Gasteizek zehaztasun handiz ezagutuko ditu udalerrian dauden hegazti habiagileak, datozen hiru urteetan horien berri izateko laginketa handi bat egingo duelako.
Astelehenean aurkeztuko dute udaletxean Gasteizko Hegazti Habiagileen Atlasa egiteko Aranzadi zientzia elkarteak eta Gasteizko Udalak sinatutako hitzarmena.
Apirilaren 15ean hasiko dituzte lehen laginketak, Aranzadi zientzia elkarteko teknikari Maite Lasoren arduraren pean. Lasoren esanetan, hegazti habiagileak bereziki garrantzitsuak dira, ugalketa bertan egiten dutelako, eta ondorengoak izaten dituztelako.
Zentsua egin ahal izateko, Gasteiz 343 laukitan banatuko dute. Lauki bakoitzak kilometro koadro bat hartuko du. Horietako bakoitzean bi egunez ordubetez laginketak egingo dituzte, bertan aurkitzen diren hegaztien berri jasotzeko, bai begiz ikusita zein haien kantuak identifikatuz. Maiatzaren 16tik aurrera egingo dute bigarren laginketa. Tarte hori utzita, espezie desberdinen egutegia aintzat hartu nahi dute.
Lanak hiru urtez luzatuko dira, eta, hein handi batean, boluntarioek egindako lanean oinarrituko da. Horiei begira, formakuntza saioak egingo dituzte, bai Atarian zein auzo etxeetan.
Jasotako emaitzak txosten batean bilduko dituzte. Momentuz, egitasmoaren berri ematen duen www.atlasvg.eus webgunean emango dute informazioa, bai eta www.ornitho.eus atarian ere.