Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Josu Olanok liburu artean, eta dagoeneko hasi du atzera kontaketa. Oraindik datarik zehaztu ez badu ere, hurrengo hilabeteetan jaitsiko du Albeniz liburu dendako pertsiana. Erretiroa dator, eta beste hamaika saltsarekin jarraitzeko garaia, aitortu duenez. "Erretiroa aurten hartzeko asmoa dut, eta, beraz, agur dendari, erreleborik ez baita egongo". Egunean hamar orduko lanaldiak izaten ditu maiz, eta irabaziak eskas. "Baldintza hauekin gazteek ez dute lan egin nahi, eta ez dut uste ordezkorik izango dudanik".
Garai oparoak gogoratzen ditu Judimendin Olanok, bost liburu denda ere bazeuden urteak, "Dinamika polita eta bitxia zegoen auzoetan, eta inguru hauetan hainbat izan ziren: Santiago kalean Ama, Olagibelen Judizmendi, Urko liburu denda... baina urteekin desagertuz joan dira". Merkatua egun zaila dagoela dio, eta hilabete batean gutxieneko liburu kopuru bat saltzea balentria. Enkarguak egiten dizkioten betiko bezeroak ditu, baina horiek ere gero eta gutxiago. "Ohiturak aldatzen ari dira. Liburu denda batera joatea, kuxkuxeatzea, liburu saltzailearekin nobedadeez hitz egitea... hori aldatu da, eta aurrerantzean are nabarmenagoa izango dela uste dut; internet bidezko erosketak asko hazi dira, eta horrekin lehiatzea oso zaila da ". Eguneko prentsa, denbora-pasa liburuak, jokoren bat, boligrafoak... Liburuak ardatza diren arren, beste adar guztiekin osatu du Albeniz denda urteotan. "Erresistentzia" lana izan dela azpimarratu du, urtez urte negozioari eusten. Azkenekoetan, ordea, beherako joera nabaritu du. "Kultura bonua modukoei esker, tarteka aurre egin ahal izan diogu zertxobait; baina, dudarik gabe, beherakada handia izan da". Saltzaile txikientzat aldapa gora den garaiotan, jubilazioaren bidea hartu du dagoeneko Olanok, eta urtea amaitu aurretik itxiko du Benito Gineako denda.
Hiriburuko Kexaako Gazteluaren kaleko Gurutze liburu dendak ere abuztuan amaituko du ibilbidea. Batik bat aldizkari eta egunkariak saltzen, 50 bat urte egin ditu Ariznabarra auzoko dendak. Familia bereko kide desberdinek eraman dute denda, eta erretiroa hartzeko garaia heldu zaio azkenari, Gurutze Gallastegiri. Eta hori baino lehenago itxiko dute Gasteizko Antso Jakituna kaleko Ayala liburu denda ere, 45 urte eta gero. Apirilaren 30ean itxiko dute betirako. Jabeak erretiroa hartuko duela iragarri du dendan jarritako karteletan, eta egun gutxi barru emango diote amaiera negozioari. Alde batera liburu denda eta beste batera paper denda izan da urte hauetan guztietan, eta, besteak beste, inguruko eskoletako ikasleentzat testu liburu ugari saldu ditu. Honetan ere negozioaren arduradun egiteko erreleboa falta dela jakinarazi dute dendan, eta bestelako bideak hartuko dituzte bertako langileek. Bien bitartean, liburuen apalak husten doaz egunotan, azken agurra ematera gerturatu diren irakurzaleek beteta.
"Pandemia urteak ez dira txarrenak izan liburu dendentzat; ikusiko dugu aurrerantzean"
Gonzalo Villate, Anegon
Erresistentzia lanak ere ondo ezagutzen ditu Esperanza Irazuk, Eltziegon duen Irazu liburu dendan lanean. "Ez da inoiz denda arrakastatsua izan, apurka-apurka bidea egin duen horietakoa baizik, inurrien lana egin duena", azaldu du jabeak. Eta horretan ari da gaur egun ere Arabako Errioxako liburu denda bakarrean. "Gezurra badirudi ere, Guardian ez dago liburu dendarik egun; BegoÒa izan da urteetan erreferentzia, eta orain bakarra naiz inguruan". Bere garaian hasi zenean baino liburu gehiago saltzen direla gogoratu du Irazuk, eta irakurzale gehiago dagoela. Baina liburuekin bakarrik eustea ezinezkoa litzatekeela gogoratu du. Horregatik, liburu eta aldizkariekin batera, jokoak, motxilak eta bestelakoak aurki daitezke Barco kalean. "Denetarik saltzen dugu hemen, bestela ez dago modurik. Testuliburuak ere saldu izan ditut, baina orain zuzenean eskoletara bidaltzen dituzte, eta horrek kalte nabarmena egin digu".
'Online' erosketak
Liburu denden itxiera negozio txiki guztien egoerarekin pareka daitekeela uste du Gonzalo Villate Arabako Liburu Saltzaileen Elkarteko presidente eta Anegon liburu dendako jabeak. "Saltzaileen egoera oso antzekoa dela uste dut, egoera eskasa da txikientzat; erreleboa falta da liburu dendetan, baina ziurrenik negozioa ere falta delako horietan". Azkenaldian ixten ari diren zenbait liburu dendaren berri jaso du, eta, aldiz, gero eta zailagoa da halako negozio bat irekitzea. "Une honetan online salmenta da mehatxu handiena, krisi ekonomiko orokorrarekin batera; liburu elektronikoak izan ziren bere garaian, baina hori gainditu genuen". Internet bidezko salmentak eskaintzen duen abiadurarekin lehiatzeko prest daudela esan du Villatek, liburua eskatu eta berehala dagoelako dendan, aldiz, etxetik klik batera egiten den erosketak ematen duen erosotasunaren kontra egitea zaila dela dio, "dudarik gabe arrisku handiena da orain".
Beste negozioetan gertatu ez bezala, pandemiak liburu denda gehienenetan datu onak utzi dituela gogoratu du saltzaileen eledunak; gehiago irakurri du jendeak eta liburu gehiago saldu dira. "Ziurrenik azken urte hauek ez dira okerrenak izan; ikusiko dugu nola datozen hurrengoak, kopuruak normaltasunera bueltatzen direnean". Liburuaren Egunaren bueltan, egun onak datoz aurretik. Anegon dendako salduenen mahaian irakurle zain ditu Santiago Posteguillo, Camilla Lackberg, Kirmen Uribe eta Oscar Beltran de Otaloraren azkenak.