Errentaren kanpaina gaur hasiko da Araban

Erredakzioa 2022ko api. 5a, 10:00

Ekainaren 27ra arte Internet bidez egin ahalko da errenta aitorpena. / Argazkia: PIXABAY

Arabako Ogasunak astearte honetan ekingo dio 2021eko ekitaldiari dagokion errenta kanpainari, eta ekainaren 27ra arte luzatuko da. Zergadunen %73,26k jasoko dute Rentafacil proposamena.

Iritsi da errenta kanpaina. Bihartik aurrera, apirilaren 5etik ekainaren 27ra arte, Arabako Ogasunak maila prepandemikoetara itzuliko du arreta presentziala, bere bulegoetan 40.000 aitorpen egiteko. Horrez gain, Rentafacil proposamena 134.082 arabarrengana helduko da (zergadunen %73,26); kopuru horretatik, 17.811 proposamen maizter edo errentatzaileenak dira.

Gaur goizean kanpainaren xehetasunak aurkeztu Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatu Itziar Gonzalok: "Gure helburua zergadunei arreta pertsonalizatua ematea da, bai harreman digitalagoa aukeratzen badute, bai gure bulegoetan aurrez aurreko arreta aukeratzen badute".

Horretarako, herritarrek hainbat modalitate izango dituzte errenta aitorpena aurkezteko, "euren egoerara edo lehentasunera hobekien egokitzen dena" aukera dezaten.

Gainera, aurtengo kanpainaren berrikuntzetako bat borondatezko ordezkaritza izango da. Sistema horren bidez, edozein zergadunek bere konfiantzazko pertsona bat izendatu ahal izango du, behar izanez gero, proposamena bere izenean aldatu edo onartzeko. "Behin eta berriz eskatutako errekurtsoa" izan dela azaldu du Gonzalok.

Aurreikuspenak

Guztira 138,7 milioi euro inguru itzultzea espero du Arabako Ogasunak, eta, gainera, diru-bilketaren aurreikuspena 115,7 milioi eurokoa da ordaindu beharreko aitorpenekin.

Bestalde, 183.000 deklaratzaile inguru izango dira Araban; horietatik, ia %65,69ri aitorpena itzultzera aterako zaie, eta batez beste 1.158 euro jasoko dituzte Ogasunetik. Gainerakoek, aitorpen positiboek, batez beste 2.154 euroko ordaindu beharko dituzte.

Kenkari berriei dagokienez, ingurumenarekin eta garapen iraunkorrarekin lotutako jarduerak sustatuko dira: besteak beste, PFEZean %10eko kenkaria egongo da ohiko etxebizitzan autokontsumorako energia jasangarria sortzeko kooperatibei egindako ekarpenengatik.

Halaber, zerga araudiari pizgarri fiskalak gehituko zaizkie, despopulazio arriskuan dauden eremuetan bizi edota jarduera ekonomikoak garatzen dituzten zergadunei laguntzeko, baldin eta zerga tratamendu hobea badute.

Rentafacil

Aurreko kanpainan bezala, gutun bat bidali da proposamena egin dela jakinarazteko. Zergadunak bere NANa eta jakinarazpenean adierazitako zenbatekoa sartu ondoren, likidazioa onartu eta 48 orduko epean Foru Ogasunak itzuli beharreko zenbatekoa jaso ahal izango du.

Era berean, modalitate honetan, alokatutako etxebizitza batean bizi direnek kenkaria aplikatu ahal izango dute, eta alokatutako etxebizitzen jabeek, berriz, errenta gisa jasotako zenbatekoa sartu beharko dute.

 

Rentared

Errenta aitorpena online egiteko beste aukera bat Rentared izango da: modalitate hau aukeratzen dutenek araba.eus/renta2021 webgunean deskargatu beharko dute laguntza programa. Ondoren, ziurtagiri elektroniko batekin identifikatuz edo BAK gakoa sartuz, datu fiskalak deskargatuko dira, eta aitorpena automatikoki kalkulatuko da.

"Klik bakar batekin aitorpena automatikoki egiten da Foru Ogasunaren esku dauden datuekin, eta informazioa osatu eta bidaltzea besterik ez da geratzen. Leiho irekia da, eta erabateko erabilgarritasuna du", azaldu du foru diputatuak.

Aurrez aurreko arreta

Online modalitateez gain, Ogasunak Gasteizen, Laudion eta Guardian dituen bulegoetara joateko aukera izango dute Arabako zergadun guztiek —jarduera ekonomikoan aritu direnak, ohiko etxebizitza saldu dutenak edo higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenak izan ezik—, apirilaren 25etik aurrera hitzordua eskatuta.

Era berean, ezin izango dute aitorpena egin Ogasun bulegoetan kotizatu gabeko merkataritza sozietateen partaidetzak saldu dituztenek.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago