Euskarazko itzulpen okerra duten 39 seinale ordeztuko dituzte arrantza-barrutietan

Erredakzioa 2022ko api. 4a, 14:00
Akatsdun seinaletako bat, Gamarra herriko sarreran. / Argazkia: @i_ullibarri

EH Bilduk egindako salaketa baten harira, Aldundiak euskarazko itzulpenean akatsa duten 37 seinale identifikatu ditu Durako arrantza-barrutian, eta beste bi Kuartangon.

Martxoaren erdialdean, euskarazko itzulpenean akatsa zuen seinale bat identifikatu zuen EH Bilduk, Zadorra ibaiaren gainetik Gamarra herrira sartzen den N-240 errepideko zubian. "Herriotz gabeko barrutia" zioen seinaleak, eta "heriotzarik gabeko arrantza-barrutia" esan beharko luke.

Batzarkide talde subiranistak akatsa zuzentzeko eskatu zion Aldundiari, Batzar Nagusietan aurkeztutako galdera parlamentario baten bitartez. EH Bilduk Aldundiari galdetu zion seinalearen "itzulpen negargarri honen" arduraduna nor zen eta zuzentzeko asmorik al zuen.

Azken egunetan, Eduardo Aginako Nekazaritza diputatuaren erantzuna iritsi zaie Batzar Nagusiei. Alde batetik, Aldundiak dio ez dakiela zein den itzulpenaren jatorria, kartelak "oso zaharrak" direlako eta ez delako aurkitu horri buruzko informaziorik.

Bestalde, lurraldeko arrantza-barrutietako euskarazko itzulpenetan gutxienez 39 akats topatu dituztela jakinarazi du diputatuak: Durako (Arratzua-Ubarrundia) heriotzarik gabeko arrantza-barrutian, 37 kartel oker eta 21 kartel zuzen; Kuartangoko heriotzarik gabeko amuarrainaren barrutian bi seinaletan topatu dute "herriotz" errata.

Oker dauden kartel guztiak "ahalik eta eperik laburrenean" ordezteko jarraibideak eman ditu Nekazaritza Sailak, eta horietako batzuetan dagoeneko burutu da ordezkapena.

Kostua

Gainera, Aldundiak aldaketa horietako bakoitza gauzatzeko kostuei buruzko xehetasunak eman ditu: heriotzarik gabeko arrantza-barrutiaren itsasgarrien kostuari dagokienez, foru inprimategiak 1,10 euro fakturatzen ditu materialetan eta 4,67 euro eskulanean; karramarro seinalea kontrolatzeko eta erauzteko tartearen itsasgarriei dagokienez, 4,35 euro dira materialetan eta 0,56 euro eskulanean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide