Astearte honetan, Araba Bizirik plataformak prentsaurrekoa eskaini du Gasteizko Justizia Jauregiaren atarian, Ertzaintzak kide bati Mozal Legea ezarri diola salatzeko. Zigortutako kidea bera epaitegietan izan da gaur, "Ertzaintzaren autoak asmo maltzurrez egindako salaketak" gezurtatzeko helburuarekin.
Gure lurraldeko makroproiektuen aurkako plataformak azaldu duenez, mendi ibilaldi batean "Ertzaintzaren zaintzapean dagoen espazio publiko batean" egoteagatik ezarri diote isuna kideari; hala ere, plataformak ez du oraingoz xehetasun gehiagorik eman.
"Egite eta datu faltsuetan oinarrituta dagoen gure taldekide baten aurkako salaketa botere abusua da, sistema patriarkal eta klasista honi aurre egiten dioten pertsona guztien borrokari zilegitasuna kentzeko asmo argiarekin", salatu du Araba Bizirik-ek. Gainera, "gobernantza ereduaren aurkako edozein jokaera kriminalizatzeko ahalegina" dela kritikatu du.
"Gure taldekidea epaitegi honetara hurbildu da, agintariek ingurugiroaren eta lurralde komunalaren defentsan gauzatzen den aktibismoa sozialki isolatzeko eta beldurtzeko asmo argiarekin eraiki duten kontakizuna bertan behera uzteko", adierazi dute epaitegien atarian. "Mendi ibilaldi bat ezin da inorentzat mehatxu izan. Autoritateak horrela ulertzen badu, argi dago sistema honek herritarrak zelatatzea eta mehatxupean edukitzea duela helburu".
"Interes pribatuak"
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du plataformak: "Lurraldearen zaintzaren gainetik, lehentasuna ematen dio enpresa pribatuen interesen defentsari; era berean, baliabide publikoak erabiltzen ditu interes pribatuen zaintza lehenesteko, interes komunalen eta publikoen gainetik".
"Borrokan jarraitu beharra dago guztiona eta publikoa den eremu komunalaren aldeko defentsan, erakunde publikoek eremu horien babesari uko egin baitiote, enpresa pribatuen interesen menpe utzi dituztelarik", aldarrikatu dute. "Araba Bizirik-ek lanean jarraituko du beste gizarte eragile batzuekin espazio komunak sortzeko, espoliazio eta txikizio politiketatik libre izango den lurralde baten defentsaren alde borrokatuz".
Tapia Legearen aurkako manifestazioa
Azkenik, prentsaurrekoaren amaieran, dei egin diote "lurralde honen defentsaren beharra ikusten duen pertsona orori" Gasteizen, maiatzaren 14ean, 19:00etan Bilbo Plazatik abiatuko den manifestazioan parte har dezan, Lurra defendatuko dugu. Tapia Legeari ez lelopean.