Maiatzaren 14rako "Tapia Legearen" aurkako manifestazioa deitu dute Gasteizen

Erredakzioa 2022ko mar. 15a, 13:05
Araba Bizirik plataformaren prentsaurrekoa, Eusko Jaurlaritzan. / Argazkia: ARABA BIZIRIK

Araba Bizirik plataformak "Tapia Legearen" aurkako manifestazioa deitu du maiatzaren 14rako. Ukrainako gerraren testuinguruan "mega-proiektuak lehentasunezkotzat jotzeko presioa nabarmen areagotu" izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Azken egunotan, Ukrainako gerraren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak "ingurumen-balio handiko espazioetan energia berriztagarrien zentralen mega-proiektuak lehentasunezkotzat jotzeko presioa nabarmen areagotu egin duela" ohartarazi du Araba Bizirik plataformak, gaur Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako prentsaurrekoan. "Erabilera interesatua egiten du energia-premia deitu zaionaren inguruan, eta azpiegitura horiek interes publikokotzat jotzeko eskatzen du".

"Tapia Legeak" eragindako egoera horren aurrean, protesta dinamika areagotu nahi du plataformak, eta lege horri "ezezko irmoa" adierazteko  manifestazioa deitu du maiatzaren 14rako; hau da, bi hilabete barrurako. Egun horretan, 19:00etan Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da mobilizazioa.

"Energia, etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta ingurune natural osasungarria guztion eskubidea izan dadila defenda dezagun. Ez dadila izan agintzen duten eliteen aberastasuna handitzeko izan", aldarrikatu dute.

Ukrainako gerra, "aitzakia"

"Iritzi publikoa baldintzatzen saiatzen den eskaera horiekin, modu autoritarioan jarduteko aukera ematea nahi du, mega-proiektu horiek kokatzeko lekurik egokienei buruzko eztabaida saihestuz eta inolako adostasun sozialik gabe", salatu dute."EAJk, PSEren konplizitatearekin, toki-erakundeen independentzia eta subiranotasuna erasotzen zuen Tapia Legea onartu zuen, egungo Ukrainako gerra baino lehen. Bere asmoa, hain zuzen ere, proiektu horien ezarpena erraztea eta edozein alternatiba saihestea zen, eta, orain, gerra eta krisi politikoa modu interesatuan aprobetxatuz, iritzi publikoari jakinarazi dio premiaz eta bat-batean jarduteko beharra".

Araba Bizirik plataformako kideen arabera, Eusko Jaurlaritzak "funts publikoak bereganatzen dituzten proiektuak espazio publikoetan garatzea erraztea" du helburu, "baina konpainia pribatu handien intereserako". Testuinguru horretan, energiaren eraginkortasunari eta horrek egin beharreko bideari buruz emandako diskurtsoa "engainu hutsa" dela uste dute.

"Interes pribatuen aldeko legea"

"Natura suntsitzen duen eta krisi hau eragin duen hazkunde ekonomiko mugagabearen eredu berari eusten badiogu, krisia, noski, larriagotu egingo da", ohartarazi dute. Horregatik, "energiaren deskarbonizaziorako eta autohornikuntza sistemarako igarobidea antolatzeko, natura guneen eta landa eremuen errespetuan, babesean eta kontserbazioan oinarrituta egin dadila" eskatu dute.

Horretarako, beharrezkotzat jo dute "gizarte eragile guztien" parte hartzea, eta azpimarratu dute ezin dela "auzi hau interes pribatuak gailentzen dituztenen esku utzi".

"Baliabideen kudeaketa publikoa egitea eskatzen dugu, klase popularrek ere aukerak izan ditzaten, eta pertsona bakar bat ere ez dadila baztertuta geratu; adibidez, energia komunitateen eredua jarraituz", gaineratu dute. Horrekin lotuta, AHT bikoiztea bezalako proiektuak gelditzea eskatu dute, "justifikatu gabeko dirua xahutzea eta funts publikoak enpresa pribatuei transferitzea baitira, natura guneen kaltetan".

"Natura guneak ondasun komun gisa errespetatzeko eskatzen dugu, interes pribatuei soilik erantzuten dieten mega-proiektuek suntsi ez ditzaten. Familia nekazaritza, landa bizitza eta lurralde bateratasuna bermatzeko ezinbestekoak diren laborantzarako eremuak benetan babesteko politika bat gauzatzea eskatzen dugu", aldarrikatu dute. "Eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jarduera intentsiboari lotutako mega-proiektuak baztertzen ditugu, jasangarriak ez direlako eta ingurune naturala atzera bueltarik gabe aldatzen dutelako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide