Otsailaren 25eko eta 28ko lanuzteen greba dinamikarekin jarraitzea erabaki ostean, Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek "jarraipen zabalarekin" ekin diote apirilean eta maiatzean deitutako beste bi greba egunei: gaur, apirilaren 8an, Lehen Mailako Arreta osoan egin dute; maiatzaren 16an, berriz, ospitaleetan eta osasun mentalean.
Sindikatuen arabera, gaurko jarraipena %50ekoa izan da EAE osoan. Osakidetzak, berriz, guztira %13,49ko jarraipena zenbatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta Arabako osasun zentroetan %9,56koa izan dela ziurtatu du. Nolanahi ere, Osasun Sailak plantilla osoa hartzen du kontuan zenbaketa egiteko, gutxieneko zerbitzuengatik greba egiteko aukera ez duten langileak barne.
"Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko", salatu dute sindikatuek. "Azken asteetan egin duen gauza bakarra EPE eskas baten azterketa datak iragartzea izan da. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin- behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, hamarretik ia sei".
Lehen Arretaren etorkizuna
Alde batetik, "Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen" duela ohartarazi dute sindikatuek: "Sistematikoki gainezka dago, eta, askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira".
Negoziazioa
Bestalde, Mahai Sektoriala "propagandarako" erabili izana leporatu diote Osakidetzari. Horren aurrean, joan den martxoaren 9an, bilera bat egiteko deia egin zioten sindikatuek Osakidetzako zuzendaritzari. "Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostea zen helburua, hartu beharreko premiazko neurriei modu duinean aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera joan", azaldu dute.
"Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu", ohartarazi dute.
"Nekea" eta gatazkak
Sindikatuen arabera, langileen nekea "argi eta garbi" islatzen ari da deitutako mobilizazioen "jarraipen masiboan" eta bestelako gatazka ugarietan: besteak beste, Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Donostia Ospitaleko Mantenua, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko sukaldea, Basurtuko bihotzeko Kirurgia eta Gurutzetako Ospitaleko Mantenua aipatu dituzte.
"Gatazka horiek hilabeteak edota urteak daramatzate, eta, kasu askotan, hainbat greba egun egin dira. Hala ere, Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik", salatu dute.
Transfusio eta Giza Ehunen Zentroa
Azkenik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan jadanik bi greba egun egin dituztela gogora ekarriz, lau greba egun gehiago iragarri dituzte sindikatuek, apirilaren 19tik 22ra.