BEATRIZ GALLEGO

"Belaunaldien arteko katea da tradizioa, eta gu katebegiak gara"

Juanma Gallego 2022ko api. 9a, 06:00

Beatriz Gallego, familiaren bizileku den Oionen. ALEA

Bereziki ondare immateriala lantzen duen antropologoa da Gallego, eta sinetsita dago hori landu ezean gauza asko betirako galduko direla. Tradizio asko bizirik irauteko garai berrietara egokitu behar direla onartuta ere, eraldaketa hori tentuz egin behar dela dio.

Gasteizen Historia ikasi eta gero, haren ibilbide profesionala irakaskuntzari lotuta egongo zela uste zuen Beatriz Gallego Muñozek (Logroño, 1977). Lan egiten zuen bitartean, baina, UNEDen bitartez antropologia ikasi zuen. "Jaten ematen zidan lan bat banuen, baina ametsetako aukera ematen zidan bestelako ikerketak ere egiten nituen". Zenbait bekaren bitartez antropologiari lotutako ikerketak egin ondoren, orain Iruñeko Labrit enpresan lan egiten du, ondare immateriala ikertzen. Hortaz, jatekoa eta ametsak bide beretik datozkio orain.

Ondare immaterialarekin lanean ari zara. Zergatik eman beharko genioke garrantzia halako kontu bati?

Gure erroak direlako, bai maila pertsonalean –gure nortasunaren erroak– zein maila kolektiboan. Gainera, nire ustez hor ere bada giza osagarri potente bat. Arkeologo batentzat oso erakargarria izan daiteke Rosetta harri bat aurkitzea; bada, ondare immaterialaren kasuan, gauzak aurkitzeko emozio horri gehitu behar diozu hori jendearen laguntzaz lortzen duzula, jendeari galdezka eta entzunda… ez da kabinete kontu bat. Landa lan asko dago. Horrez gain, ondare horrek lotura sortzen du, bai gaur egun bizi garenon artean, baina baita gure aurretik izan zirenekin ere. Nik beti irudikatu dut kate baten moduan: belaunaldi honetan gaudenok katebegi bat osatzen dugu, baina lehenago zeudenekin zein etorkizunean egongo direnekin lotura bat egin behar dugu. Bestela bertso askeak izango ginateke.

Askotan adineko jendearengana jotzen duzue. Sentitzen al duzue azken aztarna bat jasotzen ari zaretela?

Bai. Nire kabuz ikerketak egiten nituenean batez ere gero eta argiago neukan sentsazio hori… Ezin duzu esan amaituko denik; gauza batzuk sortzen dira, eta beste batzuk agortzen dira. Baina adineko jendearekin hitz egiten nuenean askotan zera pentsatzen nuen: kontatzen ari zaizkidan gauza horiek jende gehienak ez dakizki. Erabiltzen dituzten zenbait hitz dagoeneko ez dira erabiltzen. Hor badago jakinduria putzu sakon bat, eta, jasotzen ez badugu, desagertuko da. Hainbat kontu seguruenera desagertuta egongo dira dagoeneko, baina behintzat ohartu behar gara hor egon direla. Beste eztabaida bat da ea zer punturaino zerbait egin daitekeen horiek gordetzeko ala ez. Hor faktore asko daude, baina, tira, kontzientzia edo berreskuratze lanak, garrantzia ematearena… hori ez dugu ahaztu behar.

Felix Mugurutzak kontatu zigun jentilak "ikusi" zituen azken andrea ezagutu zuela…

Hori oso adibide ona da. Izan ere, jentilei buruz badakigu zerbait, eta horien gaineko kondairak daude, baina ez dugu benetan haiengan sinesten; hori da aldea. Nik antzeko zerbait sumatu nuen Aperregin (Zuia) 80 urte baino gehiago zituzten bi anai-arreba elkarrizketatu nituenean. Egin nizkien elkarrizketetan hainbat hitz eta lanbide atera ziren, ordura arte inork aipatu ez zizkidanak. Agian hitz horiek bere egunerokoan erabiltzen zituzten, baina ohartu nintzen horrelako informazioa galtzen ari ginela. Eta galtzen jarraitzen badugu, zer geratuko zaigu ba? Normala izango da gaur egun inork jentiletan ez sinestea, baina behintzat jaso behar dugu sinesmen hori egon zela.

Mantendu izan diren ohitura askok lehen zuten erlijio kutsua galdu dute. Berrasmatze horrekin mantenduko direla uste duzu?

Nire ustez, hori da bidea: zenbait ohitura mantentzeko bide bakarra izango da aldatzen joatea. Are gehiago, guk ohitura moduan bizitzen ditugunak ez dira beti berdinak izan. Asmakizun puntu bat dute ere, baina gure bizitzan horrelako aldaketak batzuetan ez ditugu sumatzen. Uste dugu betidanik egin direla zenbait ohitura, baina beti ez da hala: benetan zenbat denboraz egin diren aztertu beharko genuke. Hor badago nolabaiteko kontraesan bat: zerbait ez bada aldatzen, seguruenik hil egingo da. Gaur egun ezinezkoa litzateke lehen egiten ziren zenbait ohitura mantendu… Elizan gero eta bokazio gutxiago daude, are gehiago emakumezkoen artean.

Prozesu horretan, norainokoa da zilegi aldaketak sartzea?

Gauza guztiek dute beren prozesua, eta aldaketak baldin badatoz jendearen hausnarketetatik edo jendearen sentsibilizaziotik, hori modu naturala izan daiteke.

Kanpandorretik ahuntz bat bota beharrean, fardela bota daiteke, lasai asko…

Adibidez, bai. Gauza horiek aldatzen joan dira gizartea ere aldatzen joan delako. Egia da momentu batzuetan eztabaida prozesu bat eman daitekeela, edo gatazka bat sortu. Baina, oro har, halako prozesuan nahiko naturalak dira, eta aldaketak ondorio gisa etortzen dira. Bizitzan eta gizartean aldaketak saihestezinak dira, eta horregatik gaude, hain justu, XXI. mendean. Beste kontu bat da aldaketa bat nahita sartu nahi denean. Horietan, kontuz ibili beharra dago. Zer nolako aldaketak planteatzen diren, nork proposatuta, zer momentutan eta zertarako. Hori guztia ikusi beharko da.

"Adineko jendean badago jakinduria putzu sakon bat; jaso ezean, desagertuko da"

Antropologia askotan gizonezkoen kontua izan da, are gehiago Euskal Herrian, apaizekin eta. Nola dago genero ikuspegia diziplinan?

Nik ez nuke esango antropologian lantzen ari ez denik. Are gehiago, antropologia oso giro egokia izan daiteke horrelako ikuspuntua txertatzeko, eta ziur naiz txertatzen ari direla. Gainera, erreferentziazko pertsonak daude Euskal Herrian bertan.

Tradizioen berri ematen duten informatzaileen ekarpena funtsezkoa da zuenean. Nola lortzen da haiekiko giro egokia sortzea?

Tira, askotan saiakuntza eta errakuntza bitartez. Baina gehienetan oso lagungarria da eskura izatea pertsona bat aukera emango dizuna informatzaileengana iristeko. Adibidez, Zuiako ondare immaterialari buruz idatzi nuen liburu  baterako, lagun pare horiengana bertako apaizaren partez iritsi nintzen. Behin ate hori zabaltzen duzula, egia da bi aldeetatik jarrera ona egon behar dela. Horregatik, elkarrizketa horiek landu behar dira, bai modu teorikoan zein elkarrizketan bertan sortzen den giroari esker. Gainera, gehietan ez duzu modurik bueltatzeko, epe jakin batzuk dituzulako ikerketa egiteko. Asko arriskatzen duzu!

Ikerketa bat osotasunetik lantzen denean, neketsua izango da txosten guztia egitea…

Bai. Aitortuko dizut horrelako ikerketa bat lortzen duzunean, batetik pozik zaudela; baina, bestetik, askotan zure buruari galdetzen diozu ea zergatik sartu zaren halako kontu batean. Beste edozein diziplinatan bezala, gorabeherak daude, noski. Baina oso politak izaten dira halako ikerketak. Askotan neketsuak izan arren, oso prozesu aberasgarriak dira. Pertsonalki, gehien disfrutatzen dudana landa lana da.

Auroren ohitura bitxia ikertu duzu. Zer dira horiek?

Urtean zehar, zenbait data zehatzetan kaletik abesteko herri askotan dagoen ohitura da aurorena. Garai batean eguneko santua goraipatzeko egiten ziren, eta gizonezkoak baino ez ziren ateratzen. Gaur egun, tradizioa mantendu da, baina beste kutsu batekin. Emakumeak ere ateratzen dira abestera. Araban mantentzen direnak ikertu nituen, eta, gero, artikulu batean Arabako Errioxan egiten direnak jorratu nituen. Baina Mendialdean edo Lautadan ere izaten dira horrelakoak. Datak, ordutegia, ibilbideak… horiek moldatu eta egokitu dira askotan. Lehen esandakoaren harira, askotan horrelako aldaketak beharrezkoak dira tradizioei eusteko. Izatez, oso purista den batek gaur egun herrietan egiten diren aurorak ikusiko balitu, seguru aski ez lituzke ontzat emango. Niri berdin zait; garrantzitsuena da oraindik ere horiek gozatzeko aukera izatea.

"Purista batek oraingo aurorak ikusiko balitu, seguru aski ez lituzke ontzat emango"

Irakurri dizut tradizio asko bizirik mantentzen direla gurditik tiraka ari den jendea dagoelako. Herrigile horiek erreleboa izango al dute?

Espero dut baietz. Horregatik oso garrantzitsua fokua horretan jartzea, daukagun horri balioa ematea. Horrek lagunduko digu ohartzen nor den herri batean gurditik tiraka ari dena, jakiteko eta zer gertatuko den pertsona hori ez dagoenean. Baina ez badugu hori jasotzen, eman daiteke, bai, errelebo horren galera. Eta hori pena bat izango litzateke. Bestela, errelebo hori ematen ez bada, guztiok izango ginateke berdin-berdintsuak, aberastasunaren kalterako.

Ondare immateriala izateaz gain, ekonomikoki ere etekina atera dakioke. Guardiara joaten da jendea, adibidez, ohiko paisaiaz gain, paisaia kulturalaz gozatzera…

Hori da. Baina hor kontuz ibili behar dugu. Erroak landu behar dira, baina proiektatzen duzun hori benetakoa izan behar da. Guardiaren kasuan, oso nabaria da herri polita dela, alde askotatik erakargarria, bai eta dituen ohitura politengatik ere. Baina bakarrik geratuko bagina edertasunean, edo kanpoko azalean, arriskua dago fosilizatzeko, estanpa bat bihurtuz. Estanpa hori erosi ahal dizute, baina sendotu beharra dago. Nortasunari uko egin gabe horri etekin ekonomikoa atera ahal badiozu, hobeto. Baina turismoaren eta ekonomiaren mesedetan osagarri batzuk jartzea arriskutsua izan daiteke.

Orain arte ez dizut esan, baina, 30.000 euro ditut poltsikoan zuri emateko, nahi duzun denbora eman dezazun ikerketa proiektu batean. Zertan emango duzu?

Bai zera, kar kar! Horrela, bat-batean, ezingo nizuke zehaztu, baina argi daukat zenbait gairi lotuta egongo zela: emakumezkoak, haien lana, haien rola gizartean, batez ere landa eremuan. Ahal izanez gero, Arabako Errioxan zentratuta.

Historia soziala gutxi jorratu da, eta, are gutxiago, emakumeena…

Hala da. Eta ezin dugu imajinatu zenbat gauza jaso ez diren historian. Burura datozkit lanbideak edo mota askotako beste zenbait esparru. Gizonezkoen kasuan, informazio hori berandu hasi ginen jasotzen, eta gauza asko galdu dira bidean. Bada, emakumeen kasuan, hutsunea are handiagoa da. Ahal den heinean, saiatu behar gara informazio hori guztia berreskuratzen, edo gaur egun geratzen den apurra jasotzen.

Orain arte alor horretan ikerketaren bat egin al duzu?

Bai, niretzat oso aberasgarria izan zen latsarriei buruz egin nuen ikerketa bat, Eusko Ikaskuntzako beka bati esker. Hor ikusten da emakumezkoen papera, ez soilik historian, baizik eta landa eremuan eta lanari lotuta. Lan egiteko espazio bat ziren, baina harremanak sortzeko aukerak ere sortzen ziren horien inguruan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago