordetako isotopoetan arakatu dutenean. Dioenez, hori nahiko kontraesankorra da, gainerako populazioen aldean. Dena dela, susmagarri bat badute: bertako arrantzaleek diotenez, legatz horiek bereziki krustazeoak jaten dituzte. Badute nondik heldu misterioari.