Pandemia aurreko garaietan erretiratuek egiten zuten erromesaldi osasuntsuari eusten diote zenbait hegaztik ere: hotza eta gau luzeak datozenean, hegoalderantz alde egiten dute, bertako eguraldi eguzkitsu eta elikagai oparoen bila. Horietako bat da enara azpizuria (Delichon urbica): Afrikan ematen du negua, baina urtero bueltan dator Euskal Herrira, zintzo-zintzo, hemen habiak egitera.
Espeziea hobeto ezagutzeko, IGI Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak #azpizuria izeneko kanpaina martxan jarri dute aurten. Horretarako, herritarrengana jo dute, laguntza bila.
Naturazaleek askotan sakelako telefonoetarako aplikazio bereziak erabiltzen dituzte hegaztien edo beste animalien inguruko datuak jasotzeko. Horien artean, NaturaList edo iNaturalist dira agian zabalduenak. Aplikazio horien bitartez, zaletuek bildutako informazio preziatua beste zaletu zein zientzialariengana erraz irits daiteke, horiekin zientzia egiteko eta espezieetarako babes neurriak faboratzeko.
Oraingoan, baina, mundu horretan hain sartuta ez dagoen jendearengana iritsi nahi izan dute. Herritar zientzia ekimen berria aurrera eramateko, antolatzaileek jende gehienaren artean aise zabalduta dauden sare sozialak baliatu nahi dituzte.
Enara azpizuriaren habia bat behatzen dutenei hiru gauza egiteko eskatu diete: batetik habiari argazki bat ateratzea —hau esan ez badute ere, komeni da gogoratzea animaliei ahalik eta gutxien traba egin behar zaiela, are gehiago ugalketa eta hazkuntza garaian daudenean—. Bestetik, habia horren kokapena seinalatzea, kalea, atari zenbakia eta herria jarrita. Azkenik, argazkia eta datu osagarri horiek sare sozialetan zabaltzea, beti ere #azpizuria traola erantsita.
"Lortutako datu guztiei esker hobeto ezagutu ahal izango dugu hegazti hauek udalerrian duten banaketa, beharrezkoa izango balitz, kontserbazio lan ezberdinak egin ahal izateko", aurreratu dute IGIko arduradunek.
Bola itxurako habia
Habiatik kanpo daudenean, nahiko erraza izan ohi da bereiztea enara arrunta (Hirundo rustica) eta enara azpizuria. Lehenak urkila formako buztan luzea du, baina bigarren espezieak buztan askoz txikiagoa du. Izenak adierazten duen moduan, haren azpiko alde zuri-zuria oso nabarmena da. Gainera, enara arrunta baino dezente ugariagoa da: udako arratsalde horietako batean, ekaitza sortu aurretik uretatik gertu ziztu bizian eta multzoka dabiltzan txoriak ikusiz gero, seguru aski enara azpizuriak izango dira.
Habiak bereiztea, baina, konplikatuagoa izan daiteke. Bada, espezieen habiak bereizten ez dakitenei pista bat eman diete antolatzaileek: habien formari erreparatu behar zaie. "Azpizuriek bola itxura ematen diote habiari; enarek, berriz, habiaren goiko aldea agerian uzten dute".
Dena dela, ahalegin berezi hau espezie zehatz honetara bideratu badute ere, udalerrian habia egiten duten gainerako hegaztiei begira ere egitasmo berezi bat martxan jarrita dute IGI eta Aranzadi erakundeek: boluntarioen lanari esker, Gasteizko Hegazti Habiagileen Atlasa osatzen ari dira. Hilaren 15ean hasi dituzte lehen behaketak, eta, proiektua osatu ahal izateko, udalerria 343 laukitan banatu dute —bakoitzak kilometro koadro bat hartzen du—. Lauki horietako bakoitzean aurkitzen dituzten hegaztien berri jasotzen ari dira boluntarioak. Dena ondo bidean, hiru urte barru espero dute informazio hori guztia antolatuta eta argitaratuta izatea, interesatu guztien esku uzteko.