Aitor Gorospe

"Fraideen xendra mitologia hutsa da; ez du parekorik"

Amaia Gartzia 2022ko api. 3a, 10:00

Duela bost urte hasi zen Aitor Gorospe mendiko lanetan. / Aitor Gorospe

Aitor Gorospe mendizaleak urteak daramatza Aguraingo zonaldean kokatzen den Fraideen xendra berreskuratzeko lanetan; bidezidorraren atontze lanekin batera, ukitu pertsonala ere jarri du bertan.

Lauzpabost urtean Aitor Gorospek (Agurain, 1969) bere kabuz egindako lan eta esfortzuari esker, antzina Alangua eta inguruetako herritarrek erabiltzen zuten bidezidorraren atontze lanak amaitu dituela esan liteke, baina oraindik ere horretan dihardu. Izan ere, azken bi urteetan bidea garbi mantentzeko lanekin jarraitzeaz gain, berak egindako euskal mitologiari  eta naturari buruzko taillak kokatu ditu puntu ezberdinetan, magia darion ibilbide horri xarma eta misterio gehiago erantsiz. Galtzagorriek legez, gauez ere aritu izan da lanean, ixilik, ia inori bere proiektu pertsonalaren berri eman gabe.

Zertan aritzen zara mendian zehazki?

Mendia izugarri gustatu izan zait betidanik, natura, animaliak... Beti gustatu izan zait gauzak babestea, asko kezkatu izan nau horrek. Eta horri lotuta idatzi asko bideratu ditut udalera, partzoneriara, aldundira... batez ere kexak. Adibidez, une honetan Lezao koban bi pago erori dira, ez dago sartzerik, eta tamalez ez ditu inork kentzen. Lauzpabost urtez horrelako gauzetan aritu izan naiz.

Zeure kabuz?

Neure kabuz aritu naiz, orain arte egindako idatzien ondotik ere ez dituztelako kentzen. Beraz nik neuk egin dut. Ez dakit zehazki zeini dagokion, baina batek besteari egozten dio ardura. Horietako erakunde bati dagokion lana goiz edo egun batean egin lezakete eurek, eta niri, ordea, ia hilabete bat kostatzen zait. Nik ondo pasatzen dut, paseo bat ematen dut eta erretiratzen ditut. Gauza pilo bat dago egiteke. Iturbatzen, esaterako, igebelar batzuk atera dira, eta jende askorentzat polita den hori errealitatean espezie inbaditzailea da. Partzoneriak duen kontrola behar bestekoa ez dela pentsatzera narama honek. Hau dena nire kabuz egiten dut, ez dut inor atzean. Gaizki egindako zerbait ikusten badut, salatu egiten dut. Sare sozialetan ez dut salatzeko ohiturarik, ez zait gustatzen, horrelakoetan dena magnifikatzen delako. Arazoak era eraikitzaile batean konpontzea atsegin dut.

Eta seinaleei dagokionean?

Horiek ere nik egiten ditut. Eraikitzetik berauek ezartzeraino. Oro har, animalien hezurrekin, zurarekin eta pintura ekologikoarekin egiten dut, natura ahalik eta gehien errespetatuz.

Hortaz zureak mantentze eta konponketa lanak dira.

Bai, baina ezeri ekin aurretik jakinaren gainean jartzen dut dagokion erakundea. Tamalez, ia %99an jasotzen dudan erantzuna "Ah, bai, ados" da, eta arazoek bere horretan jarraitzen dute. Beraz, zentzuzko tarte batez itxaron ostean, neronek egiten dut egin beharrekoa.

Lan hauek berariazkoak dira, edo pixkanaka etorri ziren, zure ibilaldien ondorioz?

Bai, konturatu naiz gauza asko gaizki eginda daudela, betiere nire ikuspuntutik, noski, eta aldatzen oso zailak direnak, hortaz, pixkanaka aldatzen saiatzen naiz.

Nola hasi zinen zurgintza lanetan?

Txikitatik gustatu izan zait marraztea eta idaztea, arteak beti erakarri izan nau eta nire gauzatxoak egin izan ditut. Orain denbora gehiago dudanez ordu gehiago eskaintzen diot. Duela pare bat urte ohartu nintzen mendian animaliaren bat hiltzen denean geratzen ziren hezurrek forma ezberdinak iradokitzen zizkidatela, nik behintzat ikusten ditut. Zerbikal batean, adibidez, aurpegi bat ikusten da argi eta garbi, nahiz eta horretarako imajinazioa behar den (barre egiten du). Nik ikusten ditut, eta horrekin aski dut. Hola hasi nintzen hezurrak lantzen. Batzuetan ordubetez egon naiteke hezurrari begira eta ezer ikusi gabe, eta beste batzuetan bost minutuz begiratuz nahikoa dut. Beste batzuetan, aldiz, margotzen ari naizela irudi bat hautematen dut hezurrean eta horretan jartzen naiz, balitekeelako hurrengo egunean ezer ez ikustea.

Euskal mitologia dute oinarri Aitor Gorosperen lanek. / A. Gorospe

Nolabaiteko formaziorik jaso duzu horretan aritzeko?

Ez, ez (barre egiten du). Ni fresatzailea naiz, bertako tailer batean egiten dut lan. Orokorrean beti egin, gorde eta puskatu izan ditut nik sortutakoak. Gauza bera gertatuko da mendian ipintzen ditudan taillekin. Askok gordetzeko esaten didate, baina ez dut nahi. Mendian hartu ditut eta mendian utzi nahi ditut. Badakit apurtuko direla, hondatuko direla, edota mendian bertan hautsiko dituztela batzuek. Izan ere, batzuetan ez da soilik etxera eraman izan dituztela, baizik eta apurtu eta hor bertan botata utzi dituztela. Hori badakit gerta daitekeela. Horregatik, zortea badut eta berriz topatzen baditut, konpondu egiten ditut.

Eta zenbat daramazu lan hauekin?

Ez asko, pandemia garaian hasi nintzen. Gustatzen zitzaidalako hasi nintzen taillekin eta jendeari oparitzeko asmoz...izatez, etxean ez dut bakar bat ere.

Inor izan duzu erreferentetzat?

Ez, baina bitxia da Elortzan (Arabako Mendialdea) badagoelako horretan ere aritzen den gizon bat. Egun batean hortik nenbilela, nire taillen antza zuten batzuekin egin nuen topo eta "Hara zer kasualitatea" esan nuen neure kolkorako. Baina gizon horrek makina bat ditu, izugarria da. Ez dut sekula berarekin hitz egin, baina esan didatenaren arabera, udan igotzen ditu mendira eta neguan jaitsi. Gero gehiago egiten ditu eta toki ezberdinetan jarri. Nireen antzekoak dira, inoz kointziditu ez dugun arren.

Helburu jakin batekin uzten dituzu taillak mendian?

Helburu nagusia jendeak ikustea da. Begiratu eta errespetatzea, gustukoak dituzten ala ez gorabehera. Haiekin gozatzea bilatzen dut, jendea hurbiltzea, eta gero, bide batez, Agurainen pote bat hartzera animatzea. Ibilbidea Mendikaten eta Wikilock aplikazioetan ere ikusgai dago.

"Umeekin mendira nindoanean beti zegoen kontatu beharreko istorioren bat"

Ez duzu inoiz pentsatu ibilbide bat egitea?

Arabako Mendi Federazioak eskaini zidan aukera. Hamar kilometro baino gutxiagoko ibilbidea denez, tokiko ibilbidea izango litzateke Fraideen xendra. Baina lan asko zen pertsona bakarrarentzat. Urteroko kuota bat ordaintzean zetzan, uste dut bostehun euro inguru zirela. Haiek ikuskatzaile bat bidaltzen dute Espainiako Mendi Federaziotik ibilbidearen ikuskaritza egiteko, baina ondoren garbitze eta mantentze lanetaz arduratu behar duzu, eta ni ezin naiz horretara konprometitu, orain hemen nagoelako, baina bihar auskalo. Egia esan, badirudi orain garbiago mantentzen dela, jende gehiagok zapaltzen duelako. Udalarekin edo Kuadrillarekin hitz egiteko esan zidaten, baina eroritako zuhaitz bat kentzeko gai ez badira, nola mantenduko dute zortzi kilometroko bide bat? Horregatik ez dut proposatu. Pare bat aldiz errepikatu zidaten, baina nahiago dut nire kasa egitea, inolako inposiziorik gabe, eta horretan dihardut.

Eta ez duzu inorekin hitz egin ibilbideaz?

Ez. Jendea konturatzen doa ni naizela. Ez dakit zergatik, zenbaiti baino ez diot esan eta. Imajinatzen dut ikusten nautenean "Zertan dabil hau?" pentsatuko dutela. Motxilarekin, behi baten garezurrarekin edota femur batekin ikusten nautenean (barre egiten du). Baten batek garbiketa lanak egiten ikusi izan nauenean galdetu izan dit, eta noski, azaldu egiten diot. Baina ez zait gustatzen…

Ederra egin dizut gero elkarrizketarekin, hortaz.

Bai, atzean dagoena ni naizenean ez zaidalako protagonista izatea gustatzen. Nahiago dut jendea igo dadin, ikusi eta gustoko badu, esan dezala "Baina nork demontre egin du hau?". Edo aitzitik, "Nor izan da hau hemen jarri duen ergela?".

Nolabait babesten dituzu taillak edo toki estrategikoren batean kokatzen dituzu?

Gomendatu zidaten berniz bat ematen diet soilik, baina betirako ez zela ohartarazi zidaten. Orain, egin nituen belatz batzuk jaitsi ditut eta konpontzen ari naiz, ondoren berriz igoko ditut. Apur bat babestuak egon daitezen saiatzen naiz, baina bidean, bistan. Lezaoko koban lamia bat jarri nuen, baina pixkat ezkutaturik, segituan ikusi ez dadin, zoriaren esku utziz bezala. Izan da igo denik eta topatu ez duenik. Bada, izorrai (barre egiten du).

Bueltatzeko pizgarri bat da, ezta?

Bai. Ez dago horren ezkutaturik. Egia da gainontzeko taillak bidean daudela eta ikusiko dituzula; ez bazoaz sobera despistaturik, noski.

Zenbatuta dituzu?

Ibilbidean hogei bat egon daitezke. Baina gero asko eta asko oparitu egin ditut; hontzak, urubiak...

Ez dizu beldurrik ematen alde batera uzteak?

Ez, ez. Horretarako egiten ditut.

 

Gorosperen iratxoak ere aurki daitezke bidean. / A. Gorospe

Eta egiteko euskal mitologian oinarritzen zara.

Bai, ume nintzenetik gustatu izan zait. Aita Barandiaranen zenbait liburu ditut eta hura dut erreferentetzat. Bertan jasotzen dudana islatzen saiatzen naiz. Asko gustatzen zait, umeekin mendira nindoanean beti zegoen kontatu beharra zegoen istorioren bat.

Zergatik ezarri dituzu Fraideen xendran bakarrik?

Toki hori niretzat mitologia hutsa delako. Lezaoko koba, Alangua, Egileor...eta Aguraingo zonaldean, kontestu mitologiko batean, ez daukagu pareko ezer. Hemendik kanpo bai, Ataunen, Gipuzkoan, Nafarroan... bertan dagoen mitologia ikaragarria da, baina hemen oso gutxi dago, eta dagoena bertan dugu. Ergoienako herritarrek kontatzen dituzten istorioak benetan politak dira.

Nola aurkitu zenuen Fraideen bidea?

Asko ibili izan naiz mendian, eta egun batean Peña Hueca deritzoten harkaitzarekin egin nuen topo. Bata bestearen gainean bermatzen diren bi arroka handi dira, eta erdian bidea dago. Hortik aurrera definitutako ibilbide bat iradokitzen zen, baina moztu egiten zen, sastraka asko baitzegoen. Herriko aditu batekin hitz egin nuen eta antzinako mapa bat lortu zidan. Bertan ikusi nuen Fraideen xendra esaten ziotela ibilbideari. Galdetuta, Alanguako herritarrek asko erabiltzen zuten bidexka bat zela ohartu nintzen, Haranako bailarara sarbidea izateko. Hori berreskuratu beharra zegoela esan nion nire buruari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago