MARIAN GARCIA FIDALGO

"Teknologiari esker, dosiak oso zehatzak dira erradioterapian"

Juanma Gallego 2022ko api. 22a, 06:00

Bioaraba institutuko zuzendari zientifikoa da Garcia Fidalgo. ALEA

Unibertsoan diren oinarrizko lau indarretako baten emaitza baliatzen du aurtengo San Prudentzioko pregoilariak jendea sendatzeko: erradiazioa. Horri esker, gaitzak atzeman eta sendatu daitezke, baina ezinbestekoa da botere hori tentuz erabiltzea. Modu berean, adituak argi du berrikuntza egiteko gaitasuna teknologia bezain garrantzitsua izan daitekeela.

Bioaraba institutuko zuzendari zientifiko Marian Garcia Fidalgo fisikaria (Eibar, 1968) izango da aurtengo San Prudentzioko pregoia emango duena. Bertan zientzia eta teknologiaren aldeko aldarria egingo duela aurreratu du zientzialariak, gizartean aurrera egiteko ezinbesteko jarduna dela azpimarratuz.

Nola sentitzen zara pregoilaria izateko aukera izateagatik?

Oso harro nago. Zinez, ohore bat da jaietako pregoia emateko nigan pentsatu izana. Gainera, jai giroko ekitaldia izanik, ilusio berezia egiten dit. Eibarren jaio banintzen ere, ni arabarra naiz. Izateaz gaiz, berez arabar gisa aritzen naiz beti. Kanpoan egon naizen aldiro Araban daukagun bizi kalitatea goraipatzen dut. Bereziki Gasteiz oso hiri atsegina da zure burua garatzeko, familia bat izateko, edota adinekoa izateko... askotan hori aintzat ez badugu ere. Kanpora ateratzen garenean baino ez gara horretaz jabetzen.

Zein izango da pregoiaren mezu nagusia?

Nire asmoa da zientziaren rola aldarrikatzea. Hori baita, hain justu, gizakiaren garapena laguntzen duena. Ikerketa eta berrikuntza izan behar dira oinarriak; halakoek gizarte heldu egiten gaituzte. Gai konplexuei irtenbideak emateko gaitasuna ematen digute. Izan ere, dagoeneko gai gehienak ez dira sinpleak, konplexuak baizik. Gainera, gizartean dauden sektore desberdinen ekarpena beharrezkoa da arazoei aurre egiteko. Hori oso ondo ikusi izan da pandemian zehar: ez da arazo bakarra izan, askotariko faktoreak izan dituena baizik. Nire ustez, Araban zientzia eta ikerketari emandako laguntza hori behar bezala garatuta izatea funtsezkoa da. Talentua gurean mantentzea, eta kanpokoa erakartzea. Aukera handiak ditugu ikerketa eta industria ehun indartsu bat garatzeko. Bestetik, kontua ez da soilik ekonomikoki errentagarria dela. Gure umeei eman behar dizkiegun baloreak bide horretatik joatea funtsezkoa da ere. Izaera kritikoa mantentzea, desinformazioarekin manipulatuak izan ez daitezen. Umeek ere ikasi behar dute zientzian aritzeak gizartearen babesa duela. Bestela soilik nahi izango dituzte gizartean ospetsuak diren bestelako ogibideak. Aitortu beharra dago talentudun jendea, beraiek izateko erreferente datorren belaunaldietarako.

Zer egiten du fisikari batek medikuntzan?

Fisikak lotura estua dauka medikuntzarekin. XX. mendean zehar medikuntzaren garapena bera, hein handi batean, fisikaren aldetik etorri da. Nobel saria jaso zuen fisikari batek garatu zuen mikroskopia elektronikoa. Erresonantzia magnetiko nuklearra ere fisikari batek asmatu zuen, ingeniari eta mediku batekin elkarlanean. Nire arloari dagokionez, Wilhelm Röntgen fisikariak X izpiak garatu zituen, eta Marie Curiek erradiazioak terapiarako garatu zituen. Historiako lehenengo ospitale erradiofisikaria izan zen Curie, eta Lehen Mundu Gerran X izpiak baliatu zituen lesioak ikusteko. Teknika hauek orain oso barneratuta daude ospitaletan, eta erabiltzen dira bai diagnostikorako zein terapietarako. Baina denbora behar da ere horiek gizakietara egokitzeko.

Medikuntzan, zein arlotan erabiltzen da erradiazioa?

Ia-ia tumore irmo gehienetan erabiltzen da; dena den, tumore batzordeak erabakitakoaren arabera aukeratzen da tratamendua. Izan ere, tumore batzuek erradioterapia behar dute, baina beste batzuek kirurgia edo kimioterapia beharko dute. Guk bereziki prostatako edo bularreko tumoreak tratatzen ditugu, horiek izan ohi direlako prebalentzia gehien daukatenak.

Jendeak oraindik beldurra die erradiazio hauei, ala gero eta gehiago ezagutzen dute alor hau?

Nik uste dut gero eta jende gehiagok dakiela nola erabiltzen diren erradiazioak arlo medikoan. Guk urtero jasotzen ditugu ikuskapenak CSN [Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren] aldetik, eta kalitate kontrolak ditugu. Bestetik, plaka bat egiteko beharrezkoa den erradiazio maila iraganean baino askoz txikiagoa da orain. Irudi teknikak asko hobetu dira. Pentsa orain sakelako telefonoek zer argi gutxirekin ateratzen dituzten gauez irudiak. Bada, gure alorrean berdina gertatzen da, bereizmena asko handitu da eta horrek ahalbidetu du erradiazio dosiak askoz txikiagoak izatea.

"Pandemian milioika datu izan ditugu eskura, eta ikerketan oso lagungarriak izan dira"

Funtsezkoa izango da dosi horiek ondo neurtzea, ezta?

Noski. Hain justu, Zerbitzu honetan gure lanaren zati handi bat da erradiazio dosiak kalkulatzea. Honetan ere, izugarrizko garapenak izan dira azken urteetan, eta dena modu pertsonalizatuan egiten da, pazientearen eta tumorearen arabera. Adibidez, egungo tresnek gaitasuna dute unean-unean erradiazio maila egokitu ahal izateko tumore bakoitzaren geometriaren arabera, eta hori egiten dute gainera mugitzen ari diren bitartean. Bestalde, tresna horiek kudeatzeko araudi zurruna dago, eta oso ondo kalibratuta daude.

Zehazki, zertan laguntzen du erradiazioak? Minbizi zelulak akabatzen al ditu?

Hori da, minbizi zelula horiek hiltzen ditugu, horien ugalketa saihestuz. Jakina denez, hori da minbiziaren arazoa. Baina tratamenduan erabiltzen dugun erradiazio horren indarra aldatzen da egunaren arabera. Izan ere, tratamendua hainbat egunez egiten da; 20 edo 30 izan daitezke. Modu beran, egiaztatu behar da ere erradiazio hori gure erreferentzia atalaseetan zehaztutakoa baina txikiagoa dela.

Pandemian asko arindu da ikerketatik klinikara igarotzea, baina normalean ez doa hain azkar, ezta?

Bai, Covid-19arena mundu mailako osasun arazoa izan denez, eta ondorio sozio-ekonomiko globalak izan dituenez, ikerketa indar gehienak horretara bideratu dira. Berehala atera zen birusaren osaketa genetikoa, datu horiek ikertzaile guztien esku jarrita. Txertoak garatzeaz gain, diagnostikoa ere garatu behar izan zen. Horrek ekarri zuen ikerketarako finantzazioa asko handitzea, baina ikerketan oso beharrezkoa den elementu bat ere gaineratu behar zaio: datu asko izatea. Milioika datu izan ditugu eskura, eta ehunka ikerketa zentro datu horiek erabiltzeko moduan egon gara, ikerketan laguntzeko.

Eta horrek ez al du bueltan ekarri beste lerro asko geldiarazi behar izatea?

Bioarabaren kasuan, pertsonal klinikoak egiten duen ikerketan laguntzen dugu. Pandemiaren garai gogorrenetan, noski, pazienteak artatzera dedikatu behar izan ginen. Egia da hainbat gauza geldiarazi behar izan zirela, baina, bestalde, ikerketa lerro berriak ere abiatu ziren. Une honetan, gure zientzia jarduna pandemiaren aurrean zegoenaren parekoa edo handiagoa da.

"Berrikuntzan, gai izan behar zara egin duzuna guztiz aldatu eta aukera berriei egokitzeko"

Berrikuntzari buruzko hitzaldi batean entzun nizun gailu berezi bat garatu zenutela...

Bai. Kasu horretan, konturatu ginen batzuetan puntzio bat egitean medikuak ez duela garbi nondik doan orratza. Horri aurre egiteko, kanpo markatzaileen bitartez medikuari orratza nondik zihoan informazioa ematea lortu genuen. Autoetako GPS baten antzera, hain justu. 2017an Pragan egindako nazioarteko sariketa batean saria jaso zuen. Baina handik gutxira ikusi genuen berritu behar genuela teknika hori, inguruan garatzen ari zen teknologiari etekina ateratzeko. Garai horretan asko garatu zen, hain justu, errealitate areagotua, batez ere Pokemon Go moduko jokoekin. Eta proiektua erabat aldatu genuen. Horregatik, berrikuntzaren alorrean, batzuetan gai izan behar zara egin duzuna guztiz aldatu eta aukera berriei egokitzeko.

Zein zaila den hori!

Bai, ezta? Baina, modu berean edo bestean, adi egon behar zara berrikuntzei, eta egin diren azken garapenak baliatu. Dena dela, gure kasuan adibidez softwareaz eta kontzeptuaz ikasitako guztia bageneukan. Teknologia aldatzea zen egin behar genuen bakarra. Egindakoa eginda dago, baina batzuetan harago joan behar duzu. Gailu horren kasuan, handik abiatu ziren gero errealitate areagotuan oinarritutako beste hainbat proiektu. Adibidez, medikuen formazioan errealitate areagotua erabiltzeko. Pandemian zehar, askotan ezinezkoa zen jende asko pazientearen gelan egotea. Gaitz kutsakorretan halako teknologiak erabiltzea oso komenigarria izan daiteke.

Zer da zailagoa; ikertzea, kudeatzea ala ikerketa kudeatzea?

Denek dute beren alde polita eta alde eskergaitza. Ikerketa egiteko, denbora eta ahalegin asko beharrezkoak dira. Ondo lan egiten baduzu, emaitzak izango dituzu, negatiboak edo positiboak. Emaitza negatiboak ere argitaratu behar dira, horiek lagungarriak izan baitaitezke ikerkuntzan, baina askotan ez da hori egiten. Berrikuntzarena beste kontu bat da. Hor, bidea ez da hain lineala. Martxan jarri behar dituzun ideiak dira, eta hor ezinbestekoa da zuk zailtasunei eusteko duzun gaitasuna. Eskatzen du proaktibitate gehiago, eta aurreiritzirik gabe jardutea. Kudeaketari dagokionez, horrek bere zailtasunak ditu, noski. Baina, bederen, geratzen zaizun sentsazioa da zuk departamendu baten inguruan duzun ikuspegia gauzatu ahal duzula. Inguruan oso talde konpetentea izatea eta besteei laguntzeko gauzak aurrera ahal izatea, hori oso atsegina da.

"Gure zientzia jarduna pandemia aurrekoaren parekoa edo handiagoa da une honetan"

Zeintzuk dira Bioarabaren erronkak?

Nire ustez, erronka nagusia da ikertzeko eta berritzeko nahia duten pertsonei ideiak garatzeko gaitasuna erraztea. Izan ere, gure indar nagusiena da pertsonal kliniko ikertzailea. Bokazio handia duen jendea dago gurekin. Baina lan asistentziala egiten dutenez, arazoa da denbora gutxi geratzen zaiela ikertu ahal izateko. Nagusiki, lanean ari dira, eta, denbora soberan geratzen bazaie, ikertzen dute. Haien jardunean, dena den, galdera asko sortzen dira, ikerketarako baliagarriak. Espezialitate bereko lankideekin kolaboratzean, zientzia artikuluak irakurtzean, nazioarteko proiektuetan parte hartzean... Bestetik, EHUko jendea dugu gurekin ere, farmazia eta nutrizioa fakultatekoak.

Nolakoak dira enpresa pribatuekiko harremanak?

Teknologia industrian geratzen da, baina erabilera kasuak osasungintzan daude. Bertan daude ezagutza klinikoa eta, oro har, know how-a. Alabaina, enpresa pribatu batek ez du pazienterik, ezta pertsonal klinikorik ere. Hortaz, enpresak garatu behar dituen produktuak testatu behar dira osasungintzan, bai botikak edo gailu berriak. Horregatik, enpresen eta osasungintzaren artean izaten diren lehen elkarrizketa eta hartu-eman horiek ezinbestekoak dira gauzak ondo egiteko, eta, zerbait berria garatzen denean, horrek praktikan zentzua izan dezan. Kasurako, enpresa batek gailu mediku oso txukuna garatu dezake, baina gerta daiteke ere arlo klinikoan erabilgarria ez izatea, agian berdina egiten duen beste metodo bat erabiltzen delako. Elkarlan hori, noski, hitzarmenetan eta proiektuetan jasota egon behar da, eta hala egiten da.

Beste zein proiektu nabarmenduko zenuke?

Babes erradiologikoari buruzko proiektu oso interesgarri bat garatu genuen, pazientek jasotako dosiak historia erradiologikoan bilduta ager zitezen. Espainiako lehen erkidegoa izan ginen hori jasotzen, eta Europako lehenetakoak. Horri esker, pazienteak jaso dituen erradiazio guztiak jasota geratzen dira historia klinikoan, eta medikuek hori aintzat har dezakete, adibidez, beste proba bat eskatu ala ez erabakitzerakoan. Orain hain naturala iruditzen zaigun hori, hain justu, lehen ez zen egiten. Erradiazioa isurtzen duten ekipoetatik datu hori inportatzea eta beste sistema digital batera eramatea, ordea, ez zen batere erraza izan.

Zelula autologoekin ere lan egin zenuela irakurri dugu. Zertan datza hori?

Bai, hori erradiazioaren erabileraren beste adibide bat da. Enpresa batek eskatu zigun zelula batzuk irradiatzeko, horien gainean pazienteentzako azala sortu ahal izateko. Kontua zen lortzea zelula horiek ugaldu ez zitezen, baina bai balio zezatela pazientearen beraren azala horien gainean hazteko, zelulez osatutako matriz batetik abiatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago